Errepresaliatuak

1936ko Gerran makina bat lagunek errepresio latza jasan zuen, bando kolpistak gupidagabeki espetxeratu, torturatu, zigortu eta jazarri baitzituen. Atal honetan horietako batzuk pairatutakoa kontatuko du izen-abizenekin.

Aierbe Zurutuza, Felipe

Ataungo San Gregorion jaioa 1900/08/14an. Mikelete bezela aritu zen Usurbilen eta bertan bizitakoa. Errepublika defendatzera joan eta atxilo hartu zuten. Bilbon Gerra Kontseilua izan zuen 1937/07/15ean “Rebelion Militar” delitupean, 30 urteko kartzela-zigorrarekin, geroago 12 urtera jeitsi ziotena. 1937/10/12an  Ezkaba-San Kristobalgo gotorlekura lekualdatu zuten eta bertan zegoen ihesaldi handia gertatu zenean (1938/05/22). Handik hilabete batzutara, urriaren 19an, Gasteizera lekualdatu zuten. Beste lau urte egin zituen preso, 1942/11/17an askatasuna lortu zuen arte (Revision Atenuada).

Geroztik, 1987/7/23an zendu arte, Usurbilen bizi izan zen.

Kartzelan zela, 28 urteko bere anaia Bernardo Teruelgo frontean hil zen 1938ko urtarrilaren 6n, baina kolpisten alde. Erreketeen Oriamendi Tertzioko sargentoa zen.

Aizpurua Illarramendi, Demetrio

Usurbilen jaioa 1923/12/19an. Zubietarra. 1942/02/16ean atxilotu eta Donostiko kartzelera eraman zuten, inkomunikazio egoeran. Angel Aliri Añorgaren espediente berean txertatu zuten eta hilabete luzez eduki zuten atxilo, baina ez zuen Gerra Kontseilurik pairatu. 1942/09/12an aske geratu zen.

Aliri Añorga, Angel

Zubietarra. Gerra amaitu eta gutxira, 1939/06/05ean, Arapiles 7. Mendi Batailoiko auto gidari izendatu zuten. 1942ko otsailean, beste hamar kiderekin batera atxilotu egin zuten propaganda abertzalea egin eta Lasarte, Usurbil eta Zubietan EAJren baitako laguntza sare bat sortzeagatik eta alderdia berreraikitzeko saiakera egiteagatik. Gerra kontseilua izan zuten 1942an eta hiru urteko espetxe zigorra eta 10.000 pzta.-ko isuna ezarri zieten.

Madrilen hil zen 2010/02/25an eta Fuencarralgo hilerrian hobiratua izan zen.

Altolagirre Camarero, Jose

Usurbilen jaioa 1914/08/09an. Hernaniko Gerra komisaldegiko kidea. UGT-ko afiliatua eta hasieran, Dragones Batailoian borrokan. Horren ostean, 55. Batailoiarekin aritu zen borrokan (Kirikiño-EAJ).

Euskaditik ebakuatua izan zen 1937/04/07an. Urte bereko udan Santanderreko frontean desagertu zen. Horren ostean, atxilo hartu zuten 1937/08/26ean eta Bilboko Espetxe Probintzialera eraman zuten, espetxealdi prebentiboan.

Bilbon epaitu zuten Gerra-kontseiluan eta 1938ko maiatzaren 13an “matxinadari laguntzea” egotzita, 14 urteko espetxealdiarekin zigortu zuten. Bilbotik Puerto de Santa Mariako Espetxe Zentralera (Cádiz) lekualdatua izan zen 1938ko uztailaren 23an, eta handik Huelvako Espetxe Probintzialera 1938ko abenduaren 5ean. 1938/09/30ean trukatze proposamenen barruan sartu zuten.

1980/05/02an hil zen, Gasteizen.

 

Arana Etxenagusia, Juliana

*Usurbilen jaioa 1921/01/14an. Gerra garaian Andoainen bizi zen alargundutako amarekin eta bere bi anaiekin: Jose eta Manuel. Gerra hasieran familia Oriora joan zen, baina faxistek Gipuzkoa hartu zutenean, Andoainera itzuli ziren. Beste emakume batzuekin batera, ilea moztu egin zioten Julianari.

Bere anaia Jose, UGTko afiliatua, desagertu egin zen eta, datu guztien arabera, Hernanin fusilatu zuten. Manuel, berriz, soldadutzara eraman zuten kolpistek, baina hilabete gutxiren ostean gaixorik itzuli zen etxera eta 1937an hil egin zen tuberkulosiak jota.

Aranburu Arrillaga, Bernarda

*Usurbilen jaioa 1911/05/20an. Figueresen (Girona) atxiloturik egon zen 1943ko urrira arte. Hilaren 25ean Ondarretako kartzelara lekualdatu zuten, inolako arrazoirik gabe. 1943/11/30ean aske geratu zen, hain zuzen ere.

Bere aita Juan Bautista Aranburu Lertxundi, EAJko kidea, ere erbesteratu egin zen eta bere ahizpa Carmen errefuxiatuta egon zen Bartzelonan.

Aranburu Lertxundi, Juan Bautista

Usurbilen jaioa 1885/06/25ean. Pelotaria eta EAJko kidea. Bezanan errefuxiatu zen 1937/06/16ean. Tribunal Nacional de Responsabilidades Politicas (TNRP)-ek epaitu zuen 1959an eta indultatua izan zen. 

Aranburu Sagarzazu, Jose Antonio

Usurbilen jaioa, 23 urte zituen 1933an. Lasarteko Michelin fabrikan langile izandakoa. UGT-ko afiliatua eta Lasarteko Fronte Popularreko komiteko kidea. Pistolarekin goardiak egin zituen eta Julian Azpiroz Usurbilgo parrokoa atxilotzera joan zenetako bat izan zen.

