Kolpisten aldean

Kolpisten alde borrokan zeuden pertsonak honela kontatu ditugu: estatu kolpe saiakera eman zuten militarren alde armak hartu zituztenak, hain justu. Jakin badakigu, ordea, batzuk bolondres moduan alistatu zirela, baina badira kasuak ere kolpistekin borrokara bortxaz joan zirenak, beren borondatearen kontra, soldadutzarako kintan sartu zituztelako, edota kartzela/fusilamendua ekiditeko bide bakar gisa.

Hortaz, demokraziaren aurka estatu kolpea ematen saiatutako kide ezagunak jasoko ditugu atal honetan. Usurbilgo hainbat pertsona izango dira, ondorengo diktaduraren alde egin zutenak, hain zuzen, eta berau baliatu zutenak euren boterea eta estatusa hobetzeko.

Halaber, matxinatutakoen bandoan bizia galdu zutenak edo zaurituak, izan bolondres joandakoak edota, nahitaez, kolpisten aldera soldadu eramandakoak. Horietako batzuk, gainera, errepublikazaleen aldean preso hartu eta gerora faxisten bandoaren alde borrokatzera behartutakoak.

Aizpurua Estala, Venancio

Usurbilen jaioa 1914/09/13an. 23 urte zituela, kolpistekin (Erreketeen gipuzkoar tertzioan)  1937/06/13an Lemoatxen (Peña Lemona-Bizkaia) borrokan hildakoa.

Añorga Mendizabal, Blas

*Usurbilen jaiotakoa 1918/02/03an, Txokoaldeko ‘Saltxipi’ baserrikoa. 1937/04/17an erreketeen Oriamendiko Tertzioan izena eman zuen, Jose Inazio Arruek aurkeztu zuela. Frankisten ‘Movimiento Nacional’ delakoaren kidea izan zen diktaduran. 

Arana Ormazabal, Justo

Zaldibian jaioa eta  Zubietan bizitakoa. Soldadu gisa mobilizatua izan zen kolpisten aldean Zaragozako Artilleria Sailean. 1937/12/8an hil zen Teruelgo borroketan 22 urterekin.

Aranburu Mitxelena, Francisco

*Oiartzunen jaio zen 1896/01/15ean. Zubietako apaiza zen gerra aurretik. Baita gerora urte luzetan ere.

Gorabeherak izan zituen ezkertiarrekin, bere atzetik ibili baitziren. Goi mailako gradu militarra zuen eta influentzia handia ere, ondo moldatzen baitzen frankistekin. Horren lekuko da, esaterako, berak nahi zituen mutil ugariri laguntzen ziela soldadutzatik libratzen edo etxetik gertu egiten.

Arrospide Usabiaga, Regino

Orian jaio zen 1912/09/05ean , baina bi urterekin bere aitonaren (amaren aldetik) baserrira joan zen bizitzera, Urdaiaga-San Esteban auzoko Urtinea baserrira, hain zuzen.

Ideia abertzaletakoa, 1936/08/25ean,  milizietan eman zuen izena, zehazki Usurbilgo Gerra komisaldegiko 3. Eskuadran (M. Uranga buru). Laster atxilotua izan zen beste usurbildar batzuekin, tartean Zabaleako Eustakio Aizpuruarekin eta gero erailko zuten bere anaia Patxirekin. Lasarteko kuartelean zeukatela, itzal handiko norbaiten eraginez aske utzi zuten. Berarekin batera Eustakio ere bai.

Baina gero frankistek erreklutatu eta beraiekin eraman zuten soldadu eta, besteak beste, Terueleko frontean izan zen, praktikante lanetan. Handik onik itzuli zen.

 

(Bere biloba Ainara Lizeaga Arrospideren testigantza)

Astiazaran Etxabe, Antonio

Zubietako Irigoienen jaioa. Baserritarra. 1937/12/30ean hil zen Teruelgo frontean, 22 urterekin Kolpisten aldean. Caudé herrian lurperatu zuten. 

