Gerra guztietan hildakoak dira gehien kontuan hartzen direnak, baina ahanztuan geratzen diren horiek, zaurituak, alegia, askoz gehiago izan ohi dira kopuruz. Gainera, bizitza osorako markak gordetzen dituzte pertsonok. Gudaren ondorio isila. Hemen horietako batzuen historia azalduko dugu.
Aburruza Otegi, Manuel
Alderdi Komunistara afiliatua zegoen. Rusia Batailoiko Lenin taldeko 1. Konpainiako milizianoa zen, hain zuzen. MAOC-1 Larrañaga Batailoiko 2. Konpainian ere egon zen borrokalari gisa 1936ko abendutik 1937ko martxora arte. Euzko Gudarosteko 46.073 txapa zenbakia zuen. 1937ko martxoaeren 2. hamabostaldian, zauritua edo gaixo zegoen batailoian.
Bere bi anaia Joxe eta Maurizio ere milizianoak ziren.
Aburruza Otegi, Maurizio
Anoetan jaioa 1905/12/28an. Lasarte-Oriako Kale Nagusian bizi zen. Ezkondua. Xaboigintza enpresa batean ziharduen lanean. Izquierda Republicana-ko kidea zen Euzkadiko JSU eta UGTn afiliatua zegoen. Zubietako abiazio-zelaiko batailoian (UHP) miliziano eta 1936/08/25tik, Usurbilgo Gerra komisaldegiko milizianoa.
Gerora, Zornotzako frontean zauritu egin zuten aldakan eta Santoñan operatu zuten. Santandergo frontean desagertu zen. Bere alaba Pilar Aburruza Garroren testigantzaren arabera, familiak uste du kolpistek preso hartu eta gerora beren alde borrokatzera behartu zutela. Hori pentsarazten dio handik urteetara estatu frankistak pentsio bat ematen ziolako gerra-elbarri izateagatik.
Pilar alabak (orduan hilebeetako haurra) eta bere ama Elena Garrok (UGTn afiliatua) Bizkaia aldera jo zuten faxistak Lasartera iristear zeudela. Bilbotik atzerrira ebakuatu zituzten 1937/05/29an. Kantabriako Miera herrian ere izan ziren eta baita Lleidan ere errefuxiatuta. Lasartera itzulita, etxea konfiskatu zietenez, familia Usurbilgo Larbain baserrian bizi izan zen urteetan.
Albiztegi Arriaran, Gillermo
Bergaran jaioa 1911/04/04ean. PCE eta UGT-n afiliatua. Bergarako milizietako kidea 3. Eskuadran. Orion mobilizatua eta Usurbilgo frontean zauritua 1936/09/06an. Geroago, 5. Batailoiko (JSU) 2. konpainiako kidea.
1937/05/02an hil zen, Bilbon, frentean borrokan zauritua izan ostean.
Alonso Castañedo, Federico
Penacastillan (Santander) jaioa. 34 urte zituen 1936ean eta ezkondua zegoen. “Guardia de Asalto”ko kidea zen. Usurbilgo frontean zauritu izan zen 1936/09/13an.
Alvarez Garcia, Toribio
Riañon (Leon) jaioa. 28 urte zituen 1937an. Bilboko “Guardia de Asalto”ko kidea zen.
Zutabe horretan borrokan zebilela zauritu zuten Usurbilgo frontean 1936/09/08an. Altuna-Mendi itsasontzi-espetxean zaintza lanetan aritu zen ere. Gerrako merituen bidez kabo, sarjentu eta teniente graduak eskuratu zituen, 90. Asaltoko konpainian.
Gerora Gerra Kontseilua izan zuen Zaragozan eta 1941/01/28an sei urteko zigorra jaso zuen “errebolta laguntzeagatik”.
Aranguren Zendoia, Justo
Azpeitiakoa zen jatorriz, EAJ-ko kidea. Usurbilgo frontean zauritua suertatu zen 1936/09/05ean. Gernikako Euzko Gudarostearen kuarteleko gudaria. Horren ostean, Saseta 53. Batailoiko konpainian zamaltzain lanetan aritu zen.
Arin Laskarai, Nikasio
Betelun jaioa 1913/12/16an. Ezkongabea. EAJ-ko kidea eta Euzko Gudarosteko kaboa, Donostiako San Bartolomeko milizianoa. Zauritua suertatu zen Usurbilgo frontean 1936/09/05ean. Kabo graduarekin Elgoibarko Arrillaga Erietxean egon zen 1936/12/05ean.