Durangora joan zen kolpistek herria okupatu zutenean eta bertan UHP batailoian alistatu zen. Ondoren MAOC-2 Gipuzkoa Batailoi komunistan parte hartu zuen fronte ezberdinetan.  156 Brigadako 3. Batailoiko Brigada izan zen, Reinosan (Kantabria) 1937/08/27an atxilotu zuten arte. Horren ostean, Ondarretako kartzelara lekualdatu zuten eta 1943an bere kondena amaitu bazuen ere, ez zuten 1946/09/04ra arte askatu. 

Arratibel Imaz, Felipe

Diputazioko langilea, Bideetako arlokoa. Zigortua 3 hilabetez 1937ko martxoan. 

Arriaga Arrillaga, Luziano

Usurbilen jaioa 1897/05/24an, Irazu kalean bizi zen. Ezkongabea, [AR/IR]-ko Usurbilgo presidentea eta Hornikuntza komitean, ofizina lanetan aritu zen 1936/08/25tik aurrera. MAOC-1 Larrañaga Batailoian egon zen borrokan, urrian.  1936ko abenduaren 2. hamabostaldian eta 1937ko martxoaren 2. hamabostaldian MAOC-2 Gipuzkoan borrokan 1. konpainiako soldadu gisa azaltzen da (28.052 zkia.) JSU-ko kidea 1937/01/12ean.

Otxandioko frontean atxilotu zuten kolpistek 1937/04/04ean. Bere kideek desgaertutzat eman zuten baina Gasteizko El Carmen gartzelara eramana zuten eta horren ostean, 1939/11/17an, Ondarretako espetxera lekualdatu zuten. 1940/03/13an, berriz, Ondarretatik Sevillako “Colonia Militarizada”-ra (Dos Hermanas) eraman zuten.

1941/11/06ean lortu zuen baldintzapeko askatasuna Sevillan. Baina Ondarretara eraman zuten berriz. Atxilotu eta bederatzi urtera, 1946/05/04ean, geratu zen erabat libre. 

 

(Bere alaba Begoña Arriagaren testigantza lantze-fasean)

Arrospide Usabiaga, Regino

Orian jaio zen 1912/09/05ean , baina bi urterekin bere aitonaren (amaren aldetik) baserrira joan zen bizitzera, Urdaiaga-San Esteban auzoko Urtinea baserrira.

Ideia abertzaletakoa, 1936/08/25ean,  milizietan eman zuen izena, hain zuzen Usurbilgo Gerra komisaldegiko 3. Eskuadran (M. Uranga buru). Laster atxilotua izan zen beste usurbildar batzuekin, tartean Zabaleako Eustakio Aizpurua eta gero erailko zuten bere anaia Patxi. Lasarteko kuartelean zeukatela, itzal handiko norbaiten eraginez aske utzi zuten. Berarekin batera Eustakio ere bai.

Baina gero frankistek erreklutatu eta beraiekin eraman zuten soldadu eta, besteak beste, Terueleko frontean izan zen, praktikante lanetan. Handik onik itzuli zen.

 

(Bere biloba Ainara Lizeaga Arrospideren testigantza)

Arruti Salsamendi, Eugenia

*Usurbilen jaioa 1883/02/12an, Etxebeste kalean bizi zen. Telefono Probintzialean lan egiten zuen eta hiru hilabetez lanpostua galdu zuen 1937ko otsailean, kolpistek egindako depurazioen baitan.

Azurmendi Iturrioz, Maria

*Ibarran jaioa 1906/04/08an eta Aginagan bizitakoa. 1941/08/21ean Guardia Zibilak Usurbilen atxilotu eta Ondarretako espetxera eraman zuten. 1941/09/19an aske geratu zen, 30 egun atxiloturik egon ostean. 

Beloki Aizpurua, Juan Kruz

Bidanian jaioa 1911/03/08an, Usarragan bizitakoa. Ezkongabea. Arreba Usurbilen bizitzen zen (Santueneako Aialden) eta lotura asko zuen herriarekin. EAJ-ko kidea eta Andatzan borrokan aritu zen 1936/08/25tik aurrera (bera buru zelarik). Usurbilgo Gerra komisaldegiko eta 1. Eskuadrako buruzagia zen.

1936ko irailaren 16ean atxilotu zuten Donostian eta Ondarretako espetxera eraman zuten. Urriaren 10erako heriotz-zigorrera kondenatu zuten eta fusilatua izateko punttuan egon zen, baina pena konmutatu eta 30 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten. Hala, 1936/12/24ean Ezkabako gotorlekura eraman zuten. Lehen aldiz atxilotu eta 6 urte geroago, 1942/09/16ean, Ezkabatik Burgosera lekualdatu zuten Beloki eta, azkenik, 1943/01/28an aske utzi zuten.

Ez zen, ordea, espetxeratu zuten azken aldia izango. Izan ere, 1944/10/11n berriro atxilotu eta Ondarretako kartzelan sartu zuten. 1944/10/26an geratu zen erabat aske.

(Alazne Lazkano senidearen elkarrizketa lantze-fasean)

Berasaluze Olano, Benito

Usurbilen jaioa 1897/08/14ean eta Billabonan bizitakoa. UGTra afiliatua zegoen. Billabonako Zentro Errepublikanoko  zuzendaritza batzordeko kidea izan zen. Iparraldeko frontean zehar borrokatu zuen eta teniente gradua eskuratu zuen UGT 34 Batailoian. 1937/10/23an atxilotua eta hilak 27an Valdenocedako (Burgos) kartzelara eramana. 1940/04/18an Bilboko espetxera lekualdatua. 1940/06/17an Donostiko kartzelara eraman zuten, 1944/10/26an aske geratu zelarik, lizentziatura eskuratu ostean. 