Azpiroz Alda, Julian

*Berastegin (Gipuzkoa) jaiotakoa 1895/09/05ean. Apaiza zen. Gerra hasi zenerako erretore zegoen Usurbilgo parrokian. Errepublikazaleekin gorabeherak izan zituen 1936ko kolpe saiakeraren ostean, eta haien beldur, ezkutatu eta alde egin zuen herritik. Aiako ‘Izuela’ baserriko borda batean egon zen ezkutatua aste batzuk.

Kolpistek Usurbil hartu zutenean, itzuli zen herrira, eta haien alde aktiboki jardun zuen geroztik. Frankismoko urte luzeetan erretore izaten segitu zuen eta influentzia handia izan zuen Usurbilen.

Bengoetxea Urruzmendi, Esteban

Usurbilen jaioa 1917/09/14an. Egiluze Handi baserriko semea. Gerra hasi zenean soldadutza egiten zegoen. Guztira zazpi urte egin zituen bertan. Kolpisten aldean zauritua izan zen eta hil arte bala bat eraman zuen saihetsean. Troiako Martin Zarauz Etxabe Villarrealen (Castelló) nola hil zen ikusi zuen. 1972/02/14an hil zen infarto baten ondorioz, 54 urterekin.

Errasti Esnaola, Jose Francisco

*Aginagan jaio zen 1917/01/14an. Ebroko batailan aritu zen borrokan kolpisten aldean, Teruelen hain zuzen ere, tanke-gidari gisa. Bere bi anaiak ere, Eleuterio eta Jose Ramon, gerran ibili ziren. Lehena, Errepublikaren alde eta, bigarrena, kolpisten aldean. Azken hori Toledon hil zen.

Errasti Esnaola, Jose Ramon

Aginagarra. 1912/06/19an jaioa. Ezkongabea. Artilleria soldadu zegoela kolpisten aldean, Toledoko Bargas herrian hil zen, 1939/04/02an, gerra amaitu eta hurrengo egunean. Heriotz-agiriak dionez, Barrueloko bolborategiaren leherketaren ondorioz hil zen. Bargasen bertan lurperatu zuten.  

Bere bi anaiak ere, Francisco eta Eleuterio, gerran ibili ziren. Lehena soldadu Teruelen eta bestea Errepublikaren alde.

Goikoetxea Arrieta, Pedro

*Usurbilen jaiotakoa, bando kolpistan soldadu -Arapiles Batailoian, 7 zka. 3. konpainia- zegoela, Iglesuela del Ciden (Castellón de la Plana) borrokan hil zuten 1938/06/11an. 25 urte zituen, hain zuzen. 

Gomendio Eizagirre, Jose Lorenzo Bittor

*Usurbilen jaio zen 1916/07/25ean. ‘Egioletatxiki’ baserrian bizi zen. Kolpistek soldadu eraman ostean, 20 urte zituela, Cacereseko erietxean hil zen 1937/06/09an, hain zuzen, eta hirian bertan lurperatu.

2000. urtean, Cacereseko Udalaren aginduz, zenbait gorpu hilobitik atera eta hobi komunera pasa zituzten, tartean, 16. Kuartela, 2. Fila, 8. Fosan zegoen Jose Lorenzo Gomendiorena.

Bere anaia Eugenio Errepublika defendatzen aritu zen Iparraldeko Gudarostean eta kolpistek preso hartu zuten 1937an.

Igarola Ernabide, Eusebio “Xelebre”

Zarautzen jaioa 1910/12/13an, Usurbilgo Zendoienean bizi zen. Ezkongabea, Solidarioa (SOV-STV) eta Usurbilgo milizietan izena emana 1936/09/01etik aurrera (F. Aizpurua buru).

Gerora, Erreketeen Oriamendi Tertzioan izena eman zuen, kolpisten aldean. 1937/08/08an Loiuko ospital Militarrean egon zen gaixo/zauritu gisa.

Illarramendi Zubeldia, Antonio

Usurbilen jaioa 1919/01/17an. Txokoaldeko Simonea baserriko semea. Nazionalista. Kolpistek soldadu eraman zuten eta Terueleko frontean zegoela, birikan bala bat jaso eta larriki zauritua suertatu zen. Erietxean denbora luze egin zuen eta osatutakoan etxeratzen utzi zioten.

Bere bi anaia, Patxi eta Lukas, borrokan ibili ziren Errepublikaren alde.

