Izan zinetelako gara

USURBILGO OROIMENA PLAZARATZEN


Merezi dutelako, bizitza kendu zietelako batzuei, beste askori erabat suntsitu edota baldintzatu. Memoria kolektiboak zein garen eta zer garen erakusten digulako, herri gisa, gizarte gisa, norbanako gisa.

1936ko Gerrak Usurbilen eta usurbildarrengan izan zuen eragina azaltzen eta aztertzen du webgune honek. Usurbil 1936 oroimen historikoaren aldeko elkarteak kudeatzen du, eta informazio ugari topatuko duzu: ekitaldiak, testigantzak, herritarrei gertatutakoak, gudalekuak, bideoak, argazkiak, berriak…

Usurbilen gudak ekarritako –eta eramandako- oro jakin nahi dugu; eta ahal den guztia plazaratuko dugu. Hala ere, zoritxarrez, informazioa jasotzeko prozesua baldintzatuta dugu hainbat faktore direla medio: kontatutako gertaerak izan zirenetik pasatako denbora, faxistek gertatutakoa estaltzeko eginiko saiakera, garai hartako protagonista gehienak hilda egotea, biziraundako batzuen gaur egungo tristura eta beldurra…

Horregatik guztiagatik, webgunea irakurtzerakoan zuhur jokatzea eskatzen dugu. Litekeena da kontakizunean zenbait gertaera faltan izatea eta datu batzuk erabat zuzenak ez izatea, batik bat hildakoei dagokienez.

Izan ere, ez dugu garaiko iturri zuzenik topatu, alegia, hura zuzenean ezagutu zuen pertsonarik, eta soilik ondorengo belaunaldiei iritsitakoari heldu ahal izan diogu. Baita aurretiaz liburuetan eta dokumentuetan idatzita zegoenari ere.

Hori dela kausa, barkamena eskatu nahi dizuegu aldez aurretik, egon daitekeen edozein hutsunerengatik edo akatsengatik. Ziurgabetasunik edo akatsik topatuz gero, jakinaraz iezaguzue, arren. Gertakarion inguruko oroimena ez baita osoa, borobila eta behin betikoa. Horregatik, espero dugu etorkizunean beste ikerketa batzuek hemen egindakoa orraztea eta osatzea.

Nolanahi ere, datu batzuen inguruan egon daitezkeen akatsak akats, gure uste apalean webgune honetan emandako irudi orokorra usurbildarrek 1936ko Gerran pairatutako errealitate gordinaren argazki hurbila da. Egin ahal izan dugun hurbilena.

Webgunea urrats bat besterik ez da Usurbilgo herriaren demokrazia eta justiziaren osotze-bidean; beste pauso bat herria egiten jarraitzeko. Izan ere, memoria bizi garenontzat da batik bat, oraingoentzat eta datozenentzat. Soilik hala eraiki dezakegulako Usurbil. Iraganetik orainera, etorkizunera begira. Izan zirelako baikara gaur.

Pertsona bat bilatu

Gudariak, milizianoak, bando kolpistako pertsonak, fusilatuak, gerran hildakoak eta zaurituak, erbesteratuak, emakumeak eta umeak.