Dabo Bustos, Angel

Aginagakoa, Euskal Gudarosteko soldadua. Larrinagako Kartzelan atxilo egon zen 1937an, 12 urteko espetxe-zigorrarekin (Giral-i komunikatua 1939ko urtarrilean). Ez da aurkitu dokumenturik jatorriz usurbildarra zela frogatzen duenik baina litekeena da garai hartan Usurbilen bizitzen egotea.  

Errasti Zubeldia, Maria

*Usurbilen jaiotakoa 1903/08/17an. Gerra hasi zenean, Groseko erretenean Sukalde Zerbitzuetan miliziana gisa aritu zen, hain zuzen. Donostian 1938-1958 bitartean preso egon ziren bertako herritarren zerrendan agertzen da. 1977/12/26an hil zen Arrasaten.

Etxezar Garro, Eustakio

Urnietan jaioa 1908/12/07an jaioa Urnietan eta Lasarte-Orian bizitakoa. Jornalaria zen eta ehungintzan lanean zebilen. 1936an, Urnietako Fronte Popularreko alkategai izendatu zuten. Ezkongabea zen, JS-UGTko kidea eta Andatzako  milizian borrokan aritu zen 1936/08/25tik aurrera, hain zuzen, Usurbilgo Gerra komisaldegiko buruzagietako bat izan zen.

Lotura handia izan zuen Usurbilekin. Izan ere, Kalezarreko Kaskoenea usurbildar ezkertiarren zentroa ez ezik, lasartearrena ere zelako.

Usurbil kolpistek okupatu ostean, MAOC-1 Larrañaga batailoiko 1. Konpainiako 1. Sekzioko teniente zegoen. 1936ko abenduko bigarren hamabostalditik aurrera MAOC-2 batailoiko 1. Konpainiako Infanteriako teniente gradua eskuratu zuen. 1937ko martxoaren 2. hamabostaldian oraindik ere batailoi horretan zdebilen borrokan. 28[0-1]26 Euzko Gudarosteko txapa zenbakia zuen.

1937ko udan Santandergo Gerra Komisaldegi Orokorrean kapitain gisa aritu zen eta horren ostean, desagertutzat eman zuten. Egiaz, atxilotua izan zen Santanderren. 1938ko azaroan hango espetxetik Ondarretakora lekualdatu zuten. Preso zegoela, hainbatetan ospitalera eraman behar izan zuten eta honelako batean, birika edema baten erruz, 1942ko martxoaren 1ean zendu zen atxilo zegoela.

Goenaga Gorriti, Jose

Usurbilen jaioa 1918/01/11ean. Ezkongabea eta errementaria ofizioz. Soldadutzan zegoela, irteera-baimen baten harira, 1941/09/02an atxilotu egin zuten Irubideko erromerian, Jesusa Segurola eta zortzi lagun gehiagorekin batera.

Ondarretako espetxera eraman zituzten. Bertako baldintza penagarriei aurre egiteko, familia joaten zitzaion mantak eta janaria eramatera. Bi astera Infanteriako 29.en Erregimenduko kalabozotara lekualdatu zuten eta hurrengo egunean atera egin zuten guztira zazpi urte iraungo zuen soldadutza amaitu arte. Soinean, Ernioko festatik ekarritako koloretako zintak (ustez ikurriñaren koloretakoak) eramatea izan zen espetxeratzearen zioa.

(Marzial eta Josebe bere anaia-arreben testigantza lantze-fasean)

 

Goenaga Illarramendi, Manuel

Usurbilen jaioa 1915/05/01ean, Olarri baserriko semea. Ezkongabea, nazionalista eta Andatzan borrokan 1936/08/25tik aurrera. Usurbilgo Gerra komisaldegiko milizianoa izan zen. MAOC-1 Larrañaga Batailoian burrukan aritu zen  urrian. 1936ko abenduko 2. hamabostaldian eta 1937ko martxoaren 2. hamabostaldian MAOC-2 Gipuzkoa batailoian zegoen, Enlaces y Transmisiones konpainiarekin burrukan kabo gisa (28027 zkia.).

Borrokan aritu zen hainbat frontetan errepublikaren alde. Avilesetik (Asturias) itsasoz alde egiten ari zirela, hartu zuten preso kolpistek. Santoñako  espetxean eduki zuten lehenik eta handik Miranda de Ebroko kontzentrazio esparrura, non gaixotu egin zen. Osatzea lortu zuenean, ‘Langileen Batailoietan’ aritu zen derrigorrezko lanetan, besteak beste, Guadalajaran eta Katalunian. Etxera itzuli zen baina berriro ere deitu zuten eta Palma de Mallorcan eta Asturiasen aritu zen lan behartua egiten. 1942an itzuli zen behin betiko etxera.

Goenaga Uranga, Luciano

Asteasun jaioa, Usurbilen bizitakoa. 21 urte zituen 1936ko azaroan. 1936-11-20an gaueko 23:30etan Guardia Zibilak atxilotu zuen eta Tolosako kartzelara eraman. 1936-12-18an Ondarretako kartzelara lekualdatu zuten. Gerora, soldadu eramana kolpisten aldean. 1938/09/28an hil zen kolpisten aldean, Caudiel-en (Castellón de la Plana) 23 urterekin. (Elizako heriotz agiria daukagu) – TMT-n 1938an sumario bat dauka

Gomendio Eizagirre, Eugenio

Usurbilen jaioa 1913/07/13an.  Egioletatxiki baserrian eta gero Donostian bizitakoa. UGT-n afiliatua. 24 urte zituen 1937an eta ezkongabea zen.

