Umeak gerran

‘Gerrako umeak’. Deitura honekin ezagunak dira gerratik ihes eta haien biziak babesteko beste herrialdetara eraman zituzten milaka ume.

Gehienak Bizkaitik atera ziren Frantziara, Belgikara, Suitzara, Erresuma Batura eta Sobietar Batasunera, batez ere 1937ko udaberritik aurrera. Bakan batzuk aste gutxiren buruan bueltatu ziren. Beste batzuk, ordea, gerra amaitutakoan itzuli ziren eta beste asko makina bat urteren ondoren. Baziren sekula beren herrietara bueltatu ez zirenak ere.

‘Gerrako umeak’ deituriko horiez gain, badira ere euren gurasoekin ihesi joandako haurrak. Horiek, noski, gogoan ere hartu nahi izan ditugu.

Honenbestez, gerrako umeen artean bi usurbildarren arrastoa aurkitu dugu. Baita Usurbilen bizitako donostiar baten informazioa berreskuratu ere.

Bruño Urdanpilleta, Andres

Donostian jaioa 1926ko martxoaren 18an.  Alde Zaharrean bizi zen ama eta arrebarekin (gurasoak banatuta zeuden).

Familia errepublikazale eta ezkertiarra izaki, faxistek Donostia hartzera zihoazela ikusirik, alde egin zuten Bizkaiaruntz, arreba Aginagan geratu zen bitartean. Bizkaian, aterpea eman zioten Gernika-Lumoko baserri batetik bonbardaketa zuzenean bizi izan zuen.

Hamar urterekin, lau urte luzeko ihesaldia hasi zen Andresentzat. Estatu frantsera joan eta, besteak beste, Baionan, Parisen eta gero Donibane Lohizunen bizi izan zen. Alemandarrek Frantzia okupatu ostean, etxera itzultzea erabaki zuten. Orduan jakin zuen, bere aita (Jose Bruño) faxisten kontra borrokan hil zutela Donostian, 1936/09/04ean.

Amak bere arreba jaso eta Errenderiara joan zen bizitzera, baina Andres Aginagan geratu zen morroi eta geroztik, bizi osoa hor eman zuen 2019ko urriaren 5ean zendu zen arte. Usurbilgo alkate izatera iritsiko zen.

(Blanka eta Maribel bere alaben testigantza)

Gonzalez Zubeldia, Maria Josefa

*Aginagan jaio zen 1924/09/12an. Guraso zituen Agustin Gonzalez Martin (Venialbo-Zamora) eta ama Cruza [Maria] Zubeldia Bengoetxea aginagarra. Gerra hasi zenean, Sestaon bizi ziren eta aita hango CNT sindikatuko militantea zen.

Kolpistek Bilbo hartu zutenean, ‘Habana’ itsasontzian bidali zuten SESB-era 1937/06/13an, eta Gerrako Umea bilakatu zen. Berarekin batera beste bi ahizpa, Julia eta Francisca, biak Sestaon jaiotakoak, eta bera baino gazteagoak. Ama eta anaia gazteena -Sandalio- ere erbesteratu egin ziren. Haiek ‘Jacobus’ itsasontzian iritsi ziren Saint Nazaire-ra (Frantzia) 1937/8/1ean.

Sobiet Errepublika Sozialisten Batasunera SESB-era iritsita, Maria Josefa Pravda (Odessa, Ukraina) herritik Saratov-era (SESB) lekualdatu zuten. Ondoren, Moskun langile aritu zen, baita Simferopolen ere. 1963an, Luis Serrano Organerorekin ezkondu zen eta Alderdi Komunistako kide egin zen.  1972an Estatu espainiarrera itzuli ziren. Santa Polan (Alacant) hil zen 1993/10/20an. 

Ama Euskal Herrira itzuli zen eta Sestaon zendu zen 1958/03/15ean. Bi ahizpak ere SESBetik Estatu espainiarrera itzuli ziren. Julia Portugaleten bizi izan zen, 1999-4-24an hil zen arte.