Gerora epaitua eta kondenatua izan zen. Iruñeako espetxetik baldintzapeko askatasunean geratu zen 1941/8/11n.
Arruti Iparragirre, Juan
Usurbilen jaioa 1907/06/16an. Ibarrola baserriko semea. Arotza. Juventud Unificadara afiliatua eta MAOC-1 Larrañaga Batailoiko milizianoa 1936ko urria osoan.
Grullosen (Asturias) zauritua izan zen 1936/10/17an . Erren geratu zen bizi osorako. Gutxienez abendura arte nominetan ikusten den bezala, gaixo/zauritu gisa egon zen. Tomas Iparraguirre lehengusuak beretaz galdegin zuen “El Liberal” aldizkarian. Donostian zendu zen 1973/04/18an.
Bere anaia Inaxiok, bera bezala errepublika defendatzera joandakoa, bizia galdu zuen Avilesen (Asturies).
Artola Del Puerto, Juan
Errenterian jaioa eta Oiartzunen bizitakoa. 22 urte zituen 1936ean. Ezkongabea, EAJ-ko kidea eta Euzko Gudarosteko kidea Loiolako milizietan.
Zauritua izan zen Zubietagaingo frontean (Usurbil) 1936/09/05ean. Dorigako (Asturies) erietxera lekualdatu zuten 1937/05/16ean. Bidarten, (Lapurdi) La Roseraie Ilbarritzgo erietxean internatua zegoen 1937/12/31n.
Astigarraga, Antonio
Errenteriakoa. Alderdi Komunistako kidea. Usurbilgo frontean zauritua 1936/09/05ean.
Azkargorta Laborda, Jose
Bilbon jaioa. 30 urte zituen 1936ean. Ezkondua, Zarauzko “Orden Público”-ko kidea. Zauritua izan zen Usurbilgo frontean 1936/09/09an.
Bengoetxea Istillar, Julian Gregorio
Usurbilen jaioa 1908/02/15ean eta Donostian bizitakoa. Alarguna. Soldatzailea zen ofizioz. 1936ean MAOC eta UGT-ko kidea zen eta hasieratik borrokan aritu zen, Antiguoko Zaintaldeko kide gisa. Rusia batailoiko Asarta konpainiako kidea ere izan zen. 1936ko azarotik aurrera, berriz, UHP (5. zkia.) Batailoian, 2. konpainian zegoen, K98 15852. zkia zuen eta Mauser fusil bat zuen bere gain.
Gorbea-n (Embalses posizioan) zauritu zuten 1937/04/02an, metraila zati bat ezkerreko birikan jasota. 1937/08/20an iritsi zen Frantziara Santoñatik ihes eginez. 1939/06/17an Bidarteko Ilbarritz/La Roseraieko elbarrien zentrora heldu zen. Lau hilabete geroago, 1939/10/11n alde egin zuen Ilbarritzetik, Donostiarantz abiatuz. Bost eta hiru urteko bi haur zituen orduan.
Bengoetxea Urruzmendi, Esteban
Usurbilen jaioa 1917/09/14an. Egiluze Handi baserriko semea. Gerra hasi zenean soldadutza egiten zegoen. Guztira zazpi urte egin zituen bertan. Kolpisten aldean zauritua izan zen eta hil arte bala bat eraman zuen saihetsean. Troiako Martin Zarauz Etxabe Villarrealen (Castelló) nola hil zen ikusi zuen. 1972/02/14an hil zen infarto baten ondorioz, 54 urterekin.
Beunza Morillo, Bernardo
UGT-koa eta Izquierda Republicana-Azaña milizietako kidea. Zauritua izan zen Usurbilgo frontean 1936/09/08an eta Bilboko Santiago Apostol ospitalera eraman zuten. Euskaditik ebakuatu zuten 1937/04/10ean.
Cabrero Madaria, Bernardino
19 urte zituen 1936ean. Ezkongabea eta CNT-ko kidea zen. Deustuko Unibertsitateko milizianoa, 1936/09/05ean mobilizatua Bilbotik Gipuzkoara.
Usurbilgo frontean zauritu zuten 1936/09/07an. Ondoren, “UGT-10” 61. Batailoian, “IR-Capitan Casero”52. Batailoian eta “JSU-Cultura y Deporte” 43. Batailoian aritu zen borrokan.
Calvo, Angel
Karabineroa zen. Usurbilgo frontean zauritu zuten. Bere aitak nota bat bidali zuen ‘El Liberal’ aldizkarira bere berri jakiteko.