Familiak zuen taberna (Simonea) itxi egin zioten eta 1940an irekiera eskatu zuenean, Gipuzkoako Gobernadore zibiliak ukatu egin zion.

(Bere iloba Itziar Illarramendiren testigantza lantze-fasean)

Izagirre Loiarte, Jose Maria

Hernanin jaioa, Usurbilen bizi izan zen. 1937/08/31an, 21 urte zituela, kolpisten aldean borrokan hildakoa Trujilloko (Caceres) Ospitale Militarrean (Caceres).

Izagirre Malkorra, Jose Ramon

Usurbilen jaioa 1918/03/02an, Kalezarren bizitakoa. Kolpistekin soldadu zegoela (Flandeseko 3. Batailoia) Kataluniako frontean hil zen  1939/01/23an, 21 urterekin. Bartzelonako Sant Joan de Mediona hilerri militarrean lurperatu zuten.

 

Kalparsoro Mujika, Francisco ‘Patto’

*Usurbilen jaio zen 1894/10/22an.  Arotza, ogibidez. Zinegotzia izan zen gerra aurretik, 1926an, hain justu. Kolpistek Usurbil hartu zutenean, beren aldeko korporazioan jarri zuten alkate orde, nahiz eta egiaz alkatea bera zen, aktetan egiaztatzen denez.

Usurbilgo ‘Falange Tradicionalista y de las JONS’-eko burua zen, hain justu. Horrez gain, herriko alkatea ere izan zen frankismoko urte luzetan: 1949-1963.

Larramendi Galdona, Antonio

Usurbilen jaioa 1912/01/29an. Errementaria. Kalezarreko Kastorrenean bizi zen. Zenbait testigantzen arabera, bera eta berea anaia Bixente Errepublika defenditzera joan ziren faxistek herrira sartu zirenean. Bere anaia preso hartu eta Aranda del Dueroko (Burgos) kontzentrazio eremuan hil zen.

Antonio, berriz, kolpisten aldean borrokan hil zen, Sopuertan 1937/06/29an, 25 urterekin, seguruenik atxilotua izan ostean beren alde borrokatzera behartuta. 

(Maria Pilar Maiz auzokidearen testigantza lantze-fasean)

Lizaso Salsamendi, Ebaristo

Aginagan jaioa, 1909/09/23an. Tellegindegi baserriko semea. Josefa Jaurrietarekin ezkondua zegoen eta bi haur zituzten. Errekalden bizi ziren eta Michelin enpresako langilea zen.

Gerra lehertu zenean, kolpistek mobilizatu egin zuten nahiz eta aurretik izan zuen istripu baten ondorioz, frontean borrokatzeko gauza izan ez. Horregatik, sukalde lanetan jarri zuten hasieran. Gerora, ordea, ebakuntza bat egin eta frontera bidali zuten. Burgoseko 11. Artilleria arineko erregimenduan zegoela, 28 urterekin, Bruneten (Madrid) hil zen 1937/07/06an.

Berarekin soldadu zegoen azpeitiar batek eman zion gertakizunen berri bere familiari. Nonbait, ebakuntzatik oraindik erabat osatu gabe, bi mendien artean errepublikazaleen hegazkinen bonbardaketa batek erdi-erdian harrapatu eta ihes egiteko gauza ez zela, bera han geratu eta bertan hil omen zen. Gorpua azaldu ez zenez, desagertutzat eman zuten. Bere emazteak pentsio bat jaso zuen eta bi umeentzat egunero ogi bana izan zuten adinez nagusi izan ziren arte (garai hartan 22 urte egin arte).

Bere anaia Roxendo ere kolpistek mobilizatu egin zuten eta bala batek arinki zauritu zuen. Anaia gazteena -Joxe Mari-, berriz, 18 urterekin mobilizatu zuten Afrikara. Juxtu soldadu joateko trena hartzera zihoanean izan zuen Ebaristoren heriotzaren berri.

 

 

Morras Urabaien, Eladio

Ofizioz, aeronautikoa. 27 urte zituen gerra garaian eta San Esteban auzoan bizi zen. Bere aita Wenceslao Morras Alday basozaina zen eta 1933an, justu EAJ-k irabazi zituen udal hauteskundeak egin aurretik, alkate egon zen hilabete batzuk.