1937an Iparraldeko ejerzitoko teniente izatera iritsi zen, zehatzak izateko, 12. Brigadako 30. batailoikoa. Escuela Popular de Guerran teniente ikasle gisa, ametrailadore arinen kurtsoa egina. 1937an preso hartu zuten.

Santoñan egindako Gerra Kontseiluan biziarteko espetxera kondenatu zuten 1937/12/09an “Adhesion a la rebelión” delitupean. 1938an El Dueso-ko kartzelatik (Santoña) Puerto Santa Mariakora lekualdatu zuten biziarteko espetxea 30 urteko espetxe-zigorra bilakatuz ondoren. 1940/08/20an libre geratu zen “prision atenuada” delakoarekin . Ondoren, ezkondu eta Arratzainborda baserrian jarri zen bizitzen.

Bere anaia Lorenzo soldadu eraman zuten kolpistek eta Caceresen hil zen 1937/6/9an.

Illarramendi Zubeldia, Lukas

Usurbilen jaioa, Txokoaldeko Simoneako semea. EAE-ANV-ko kidea. Milizianoa Euzko Indarra konpainian (EAE-ANV-2) 1936/08/13tik aurrera (J. Placer buru). Frontean ibili zen borrokan errepublikaren alde Bilbo eta Santander aldean. Matxinatuek preso hartu zuten eta bere etxeko kamioia hartuta, Delta del Ebro ingurura lan behartuak egitera eraman zuten.

Bere anaia Patxi ere errepublikaren alde borrokatu zen. Antonio beste anaia, berriz, soldadu eraman zuten kolpistek eta borrokan zauritua suertatu zen.

Familiak zuen taberna (Simonea) itxi egin zioten eta 1940an irekiera eskatu zuenean, Gipuzkoako Gobernadore zibiliak ukatu egin zion.

 

(Bere iloba Itziar Illarramendiren testigantza lantze-fasean)

Intxausti Azurza, Inazio

Igeldon (Donostia) 1920/03/29an jaioa. Kalezarreko Santusenean bizitakoa. Ezkongabea, afiliaziorik gabea. 1936/08/25etik aurrera Usurbilgo milizietan, Andatza zutabean, 3. eskuadran  izena eman zuen (M. Uranga buru).

Faxistek herria hartu zutenean, frontera joan zen eta 1936ko urrian  MAOC-1 Larrañaga Batailoiko kide zen. Urte bereko abenduko bigarren hamabostalditik aurrera, berriz, MAOC-2 batailoian, ametrailadore konpainian, aritu zen. 28.029 Euzko Gudarosteko txapa zenbakia zuen. Garai hartan Alderdi Komunistari lotua. Euzkadi Roja aldizkariak erakusten duenez,  komunistarako diru kopuru bat ematen du sustengu gisa.

Gernikako bonbardaketetan (1937/04/26), Bilbon eta Otxandion egon zen borrokan.  Gorriak eta bi ikusi zituen frontean ibili zenean, bera zegoen bataloian soilik 17 lagun geratu baiziren bizirik. Bizkaia eta Asturias erori zirenean, Errepublika defenditzen segitu zuen eta Ebroko gudan eta Figueresen ere ibili zen.

Katalunia faxisten esku erortzear zegoela, Estatu frantsera erbesteratu zen eta, besteak beste, Argeleseko eta Gurseko internamendu zelaietan preso egon zen, 1939/06/04ra arte. Lyon inguruan errefuxiatu zen eta naziek Estatu frantsesa okupatu zutenean, dokumenturik gabe, hamaika gorabehera bizi izan zituen, besteak beste, espetxean egonaldia edota lan behartuak  naziek Lorienteko (Bretaina) itsasontzi-portuan zuen submarinoen basean. Handik alde egin eta klandestinitatean bizi izan zen. II Mundu Gerra amaitutakoan, lortu zuen bere egoera  normaltzea errefuxiatu gisa, Diemoz herrian (Isere departamendua).

Geroztik, ezkondu, seme-alaba bana izan eta Lyon inguruan egin zuen bizitza. 1957  itzuli ahal izan zuen Usurbilera bisitan. 1993an hil zen Vaulx-en-Belin herrian.

(Bere seme François Intxaustiren testigantza lantze-fasean)

 

Iparragirre Arruti, Patxi

Zubietan jaioa 1912/03/11n. Barrenetxe baserriko semea. 1942/02/15ean atxilotu egin zuten Angel Aliri beste zubietarrarekin eta zortzi lagun gehiagorekin batera. EAJ berregituratzea eta presoen aldeko laguntza-sarea antolatzea leporatu zieten.  Inkomunikatua egon zen, Ondarretako kartzelan. Azaroan Gerra-kontseilua izan zuen eta 1942/12/10ean aske geratu zen.

Irastorza Elgarrista, Jose Migel

Usurbilen jaioa 1918/08/20an. Ezkongabea, nazionalista (PNV) eta Andatzan borrokan 1936/08/25tik aurrera (M. Uranga buru) Usurbilgo Gerra komisaldegiko 3º eskuadrako milizianoa. 1936/10/01 mobilizatua. 1936ko abendutik 1937ko apirila arte Itxarkundia batailoiko 4. konpainian zebilen errepublikaren alde borrokan.