Eguskiza Pellicer, Blas
Karrantzan (Bizkaia) jaioa, 37 urte zituen 1936an eta ezkondua zegoen. IRko kidea. Deustuko Unibertsitateko 1. konpainiako milizianoa (4. batailoia, Deustoko 2. konpainiakoa gero). 1936/08/31ean Bilbotik Lasartera mobilizatu zuten. Usurbilgo frontean borrokan zebilela zauritu zuten 1936/09/09an. Gurutze Gorriko ospitalean egon zen Donostiako ebakuazio egunera arte baina ezin izan zuten bertatik atera “oso larri baitzegoen eta kotxean hilko baitzen ebakuatzerakoan”.
Elizondo Arozena, Esteban
Errenterian jaioa. 24 urte zituen 1936an. Ezkongabea, EAJ-ko militantea eta Euzko Gudarosteko kidea zen Loiolako milizietan. Zauritua izan zen Zubietagain/Andatzako frontean 1936/09/05ean.
Errazkin, Inazio Maria
Usurbilgo milizietako kidea. Zauritua Usurbilgo frontean 1936/09/07an.
Fagoaga Barberan, Jose
Usurbilen jaioa 1901/04/15ean. Kalezarren (Asparrenea) bizitakoa. Ezkondua, UGT-ko kidea. 1936/08/01ean, milizianoa Largo Caballero batailoian eta Astigarragan borrokan .
Bizkaia aldera alde egin ostean, 1937/04/10ean laguntza eskatu zuen berarentzat eta bere emazte Maria Sansiñena Labaienentzat Bilboko Asistentzia Sozialean.
Gerora Estatu frantsera erbesteratu eta Gurs-eko internamendu eremuan egon zen 9220 fitxa zenbakiarekin. Handik, Bidarteko Ilbarritzeko ospitalera lekualdatu zuten 1939/07/14ean. Hendaiako Espainiako kontsulatuan bere heriotza inskribatu zuten 1941eko otsailaren 20an.
Fernandez de Lekuona, Jose Maria
Zumarragan jaioa. 28 urte zituen 1936ean. Ezkongabea, EAJ-ko kidea eta Zumarragako batzokiko presidentea zen. Bere aita, Basilio, Zumarragako alkatea zen.
Komandante kargua zuen Euzko Gudarosteko Loiolako milizietan. Kandido Saseta komandantearen laguntzailea zen. Andatzako frontean zauritu zuten 1936/09/06ean. Saseta Batailoiko 3. ametrailadore konpainian gudari zegoen 1936/11/30ean. Legutioko frontean larri zauritu zuten 1936/11/31ean eta segituan hil egin zen. 1936ko abenduaren 2an hobiratu zuten Gernikan.
Fernandez Lazkano, Ramon
Bilbon jaioa. Donostian eta Errenterian bizi izan zen. EAJ eta SOV-eko kidea. 22 urte. ‘El Día’ egunkarian egiten zuen lan linotipista bezala. Gerra hasieratik Errepublika defenditzeko milizietan sartu zen, zehazki Saseta batailoian, kabo graduazioarekin.
Faxistek Donostia hartu ondoren, Andatza mendiko frontean irailean izandako borroketan ibili zen eta ezkerreko hankean tiroz zauritua suertatu zen. Zestoan artatu zuten eta sendatu bezain laister, Bizkaia aldera jo zuen borroka jarraitzeko. Besteak beste, Elgetako frontean egon zen hiru hilabetez Metrailadoreen 2. Konpainian sarjentu graduarekin eta, gerora, Eibar inguruan beste bitan. Atseden-baimen batean zegoela, Bilbo erori eta Kataluniara ebakuatu zuten.
Fernandez Rodriguez, Jose
UHP Batailoiko eta Asarta konpainiako kidea. Andatzako mendi magalean hegazkinek jaurtitako metrailarekin zauritua 1936/09/12an
Fernandez, (Jose) Luis
32 urte zituen 1936ean eta lubaki-egilea zen ‘Zapadores’ Batailoian. Zauritua izan zen Usurbilgo frontean 1936/09/05ean urradura-muskular batekin eskuineko hankan. Bilboko Santo Hospital Civil-en artatu zuten.
Gambrina, Emeterio
Montalbokoa (Barakaldo). Zauritua Usurbilgo frontean 1936/09/05ean.
Garcia Aldaia, Jose
Mugairen jaioa, Donostian bizi zen. 51 urte zituen 1936an. Ezkonduta zegoen eta 14 urteko alaba zuen. Donostiako udalzaina zen eta Udal Langile-Elkarteko kidea.