Eladio Usurbilgo Falangeren sustatzaile nagusietakoa zen. Berak sinatzen zituen Falange-ko kide egiten zituenen karnetak, bazkidetzaz arduratzen baizen. Ikusi ahal izan dugunez, kolpistak sartu eta berehala edo hurrengo hilabeteetan falangista egindako herritar askok, ideologiarengatik baino, halabeharrez eta seguruenik presiopean eman zuten izena Falange Españolean.

Eskualdeko beste falangistekin antolatuta funtzionatzen zuten, esaterako, Epifanio Etxeberria edota Pio Berianekin,  Orion kolpistekin zeharo lerrokatua aktiboki jardun zutenekin. Izan ere, Hernani, Urnieta, Lasarte, Usurbil, Aia eta Orio herriek osatzen zuten Eskualdeko Komandantzia Militarraren baitan eratuta zeuden.

Eladio Morrasen izena maiz entzun dugu jaso ditugun testigantzetan. Herritarren artean, ezaguna zen Falangisten buruzagi bat izateagatik. Esaterako, Zabaleako Patxi Aizpuruaren (gerora fusilatua izango zena) atxiloketarekin zer ikusi zuzena izan zuela uste osoa zuen Patxiren amak (familiaren testigantza).

Mujika Salsamendi, Benito

Usurbilen jaio zen 1919/09/15ean, San Estebango Berritzabarrena baserrian.

Familiak utzitako dokumentuei esker, soldadu egon zen zazpi urteetako gorabeherak jakin ahal izan ditugu. Berez, 1940ko kintakoa bazen ere, 1938ko martxoan mobilizatu zuten. Donostiatik, Logroñora (han gaixotu eta erietxean egon zen), Burgosera, Palma de Mallorcara eta Incara destinatu zuten, Infanteriako Erregimendutan beti. Penintsulako zenbait frontetan aritu zen borrokan.

1940ko urrian lizentziatua izatea eskatu zuen baina ez zioten onartu. Halere, 1942ko apirilean, lizentziatzea lortu zuen erreserban segitzeko baldintzarekin, baina ez zion asko iraun. Izan ere, 1942ko abenduaren 28an berriro mobilizatu zuten  Donostiako Mendi Infanterian. Urte eta erdi geroago, epe baterako lizentziak lortu zituen nahiz eta hilero udaletxera  joan behar zuen kontrola pasatzera. Azkenean, 1945/10/15ean, soldadutzara deitua izan eta zazpi urtera, lizentziatu egoera aitortu zioten, beti ere 1948ko abendura arte iraungo zuen urteroko ikuskatzea pasatzeko betebeharrarekin.

1995ean Alazne Begiristainen egindako elkarrizketan, kontatu zuen 18 urterekin eraman zutela soldadutzara  eta zazpi urte egin zituela bertan.  Valladolideko frontean egon zela, gero Ebroko batailan, Toledon eta baita Badajozen ere. Justu hango herri batean, Monterrubio de la Serenan, zauritu zuten sabelean bala bat jasota. Jan falta handia izaten omen zuten.

Toledon, Tajo ibaian jazotako pasartea ere kontatu zuen:  Santiyo bigarrenean (uztailak 26), batailan gori-gori ‘abantzean’ zihoazela, errioa pasata,  ‘gorrik’ su eman zioten gariari eta belartzari. Suak harrapatzea ekiditeko Tajora salto egin behar izan zuten, “motxila, 200 bala, 4 esku-bonba, motxila, platera, fusila bizkarrean eta guztiarekin… putzura”. Bera igeri nolabait atera omen zen ibaitik  baina bere konpainiako 8 soldadu bertan ito egin ziren.

Elkarrizketa hemen: Benito Mujika Salsamendi-1995

Mujika Salsamendi, Julio

*Usurbilen jaio zen 1917/12/10ean. San Estebango ‘Berritza Barrena’ baserriko semea. 1936/11/19an Guardia Zibilak atxiloturik eraman zuen Tolosako kartzelera, Federiko Lasa eta beste hiru lagunekin. Bi aste geroago, 1936/12/01ean, hain justu, Guardia Zibilek Ondarretako kartzelara lekualdatu zuten eta Epaile militarraren aginpean geratu zen.