Gerra amaituta, soldadutzan zegoela, Irubideko erromerian atxilotua izan zen, 1941eko iraila hasieran, Jose Goenaga eta beste zortzi lagunekin batera, soinean ikurriñaren koloreko hiru zinta eramateagatik.

Horren ondorioz atxilotu eta Ondarretako espetxean egon zen bi astez. Garai hartan 11 urte zituen bere arreba Teresa joaten zitzaion arropa eta janaria eramatera Goenagaren senideekin batera. Teresa gogoratzen da familiak jasotzen zituen bere gutunetan dirua eskatzen zuela edo emandakoa jaso izana adierazten zuela. 1941-9-19an koartelera eraman zuten.

Jose Migel Irastorza 1982/02/12an hil zen Usurbilen.  

Iribarren Sarasua, Gregorio

Usurbilen jaioa 1895/03/27an. Donostian (Aieten) bizi zen gerra garaian. Ezkondua, bi seme. Ogibidez saltzailea. Eibarko Komandantzian motorista lanak egiten aritu zen. Atxilo hartu eta Escolapioseko espetxean (Bilbo) egon zen.  1940/05/09an Ondarretakora eraman zuten eta aste batzuk geroago, 1940/05/24an aske utzi zuten.

Izagirre Aldabalde, Juana

*Usurbilen jaio zen 1918/12/13an, eta ‘Usaskuetxiki’ baserrian bizi zen. Ezkongabea, nazionalista eta Usurbilgo milizietan sukalde lanetan aritutakoa 1936/08/25etik aurrera, dokumentuen arabera. Kolpistek Usurbil okupatu zutenean, ilea moztu egin zioten.

Larramendi Galdona, Bixente

Usurbilen jaioa, 1913/06/26an. Kalezarreko Kastorrenea etxean bizi zen. EAJko kidea. Zenbait testigantzen arabera bera eta bere anaia Antonio Errepublika defenditzera joan ziren faxistak herrira sartu zirenean.

1936/11/04-ko “Euzkadi” aldizkariko 2. orrian Gipuzkoa Buru Batzarrek beretaz galdegin zuen bere arrastoa atera nahian. Aranda del Duero (Burgos) kontzentrazio esparruan hil zen 1937/12/01ean. 

Bere anaia Antonio, berriz,  Sopuertan hil zen 1937/06/29an kolpisten aldean borrokan, 25 urterekin.

(Maria Pilar Maiz auzokidearen testigantza lantze-fasean)

Lasa Urdampilleta, Federico

Bidania Goiatz-en jaioa eta Usurbilen bizitakoa. 1936-11-19ko gaueko 23:30etan Guardia Zibilek atxilotu zuen, Esteban Zubillaga Tolosa, Miguel Olazabal Uranga eta Julio Mugica Salsamendirekin batera, Tolosako kartzelara eraman zituztelarik. 1936-12-01ean Ondarretako kartzelara lekualdatu zituzten. Ez dago berri gehiagorik. 

Lau anai ziren gutxienez (Federico, Juan, Fermin, Jose Maria) txikiena kolpistekin joatetik libre geratu zen(Jose Maria), anai ertainena (Juan) 1938an frontean hil zelako Tercio San Ignazion mobilizatua zegoenean. 

Lizarreta Irastorza, Raimundo

1911/03/15ean jaioa Usurbilen, Isosteguin bizitakoa. Ezkongabea, nazionalista (PNV) eta Andatzan borrokan 1936/08/25etik aurrera (M. Uranga buru) Usurbilgo Gerra komisaldegiko 3º eskuadrako milizianoa. MAOC-1 Larrañaga Batailoiko kidea 36ko urrian.

Mercero Iarza, Antonio

Lasarten, (orduan Hernaniko udalerrikoa zen eremuan) jaioa 1910/01/10ean. Langilea eta musikaria zen. Bere militantzia abertzaleagatik errepresioa jasan zuen.  1973/06/13an hil zen Lasarte-Orian.

Antonio gazte hasi zen Lasarteko Michelingo fabrikan lanean. Ezkondu eta familia eduki berritan lehertu zen 1936ko Gerra. Hilabete gutxiren buruan atxilotua izan zen. Atxiloketaren ostean, bere emazteak seme jaio berriarekin herria utzi eta Aginagan gorde ziren. Bertako baserri bateko lastategian eman zituzten hilabeteak.

Antonio Ondarretako kartzelara eraman zuten eta ez zuen familia ikusteko aukerarik izan. Ostean, espetxe batetik bestera eraman zuten. Erregimen frankistaren beste zenbait preso bezala, enpresa desberdinetan lan egitera behartua izan zen, besteren artean, Laudion. Lau urte inguru eduki zuten preso, 1940ko abenduan aske utzi zuten arte.

Lasartera itzuli zenean Okendon jarri zen bizitzen familiarekin baina hasierako urteetan Antoniok ez zuen Michelinera lanera itzultzeko aukerarik izan. Donostiako portuan jardun zuen. Urteetara lortu zuen gerra hasi aurretiko Michelingo bere lanpostura itzultzea. Frankismo betean, bere militantzia abertzalea tarteko egingo ziotenaren beldur, bere militantziarekin zerikusia zuen edozer gordetzera eraman zuen.

Hala, urte batzuk geroago, bere alaba zen Teresa Mercero Makazagak aurkituko zituen azpian atxikitako dokumentu zein argazkiak. Teresa Mercero Makazagaren testigantza biltzea lortu dugu, Antoniok eta ostean familiak bizitakoa laburbiltzen duena, tartean Usurbilen bizi izan zen bere anaia Luis Mari Mercerok pairaturiko jazarpena.

