Irubide (Fusilatuei omenaldia)

Hobi komuneko pertsona ezezagunak, gogoan

Tropa kolpistak Usurbilen sartu ziren 86. urteurrenarekin bat, 2022ko irailaren 18an Irubide inguruan -Fagor-Luzuriaga enpresa eta Iberdrolaren zentralaren zelaigunean- ekitaldia egin genuen, herrian memoria-guneak berreskuratzeko egitasmoarekin jarraituta.

Aspalditik dakigu kolpistek, besteak beste Donostia, Usurbil eta Lasarte-Oriako jende andana erail eta lurperatu zutela eremu horretan. Leku hori exekuzio gunea zela berresten duten testigantza ugari dago, hain zuzen.

Lekukotasun horiei esker zantzu asko ditugu bertan fusilatutakoen artean zeudela Jose Heredero Pinela, Donostian bizitako usurbildarra eta Juan Antonio Irulegi Ulanga andoaindarra.

Biei ala biei aitzortza egin genien ekitaldi xume eta hunkigarrian. Baita zorigaitzeko hilobi horretan egon daitezkeen beste pertsona guztiei ere. Adarjoleek ireki zuten omenaldia, eta ondoren txalapartak jarraitu zuen. Poesiarako tartea -saxofoia lagun- ere izan zen, agurra dantzatzeaz gain, noski.

Izan ere, ingurune horretan oroigarria jarri dugu, eta loreak-eskaintzeko tartea ere izan zuten herritarrek, alderdi politikoek eta fusilatuen senitartekoek. Azken horiek hitz egiteko aukera izan zuten ekitaldian, baita ongi egin ere. Ezin ahaztu Joseba Tapia musikaria, berak ere gudarien inguruko gerra-abestia jo baitzuen.

Azkenik, Usurbilgo Udaleko alderdi politiko bakoitzeko ordezkari banak komunikatu komuna irakurri zuten, denak batera oholtzan zirela, ezkutuan egondako bidegabekeria ikusgarri egiteko.


Jose Heredero Pinela ©’Usurbilgo baserriak eta baserritarrak‘ – Josu Tellabide

Jose Heredero Pinela

Usurbilen jaioa. Gurasoak herriko maisu-maistra ziren. Ezkondu ostean, Donostiara joan zen bizitzera. Txofer lanetan ibiltzen zen. Igeldoko eta, gerora, Igarako autobus linea sortu zuen, inguruetako baserritarrek beren produktuak saltzera eraman zitzaten Donostiako merkatuetara. 1936-10-3an fusilatu zuten, 33 urte zituela.

Juan Antonio Irulegi Ulanga

Andoaindarra jatorriz. Donostiako Parte Zaharrean ‘Intza’ taberna zuen Paulina Garmendia emaztearekin. Gerra ostean, ordea, ‘Bar España’ izendatzera behartu zuten lokala. Seme-alaba bana zituen, Jesus Mari eta Ixiar, hain zuzen. EAJ alderdiko militantea, estatu kolpe saiakeraren une horietan Donostiako defentsan aritu zen kolpisten aurka. 32 urte zituela atxilotu eta Irubiden hil eta desagerrarazi zutela uste dugu, 1936-10-5ean, hain zuzen.