Intxausti Azurza, Inazio
Igeldon (Donostia) 1920/03/29an jaioa. Kalezarreko Santusenean bizitakoa. Ezkongabea, afiliaziorik gabea. 1936/08/25etik aurrera Usurbilgo milizietan, Andatza zutabean, 3. eskuadran izena eman zuen (M. Uranga buru).
Faxistek herria hartu zutenean, frontera joan zen eta 1936ko urrian MAOC-1 Larrañaga Batailoiko kide zen. Urte bereko abenduko bigarren hamabostalditik aurrera, berriz, MAOC-2 batailoian, ametrailadore konpainian, aritu zen. 28.029 Euzko Gudarosteko txapa zenbakia zuen. Garai hartan Alderdi Komunistari lotua. Euzkadi Roja aldizkariak erakusten duenez, komunistarako diru kopuru bat ematen du sustengu gisa.
Gernikako bonbardaketetan (1937/04/26), Bilbon eta Otxandion egon zen borrokan. Gorriak eta bi ikusi zituen frontean ibili zenean, bera zegoen bataloian soilik 17 lagun geratu baiziren bizirik. Bizkaia eta Asturias erori zirenean, Errepublika defenditzen segitu zuen eta Ebroko gudan eta Figueresen ere ibili zen.
Katalunia faxisten esku erortzear zegoela, Estatu frantsera erbesteratu zen eta, besteak beste, Argeleseko eta Gurseko internamendu zelaietan preso egon zen, 1939/06/04ra arte. Lyon inguruan errefuxiatu zen eta naziek Estatu frantsesa okupatu zutenean, dokumenturik gabe, hamaika gorabehera bizi izan zituen, besteak beste, espetxean egonaldia edota lan behartuak naziek Lorienteko (Bretaina) itsasontzi-portuan zuen submarinoen basean. Handik alde egin eta klandestinitatean bizi izan zen. II Mundu Gerra amaitutakoan, lortu zuen bere egoera normaltzea errefuxiatu gisa, Diemoz herrian (Isere departamendua).
Geroztik, ezkondu, seme-alaba bana izan eta Lyon inguruan egin zuen bizitza. 1957 itzuli ahal izan zuen Usurbilera bisitan. 1993an hil zen Vaulx-en-Belin herrian.
(Bere seme François Intxaustiren testigantza lantze-fasean)
iturria:
Centro Documental de la Memoria Historica PS BILBAO 35 F50
Centro Documental de la Memoria Historica PS BILBAO 93 E1 F202
Euzkadi Roja nº 95 4. orr. 12/1/1937
Argazkiak eta zenbait dokumentu, familiak emandakoak
Argazkia: Archives de Lorient, 10 Fi 3716
Estatu frantseseko errefuxiatuen zerrenda