Irungo frontean borrokan aritu zen UHP Batailoian, Asarta konpainiarekin. 1936/09/12an buruan zauritu zuten San Esteban-Usurbilgo frontean. Donostiako Hotel Londresen zegoen Odol Ospitalera eraman zuten baina kolpistak hiria hartzeko atarian zeudela, zaurien larritasuna zela-eta, ezin izan zuten handik ebakuatu.
Garcia, Santiago
Zumarragako milizietako kidea. Zauritua Usurbilgo frontean 1936/09/07an.
Garitazelaia Ricondo, Diego
Kastron (Kantabria) jaioa, 37 urte zituen 1936ean. PSOE eta UGTko afiliatuta. PS-UGTko 4. Batailoian miliziano gisa zegoen Usurbilen eta oinean zauritua izan zen 1936/09/07an. Egun berean, Donostiako Hotel Londresera eraman zuten eta handik hil bereko 11an Barakaldoko ospitalera lekualdatua izan zen. 1936/10/05ean eman zioten alta.
Gascon, Francisco
Eibarko milizietako kidea. Zauritua Usurbilgo frontean 1936/09/07an.
Godinez Avecilla, Jose
Cartagenan jaioa, 26 urte zituen 1936an. Ezkongabea eta metalgintzako langilea. UGT eta SRI-ko kidea eta Bergarako milizietako sarjentua, Orioko destakamenduan. Sorbaldan zauritu zuten Usurbilgo frontean 1936/09/06an. Horren ostean, “Ciscar” destruktorean aritu zen kabo graduarekin.
Gonzalez Ayala, Maximo
Monasterion (Burgos) jaioa, Abanto-Zierbenan bizi zen. 1936an 29 urte zituen. Ezkongabea. PCE-ko kidea eta Dinamiteroen konpainian erroldatua. 1936/09/05ean Bilbotik Gipuzkoara mobilizatua izan zen. Usurbilgo frontean zauritu zuten 1936/09/4an. 1937ko maiatzean UGT-13 Barakaldo-Martinez de Aragongo (28. Batailoia) kide gisa agertzen da.
Gonzalez Gomez, Ramon
Cobedon (Lugo) jaioa. Abanto-Zierbenan bizi zen. 1936ean 31 urte zituen. Alderdi Komunistara afiliatua zegoen. Dinamiteroen konpainian borrokan ari zela zauritu zuten Usurbilen 1936/09/07an.
Igarola Ernabide, Eusebio “Xelebre”
Zarautzen jaioa 1910/12/13an, Usurbilgo Zendoienean bizi zen. Ezkongabea, Solidarioa (SOV-STV) eta Usurbilgo milizietan izena emana 1936/09/01etik aurrera (F. Aizpurua buru).
Gerora, Erreketeen Oriamendi Tertzioan izena eman zuen, kolpisten aldean. 1937/08/08an Loiuko ospital Militarrean egon zen gaixo/zauritu gisa.
Illarramendi Odriozola, Jose Maria
Errenterian jaioa. 1936an 28 urte zituen. Ezkongabea, EAJ-ko kidea eta Euzko Gudarosteko Loiolako milizianoa. 1936/09/05ean Usurbilen, Zubietagaineko frontean, zauritu zuten bizkarrean.
Illarramendi Zubeldia, Antonio
Usurbilen jaioa 1919/01/17an. Txokoaldeko Simonea baserriko semea. Nazionalista. Kolpistek soldadu eraman zuten eta Terueleko frontean zegoela, birikan bala bat jaso eta larriki zauritua suertatu zen. Erietxean denbora luze egin zuen eta osatutakoan etxeratzen utzi zioten.
Bere bi anaia, Patxi eta Lukas, borrokan ibili ziren Errepublikaren alde.
Familiak zuen taberna (Simonea) itxi egin zioten eta 1940an irekiera eskatu zuenean, Gipuzkoako Gobernadore zibiliak ukatu egin zion.
Illarramendi Zubeldia, Francisco
Usurbilen jaioa 1911/09/04an. Txokoaldeko Simonea baserriko semea. Ezkongabea. Nazionalista. Michelinen egiten zuen lan.
1936/08/25etik aurrera Usurbilgo Gerra komisaldegiko miliziano gisa aritu zen, txofer lanetan. Zauritua izan zen tiroz Usurbilgo batzokitik ateratzerakoan 1936/09/12an. 2003an hil zen.
Bere bi anaia ere, Lukas eta Antonio, gerran ibili ziren. Lehena miliziano errepublikaren alde eta bigarrena, kolpisten aldean, soldadutzara eramana izan ostean.