1937an kolpistek gerrara eraman zuten soldadu Logroñoko Bailen 24 Infanteriako erregimenduan, eta baita Teruelen, Gironan eta Guadalajaran ere. Fronteko lehen lerroan 17 hilabetez egon zen. 1940ko uztailean lizentziatu zuten prorroga emanda. 1942an Donostiako erreklutamendu eremuan mobilizatu zuten. Erreserban egon zen 1955 arte.

Alazne Begiristainek 1995ean egin zion elkarrizketan aipatzen du, soldadutza denbora guztian, soilik 10 eguneko bi permiso izan zituela,  gorriak eta bi ikusi zituela, hildako asko, eta lurrean etzanda babesten zirela frontean.

Elkarrizketa hemen: Julio-Mujika-Salsamendi-1995.mp3

Sagardia Izagirre, Inazio

Usurbilen jaioa 1912/12/1ean. 27 urterekin kolpisten aldean zegoela, gaixotu eta Zaragozako Ospitale Militarrean hil zen 1939/02/10ean. Usurbilen hilobiratua.

Bere aita -Francisco Sagardia Berridi- Usurbilgo zinegotzia izan zen 1926an eta kolpistek herria hartu ondoren, 1936/9/21ean ezarri zuten lehen korporazioan ere bai bi hilabetez.

Salsamendi Arruti, Domingo

*Usurbilen, ‘Bizkarre’ baserrian jaioa 1919/03/04an. Senitartekoek kontatzen dutenaren arabera, 1938an baserritik eraman zuten derrigortuta soldadu borrokara faxisten alde. Urteetan desagertutzat jo zuten. 1942/11/11n inskribatutako Usurbilgo Parrokiako agiriaren arabera, Ebroko batailan, Kataluniako frontean, hil zuten 1938/7/25ean, hain zuzen ere. 

Tarragonako Camposines-en memorial bat eraiki zuten borroketako lubaki baten gainean, Ebroko batailan hil zirenak gogoratzeko. Bertan, plaketan, 1.388 izen-abizenak jasota daude, tartean Domingo Salsamendi Arrutirena.

Salsamendi Sagarzazu, Lazaro

Usurbilen jaioa 1917/03/25ean. Kalezarreko Xarrenea-ko semea. Kolpistek soldadutzara eraman ondoren, Ebroko batailan, Teruelgo frontean hil zen, 1938/01/10ean, 19 urte zituela.

Familiak dionez, mobilizatutako beste usurbildar batekin joan zen Iruñearaino. Han banatu omen zituzten eta Lazaro Teruel aldera eraman zuten. Hil zelarik, gurasoei abisua ematera etxeraino etorri ziren baina ez zuten inoiz jakin gorputza non zegoen ere.

Handik gutxira 16 urteko bere anaia Rafael eraman zuten soldadu. Melilla aldean egon omen zen eta, urte askoren ostean, onik itzuli zen etxera.

Sor Angeles

*Saturrarango emakume-kartzelan Mesedetako Kongregazioko moja izan zen. Haiek arduratu ziren 1938 eta 1944 artean, bertan, baldintza penagarrietan, frankistek preso izan zituzten milaka emakume eta haurren zaintzaz.  1938an, 25 serora zeuden presozain lanetan.

Aipagarria da emakumeak moja sartzen zirenean, beren izena aldatzea ohikoa zela. Horregatik ez ditugu aurkitu Sor Angeles-en izen-abizenak, baina espetxe hartan egondako emakume batzuen testigantzek argi adierazten dute usurbildarra zela, are, presozain krudelenetakoa zela.

Soroa Berrotaran, Nikasio Luis

*Usurbilen jaio zen 1918/11/25ean. Erreketea, ‘Boina roja’, Oriamendiko Tertzioan izena eman zuen 1937/04/17an, Jose Inazio Arruek aurkeztuta.

