Udarregi Ikastola (Yaguezi omenaldia)

Fusilatutako maisua, ikasleen aurrean omendurik

Koxme Yaguez Zubietako irakaslea zen 1936ko Gerra hasi baino lehen. Gizon oso aktiboa eta inplikatua genuen. Horregatik, tropa faxistak Usurbilen sartu bezain laster, atxilotu zuten. Ondoren, epaiketarik gabe fusilatu zuten Orioko mendatean urriaren 10ean, hain justu. 32 urte zituen eta EAJ alderdiko kidea zen.

Hori dela bide, 2022ko ekainaren 9an Usurbilgo Udarregi Ikastolan omenaldia egin genuen, ikastolarekin batera ekitaldia antolatuta. Hala, zentroko ikasleek aurreskua dantzatu zioten Yaguezi, hitz batzuk esan, abesti bat egin eta trikitixa jo. Usurbilgo alkateak eta elkarteko ordezkari batek ere hitz egin zuten bertan. Udal ordezkari politiko guztiak bertan egon ziren.

Ekimen zeharo hunkigarria izan zen honakoa, eta ikastolaren eraikinaren sarrera nagusian Yaguezen omenezko plaka ere jarri genuen. Diseinua ikasleek beraiek egin zuten. Eta horri guztiari so, parez pare eta ixil-ixilik, ikastolako haur eta gazte guztiak. Oroimenak kalean egon behar baitu, presente, iragana baino, oraina delako. Eta umeak, geroa.