Osaba bat, Jose Zubeldia Bengoetxea, Euzko Gudarosteko soldadua izan zen, preso hartu zuten faxistek eta trukatu zuten gero.

Maria Jesus Rankin Ruiz

Auxilio Social delakoa Francoren erregimenaren sorospen eta asistentzia erakundea zen. Berez, gerra garaian sortua, barne-antolakuntzan zenbait aldaketak egin ostean, 1940an gobernu faxistak Falange Española y de las Jons-eko [onartutako alderdi politiko bakarra] gidaritzapean jarri zuen. Bere egitekoa gerraren ondorioz umezurtz geratutako haurrak edo egoera prekarioan zeuden familiak laguntzea zen, eta, jakina, tartean errepublikazaleen seme-alabak ‘Espainia berrira’ moldatzea beren gurasoen ideietatik aldenduz. Frankismoaren propaganda-aparatuak erruz erabili zuen erakunde hau gizartea erregimenaren onurez konbentzitzeko.

Hamarkadetan jardun zuten barnetegi ugari zabaldu zituzten Estatuan eta Euskal Herrian ere bai, haietako zenbait, errepublikazaleei konfiskatutako eraikinetan. Halako bat izan zen Txokoaldeko Torrea etxetzarra, erbestera jo behar izan zuen Zatarain familiari kendutakoa.

Han egon zen Maria Jesus Rankin Ruiz, 1949tik 1953ra. Tolosan 1946/02/26an jaioa, baina  Usurbilen bizi da azken urteotan. Bere familiaren egoera ekonomiko kaskarra medio, soil-soilik neskentzako zen Txokoaldeko zentroan sartu zuten. Aurrez bere bi lehengusina eta ahizpa zaharragoa ere bertan bizi ziren.

Bere testigantzaren arabera, «etxean zer jatekoa ez zegoelako» sartu zuten barnetegian. Aitak familia abandonatu ostean, amak izugarrizko zailtasunak zituen hiru senideko familia aurrera ateratzeko.

Oso txikia zenez, Maria Jesusek ez du kontakizun oso bat osatzeko adina oroitzapen baina gordeta ditu bere memorian zein gogorra zen bertako bizimodua, zer disziplina estua pairatzen zuten, erlijioak zuen pisua eta, batez ere, emakume begiraleen zorroztasuna eta zakarkeria. «Niretzako munstroak ziren» dio.

Ikusi hemen bere testigantza: Maria Jesus Rankin Ruiz

Murgia Villaran, Angela

Usurbilen jaioa 1928/10/08an. Gerra garaian Kortezubin zegoen familia. 1937ko martxoaren 21ean, zortzi urte zituela, Bermeoko portutik atera zituzten bera eta bere anaia bat (Agustin), Frantziaruntz (Oleron). Garaiko Euskal Gobernuak eta Errepublikak Parisen zuen Enbaxadak antolatutako lehen espediziotakoa izan zen. Beste bi anaia -Esteban eta Sabino, donostiarrak jaiotzez- Santanderren errefuxiatu ziren.

Bere lehengusu Dorita Murgiak, 2021/12/06an adierazitakoaren arabera, “Angelak gerra garaian Frantziara eraman zutela komentatzen zuen. Familia batekin egon omen zen. Esaten zuen, baita ere, etxera itzuli nahi zuela han gerra zegoelako”. Bigarren mundu gerrari egiten zion aipu.

Bere zenbait senide, Sabino eta Guillermo Murgia Villaran osabak, esaterako, Errepublikaren aldeko defentsan aritu ziren.

Euskal Herriratu ondoren, Angela Donostian bizi izan zen. Aita galdu ostean eta amak zituen osasun arazoengatik, zenbait zentrotan pasa zuen bere bizia, batik bak, zuen adimen-urritasunaren ondorioz.

Azken zentroa Arrasateko Iturbide egoitza izan zen. Bertan zendu zen 2020/5/10ean, 91 urterekin, Covid-19 birusak harrapatuta.