Lubakiak, borroken aztarna
1936ko abuztu bukaera eta irail erdialdera kolpisten erasoari aurre egiteko Andatza mendian eratutako defentsa-lerroko zenbait lubaki berreskuratu ondoren, bisitaldi gidatua antolatu genuen 2024ko apirilaren 13an.
Arkeologo taldeak, elkarteko kideak eta herriko zenbait gaztek auzolanean egindako ahaleginaren emaitza erakutsi genuen, baina era berezian. Izan ere, bisita antzeztua izan zen, eta mendiko zenbait gune probestuz, birsortze historikoaren kutsua eman genion.
Orotara 30 bat figurante, tartean herritar andana eta elkarte memorialistetako zenbait lagun, aritu ziren errepublikaren aldekoen hainbat pasarte antzezten, izan mendi kontrolak, kolpisten erasoaldiari erantzuna edota Saseta komandantearekin Fronte Popularreko kazetariek izandako elkarrizketa irudikatzen.
Horrez gain, azalpen historiko, beliko eta arkeologikoak eman ziren bertaratu ziren 80 bat bisitariei.
Borroka haietan beren bizia utzi zuten 19 miliziano eta gudarien eta 55 zaurituen adore paregabeari aitortza egiteko baliatu genuen ekimena.