 

(Teresa Mercero alabaren testigantza lantze-fasean)

 

Mercero Makazaga, Luis Mari

Lasarte-Orian jaioa 1949/05/02an.  Antonio Mercero errepresaliatuaren semea zen. Bere bizitzaren gehiengoa Usurbilen eman zuen eta Kalexarren hil zen  2020/11/20an.

Luis Marik aniztasun funtzionala zuen eta familiari oso lotuta bizi izan zen. Bere aita Antoniok bere militantzia abertzaleagatik jasando errepresioaz gain, Luis Mariri ere franskisten pairatzea tokatu zitzaion. Argiki azaltzen du hori bere arreba Teresa Mercero Makazagak bere testigantzan.

Izan ere, Erregimen frankistaren menpeko administrazioak Luis Mariren gaixotasunaren berri izan, bazuen. Baina familia “markatu” batekoa zenez, behin eta berriz bidaltzen zioten soldaduskara joateako deialdia. Luis Mariren ezintasuna medio, familiak entzungor egiten zien deialdi guztiei.

Horren aurrean, Guardia Zibila behin baino gehiagotan jarrera erasokorrarekin joan zen Lusi Mariren bila, «familia eta bera umilatzeko asmo hutsarekin» Teresak ondo gogoratzen duenez. «Oroitzapen txarrak» direla aitortu dio elkarteari. Familiak, borroka zenbaiten ostean, lortu zuen azkenean Luis Mari soldaduskara joan ezin duen pertsona bezala izendatzea,  agintari frankisten dokumentuek frogatzen duten bezala (ikus azpian).

(Bere arreba Teresaren testigantza lantze-fasean)

 

Mujika Amigorena, Francisco

*1884/06/04an jaio zen Usurbilen, eta Kalezarreko ‘Zapatarienea’ etxean bizi zen. 1925ean Usurbilgo Teniente-Alkate izendatu zuten, eta hortaz aparte, zinegotzia ere izan zen 1934/09/30tik 1936-2-22ra arte. Ezkondua –1908-1-11an-, IR alderdiko kidea eta Usurbilgo milizietan bulegoetan lanean aritu zen 1936/08/25etik aurrera, hain zuzen ere. Usurbilgo Gerra Komiteko kidea eta ‘Orden Público’ zelakoaren delegatua ere izan zen.

Faxistak Usurbil hartzeko atarian zeudela, alde egin zuen familia osoarekin.

Francisco 1936/12/08an alistatu zen Euzko Gudarostera -Iparraldeko ejerzitoa- eta Xixongo (Asturias) borroketan desagertu zen 1937/10/21ean. Ondoren, Bilboko ‘Escolapios’ kartzelan agertu zen. Handik Ondarretakora lekualdatu zuten 1940/03/26an. Epaitu eta 12 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, baina gerora bira jaitsi zioten. 1941/02/03an askatu zuten. 1942/02/24an 250 pezetako isuna jarri zioten erantzule politiko izateagatik eta ‘Tribunal Nacional de Responsabilidades Politicas’ (TNRP) izenekoek epaitu zuten 1956an. Indultatua irten zen.

Bera espetxeratu zutenean, Manuela Irastorza Kamino emaztea eta zazpi seme-alabak Bartzelonan zeuden errefuxiatuta. 

 

Mujika Irastorza, Santos

*Usurbilen jaiotakoa, 1912-11-1ean, hain justu. Kalezarko Zapatarienean bizi zen. Mekanikoa lanbidez, CNT sindikatuko kidea eta Usurbilgo Komiteko kidea izan zen. Muruako markesari kotxea errekisatu zion. Faxistek herria okupatzerakoan, ihes egin zuen, familia osoa bezala. 

1936ko abenduko bigarren hamabostalditik aurrera ‘MAOC-2’ batailoiko metrailadore-konpainian egon zen kabo gisa. Ondoren, teniente gradua eskuratu zuen. Euzko Gudarostean 50309 txapa zenbakia zuen, hain justu. 1937ko maiatzean ‘MAOC-2’ batailoikko 1.konpainian sargentu gisa agertzen da. 156. Brigadako kidea izan zen eta Teniente kargua ere izan zuen.

Iparraldeko frontea erortzearekin bat, 1937/10/21ean atxilotu zuten, Xixondik Frantziara itsasoz zihoazela. ‘Escolapios’ izeneko espetxean (Bilbo) egon zen atxiloturik eta, ondoren, Ondarretara lekualdatu zuten 1938/11/09an. 1939/07/05ean ‘Auxilio a la rebelion’ delitupean, 6 urteko kartzela-zigorra betetzera kondenatu zuten. 1941/05/07an aske geratu zen.

Hala ere, 1942/03/07an bigarren aldiz atxilotu zuten, kasuotan Miranda de Ebroko Konzentrazio Esparrura eramateko. Bertara 1942/04/21ean iritsi zen, hain justu. Kondena guztia beteta, 1945/05/15ean geratu zen aske. Franco Donostiara etortzen zen bakoitzean atxilotzen zuten eta, nazkatuta, Lyonera joan zen bizitzera. 1973 aldera itzuli zen lehen aldiz bisitan herrira, baina Lyonen segitu zuen bizitzen.

1988an espainiar hiritartasun berreskuratu zuen. Lyonen hil zen 2001/06/23an.

(Paulina Aizpurua familia ezagutu zuenaren testigantza lantze-fasean)

Mujika Salsamendi, Julio

*Usurbilen jaio zen 1917/12/10ean. San Estebango ‘Berritza Barrena’ baserriko semea. 1936/11/19an Guardia Zibilak atxiloturik eraman zuen Tolosako kartzelera, Federico Lasa eta beste bi lagunekin. Bi aste geroago, 1936/12/01ean, hain justu, Guardia Zibilek Ondarretako kartzelara lekualdatu zuten.