Lemoatxen (Peña Lemona) faxisten alde borrokan hil zuten 1937/06/14ean. Heroi gisa ohoretu eta Usurbilgo hilerrian hobiratu zuten. Deigarria da Julian Azpiroz erretoreak berari buruz idatzitako txostena ‘Comunión Tradicionalista’ talde karlistari zuzendua, Ohorezko Liburuan jasotzeko (ikus azpian eranskinetan).

Urteetan Usurbilgo kale batek ‘Luis Soroa’ izena izan zuen, gaur egun ‘San Esteban’ kalea dena, hain zuzen.  

 

Zarauz Etxabe, Jose Martin

*Usurbilen, ‘Troia’ baserrian jaiotakoa 1918/08/20an. Kolpisten aldean Nafarroako  Siziliako 3. Bataloia, 2. Konpainian soldadu zegoela, Villarrealeko (Castellon de la Plana) frentean hil zuten 1938/06/30ean. Gorpua ‘Kontseju Txiki’ etxe azpian zegoen Usurbilgo Zirkulo Tradizionalistaren -karlistak- egoitzatik hilerriraino eraman eta bertan hobiratu zuten. 

Familiak dionaren arabera, etxera joatekoa omen zen, -seguru asko baimen batekin-, eta arbol baten azpian familiari gutun bat idazten ari zela, hegazkin batek tirokatu eta bertan zerraldo geratu zen. Egiluze Handiko Esteban Bengoetxeak  eta Txikierdiko Pedro Alberdik -berarekin batera soldadu zeuden bi herritar- gerora kontatu omen zioten Martin Zarauzen senideei hala gertatu zela.

Zubeldia Izeta, Joxe Ramon

Usurbilen jaioa 1911/03/21ean.  Urdaiaga-San Estebango Oa baserriko semea. 1936an, kolpe militarra jazo zenean, Burgosen zegoen soldadutza egiten. Hango militarrek kolpistekin berehala lerrokatu zirenez, bera segituan eraman zuten frontera beren alde borrokatzera. Hiru urtez ibili zen lehen lerroan, besteak beste, Santanderren, Teruelen, Lleidan eta Ebroko batailan. Bertan ezagutu eta sufritu zituen pasarte gogorrak kontatzen zizkien senideei.

Zauritua ere izan zen eta bizi osoan gorde zituen metraila zatiak hankan eta besoan. 1992/01/16an zendu zen Donostian.

Bere anaia Joxe Manuel ere gerran ibili zen baina Errepublika defenditzen.

Oharra: Zenbait zerrendetan beste anaia bat -Juan Mari Zubeldia- fusilatu bezala agertzen den arren, Juan ez zen inoiz fusilatua izan. Istripuz hil zen 1939ko uztailean.

 

(Joxe Julian Zubeldia Garin bere semearen testigantza)

Zubia Arcaid, Mariano

Usurbilen jaioa 1916/08/15ean. ANVko 1. batailoiko milizianoa, 1937/03/27an izena emana, 96.279 Euzko Gudarosteko zenbakiarekin.

Geroago, Erreketeen San Ignacio Tertzioko 1. konpainian izena emana 1938/04/12an.

 

Zuloaga Lizaso, Pedro

*Usurbilen jaio zen 1915/03/07an. ‘Arratzain’ baserrikoa, hain justu. Kolpisten ‘Regimiento de Artilleria de Montaña’ izeneko 2. batailoian soldadu zebilela zauritu zuten eta Gasteizko Seminarioko erietxean hil zen 1936/12/15ean. 1937ko urtarrilaren 18an Usurbilen hileta egin ondoren, bertan hobiratu zuten.

Senideen arabera, soldadutzara eraman zuten frankistek eta parapeto bat egiten ari zela lubakietan, tiro galdu batek jo ondoren hil zen Gasteiz aldean.

Bere anaia bat -Jose Antonio- ere soldadutzara eraman zuten. Zazpi urte egin zituen han, eta azkenean onik itzuli zen etxera.

 

Zumeta Berasategi, Balbino

*Usurbilen jaio zen 1908/03/09an. Pasaian bizi zela, 1937/06/04an izena eman zuen Gipuzkoako Erreketeetan, Goitia kapitainak aurkeztuta. ‘Radio Requeté de Campaña’ delakoan mobilizatu zuten.