1937an kolpistek gerrara eraman zuten soldadu Logroñoko Bailen 24 Infanteriako erregimenduan, eta baita Teruelen, Gironan eta Guadalajaran ere. Fronteko lehen lerroan 17 hilabetez egon zen. 1940ko uztailean lizentziatu zuten prorroga emanda. 1942an Donostiako erreklutamendu eremuan mobilizatu zuten. Erreserban egon zen 1955 arte.

Alazne Begiristainek 1995ean egin zion elkarrizketan aipatzen du, soldadutza denbora guztian, soilik 10 eguneko bi permiso izan zituela,  gorriak eta bi ikusi zituela, hildako asko, eta lurrean etzanda babesten zirela frontean.

Elkarrizketa hemen: Julio-Mujika-Salsamendi-1995.mp3

Olano Mendizabal, Jose

Tribunal Nacional de Responsabilidades Politicas (TNRP)ek epaitua 1955ean. Indultatua 

Olano Yeregui, Jose

Usurbilen jaioa 1905-5-12. Medikua zen Lasarte-Orian eta bere lanpostua galdu zuen nazionalista zela leporatuta. Epaiketa ere izan zuen baina sententziak errugabetzat jo zuen. Jose Olano Mendizabal bere aitaordea zen.

Olariaga Egaña, Maria

*Usurbilgo irakaslea zen. Kolpistak sartu zirenean, ‘depurazioa’ izenekoa pairatu zuen eta lanpostua galdu zuen. Gerora, frankismoko urteetan berreskuratu zuen eta nesken maistra izan zen. 

Olazabal Uranga, Miguel

Bedaion (Tolosa)  jaioa  1909-5-15 eta Usurbilen bizitakoa. 27 urte zituela,  1936-11-19ko gaueko 23:30etan  Guardia Zibilak atxilotu eta Tolosako kartzelara eraman zuen. 1936-12-03an Ondarretako espetxera  lekualdatu zuten.

1978-9-23 an hil zen Donostian. Aurretik Lezon bizi izan zen eta Hondarribian lurperatu zuten.

Pichin Arbillaga, Perpetua

*Aginagako irakaslea zen. Kolpistek Udala eskuratu zutenean, ‘depurazioa’ izenekoa pairatu zuen eta lanpostua galdu zuen.

Rekondo Irazu, Dionisio

Usurbilen jaioa 1893/04/08an. Usurbilgo udaleko idazkaria zen. Ideia nazionalistak zituela-eta, kolpistek dimisioa ematera behartu zuten. Udal-aktek erakusten duten bezala, nabarmentzekoa da udal-langileen “garbiketa” ez zela kolpistek nahi zuten eran egin 1938/11/12ko lehen saiakeran. Horiek horrela, Ignacio Urkijo y Olano Gobernuko Delegatuaren presentziazko pleno berezian, udalbatza osoa eta idazkariaren “dimisioak” onartu eta alkatea eta zenbait zinegotzi berri ezarri zituzten (ikus 1936/11/14ko akta).

Gerora, 1940an, herrian bizitzea debekatu egin zioten Dionisio Rekondori eta hiru bat urtez deserriratua egon zen, lehenik Madrilen eta gerora Mugiron (Nafarroa).

 

(Familiaren testigantza lantze-fasean)

 

 

Rekondo Irazu, Joxe Agustin

Usurbilen jaioa 1881/02/04an. Orion bizi zen eta gerra aurretik bertako zinegotzia izan zen. Orioko Errepublikaren defentsarako komisario buruetako bat izan zen. Kolpistek herria okupatu zutenean, alde egin zuen erbestera. Lapurdin egon zen bizitzen urteetan. Bere ondasunak konfiskatu egin zizkioten.

Ruiz, Teodoro

Usurbilgo irakaslea zen. Kolpistek udala hartu zutenean, depurazioa/arazketa pairatu eta bere lanpostua galdu zuen.

Sagardia Manterola, Manuel

Usurbilen jaioa 1907/05/28an. 1942-02-17an atxilotua izan zen Angel Aliri eta beste batzuekin batera, presoak laguntzeko sare bat antolatu izana leporatuta. Gerra Kontseilua izan ondoren, 1942/12/10ean aske geratu zen.

Gero Usurbilen bizitzea debekatu ziotenez,  Lasartera joan zen bizitzera eta bertan taberna bat zuen (Gure Etxea). Euskal kulturaren alde lan handia egin zuen frankismoan.

Sagasta Isasmendi, Miguel

Usurbilen jaioa 1917/3/20an. Ezkongabea eta elektrikaria. UGT-ko eta Alderdi Komunistako kidea. 44. Batailoiko kidea (Salsamendi) “Enlaces y transmisiones” sekzioan.

1937/04/04ean Otxandion zauritua suertatu ostean,  gerra-elbarria deklaratu zuten. Juxtu hilabetera, 1937/05/09an,  “profugo” deklaratu zuen udalak, 1938ko soldadutzarako deialdira ez aurkezteagatik.

Frantziako Judes /Sept-Fonds-en eta Gurs-eko kontzentrazio eremutan  egon zen errefuxiatu. Gurs-etik Bidarteko Ilbarritz/La Roseraie-ko ospitalera lekualdatua izan zen 1939/04/26an.

1947an Mendiben (Nafarroa Beherean) ezkondu zen. Hurrengo urtean Argentinara joan zen familiarekin eta 1962an, berriz,  Estatu Batuetara. Ontarion (Oregon) bizi izan zen 1998/07/30ean hil zen arte.

 

Sagastume Lasa, Jose Maria

1913/02/20an Alegian jaioa eta IRko kidea. Kolpistak Alegin sartzerakoan Donostira ihes egin zuen. Azaña Batailoian borrokatu zuen Usurbilgo frontean. 1937an Bilbo okupatzearekin bat, Azaña utzi eta Perezagua batailoian txertatu zen, Kabo izatera iristera. Santoñan 1937/08/26an atxilotu egin zuten eta 1937/09/23an Duesoko konzentrazio esparrura lekualdatu zuten. Ondarretara lekualdatua izan zen 1939/05/25an eta 1941/05/07an baldintzapeko askatasuna. Azkenik, 1943/08/26an behin-betiko askatasuna lortu zuen  

Salsamendi Arruti, Domingo

*Usurbilen, ‘Bizkarre’ baserrian jaioa 1919/03/04an. Senitartekoek kontatzen dutenaren arabera, 1938an baserritik eraman zuten derrigortuta soldadu borrokara faxisten alde. Urteetan desagertutzat jo zuten. 1942/11/11n inskribatutako Usurbilgo Parrokiako agiriaren arabera, Ebroko batailan, Kataluniako frontean, hil zuten 1938/7/25ean, hain zuzen ere. 

Tarragonako Camposines-en memorial bat eraiki zuten borroketako lubaki baten gainean, Ebroko batailan hil zirenak gogoratzeko. Bertan, plaketan, 1.388 izen-abizenak jasota daude, tartean Domingo Salsamendi Arrutirena.

Segurola Zubeldia, Jesusa

*Usurbilen jaio zen 1925/05/19an. 1941/09/02an Irubideko ostatuko erromerian zegoela, Guardia Zibilak atxilotu egin zuen, Antonio Urdangarin Agirre, Jose Lazkano Zubizarreta, Juan Mujika Iraola, Jose Goenaga Gorriti, Jose Migel Irastorza Elgarrista, Juan Jose Auza Bengoetxea, Alejandro Basurto Basurto, Juan Basurto Basurto eta Martin Ollakindia Mujikarekin batera. Atxilotzearen arrazoia: haien soinean Ernioko erromeriatik ekarritako koloretako zinta batzuk -ustez ikurriñarenak- eramatea. Ezin izan zuten frogatu, ordea,  “koloretako zintek zehazki ikurriñaren kolorekoak zirenik”. Hortaz, 1941/09/10ean aske geratu ziren. Baina sumarioa ez zen 1944ko martxora arte itxi.

Aipatzekoa da Jesusak 16 urte besterik ez zituela orduan eta, halaber, espedientea bere izenarekin izenburutu zutela (“Sumarísimo nº4046-41: Jesusa Segurola Zubeldia y diez más“)

Urcheguia Otegui, Jose Antonio

Andoainen jaioa 1905-10-02an eta Aginagan bizi. 1941-06-12an atxilotu zuten Ondarretan gartzelaratuz, 30 eguneko atxiloketa, 250 pzta.-ko isun bat ez ordaintzeagatik. Ez zituen zigorraren 30 egunak bete eta 1941-06-24 aske utzi zuten. 

Zatarain Goia, Jose Anbrosio

Usurbilen jaioa 1881/4/5ean. EAJ-ko militantea. Gerra garaian exiliatu egin zen Karmen Ibañez Loidi emaztearekin, bi semerekin eta anaia apaiza Felixekin.

Urte asko eman zituen Pauen (Frantzia). Ondareak kendu zizkioten (Usurbil, Altza, Billabona…) baina urteetara berreskuratzea lortu zuen. Frankismoaren hasieran, Txokoalde auzoan zuen Torrea etxea Auxilio Social erakunde frankistakoek erabili zuten nesken zentroa bezala.

(Zatarain familiaren testigantza)

Zubeldia Bengoetxea, Jose [Martin]

Usurbilen jaioa, 1890/02/04. Aginagarra. 1909ko deialdikoa, ezkongabea CNT-ko kidea. Euzko Gudarosteko Ingeniarien 1. Batailoian soldadu gisa ibili zen.

Faxistek atxilo hartu ostean, trukatua izan zen eta aske geratu zen 1938/11/24ean. Estatu frantsesera ihes egin eta  Saint Cyprien eta Bram-go internamendu zelaietan egon zen 1939/04/12 arte.

Bere familiako beste kide batzuk ere gorabehera asko pairatu zituzten, bere arreba Maria eta ilobak esaterako. (Ikus Josefa Gonzalez Zubeldia Gerrako Umearen fitxa) 

Zubitur Salsamendi, Juan

Zubietako Goiaran baserrikoa. Fusilatzeko puntuan zutela Paulino Uzkudun boxeolari famatu eta falangista amorratuak salbatu zuen.

Donostia eta inguruak hartu eta gero, Irubideko gainera ekarri zuten atxilotuta, beste batzuekin batera, Goiarango Juan Zubitur, “sozialista” zela leporatuta. Fusilatzaileen artean Paulino Uzkudun omen zegoen, eta hark Juan Zubitur ezagutu [Juanen aita errezildarra zen Uzkudun bezala]. Esan omen zion: “ze egiten dek hemen?” eta Juanek erantzun berak ez zuela ezer egin, eta norbaitek salatu omen zuela lapurtzeko edo… Paulino Uzkudunek esan omen zien falangista bere lagunei: “este es amigo, dejadle marchar” eta Juani: “aldeintzak hemendik segituan!” Honela salbatu omen zuen bizia Juan Zubiturrek.

Gerora soldadutzara eraman zuten.