Familiak zuen taberna (Simonea) itxi egin zioten eta 1940an irekiera eskatu zuenean, Gipuzkoako Gobernadore zibiliak ukatu egin zion.
Iribar Illarramendi, Jose Luis
Usurbilgo Urdaiaga baserrian jaioa 1892/01/11n. Hernanin bizitakoa. 45 urte zituen 1936ean. Ezkongabea, igeltseroa ogibidez. EAJ-ko kidea zen. 1936/09/03an hankan zauritu zuten Hernaniko Santa Barbarako gotorlekuan, lubakitze lanak egiten zegoela. Zarauzko Miserikordi Etxean ospitaleratu zuten.
Irizar Oregi, Esteban
Bergaran jaioa, langilea eta EAJko Loiola Batailoiko kidea. Usurbilgo frontean zauritua 1936/09/11n
Jenchea, Anastasio
Usurbilgo milizietako kidea. Zauritua 1936/09/12an.
Laguna Arakistain, Juan
Bilbon jaioa. 1936an 25 urte zituen. Ezkondua eta alaba baten aita. Segurtasun eta Erasorako Taldeko kidea zen. 1936/09/10ean, Mauser bala batek zauritu zuen oinean Usurbilgo frontean borrokan zegoela.
Landa, Martin
Elgoibarkoa izatez, Usurbilgo milizietako kidea. Zauritua Usurbilgo Frontean 1936/09/07an.
Lete, Jose
Errenteriakoa. Zauritua Usurbilgo frontean 1936/09/05ean.
Lopez Alonso, Emiliano
CNT eta Izquierda Republicana-ko Azaña Bataloiko milizietako kidea. Lasarteko frontean zauritua 1936/08/15ean eta Usurbilen artatua. Irailaren 4an berriz zauritua suertatu zen eta hilaren 14an, Bilboko Santiago Apostol erietxera lekualdatu zuten.
Lopez de Ipiña, Gerardo
Usurbilgo milizietako kidea. Zauritua Eibarren 1936/09/07an.
Lopez, Lucio
Bilboko Erasoko Guardiako kidea. 1936/09/07an zauritua Usurbilgo frontean.
Losa, Braulio
Usurbilgo milizietako kidea. Zauritua Usurbilgo frontean 1936/09/07an.
Marco Gantxegi, Pedro
Bergaran jaioa. Ezkongabea. EAJ-ko kidea. Andatzako frontean zauritu zuten 1936/09/9an, 21 urterekin. Egun haietan Usurbilen zauritutako milizianoen zerrendan oker agertzen da bigarren abizena. Euskaditik ebakuatua izan zen 1936/10/22an.
Martin, Abel
Errenteriakoa. Zauritua Usurbilgo frontean 1936/09/05ean.
Mendibil, Alejandro
Usurbilgo milizietako kidea. Zauritua 1936/09/12an.
Meranza, Juan
Bilboko Erasoko Taldeko kidea. Zauritua izan zen Usurbilgo frontean 1936/09/06an.
Miranda, Marcelino
Bilbokoa. Zauritua Usurbilgo frontean 1936/09/05ean.
Montoya, Jesus
Usurbilgo milizietako kidea. Teniente eta Alferez karguak izan zituen. Zauritua izan zen Andatzako frontean 1936/09/06an.
Muguruza Lizaso, Kosme
Bergaran jaioa. 23 urte zituen 1936an. Bergarako milizietako kidea, Orioko destakamentuan borrokan. 1936/09/06ean zauritua izan zen Usurbilgo frontean eskuzko granada baten leherketaren ondorioz. Hotel Londres-ko ospitalean ingresatu, Altzolara ebakuatu eta Basurtoko ospitalean ingresatua 1936/10/13an.
Mujika Irastorza, Felix
Usurbilen jaioa 1918/01/24an. Kalezarko Zapatarinean bizi zen. Ezkongabea, nazionalista eta 1936/08/25etik aurrera Usurbilgo Gerra komisaldegiko 3. Eskuadrako milizianoa (M. Uranga buru). 1936/09/05ean zauritua izan zen Andatzako frontean. 1936ko urrian MAOC-1 Larrañaga Batailoiko kide zen eta abenduko 2. hamabostalditik MAOC-2 batailoian, ametrailadore konpainian, zegoen. Euzko Gudarosteko 28.028 txapa zenbakia zuen. 1937ko abuztuan, 156. Brigadako kidea izan zen, kabo karguarekin. Hilabete batzuk geroago, 1937ko abenduaren 1ean, Karabineroen Agintaritza Orokorrak sarjentu kargura goratu zuen.
Aita (Francisco) eta anaia (Santos), biak ere milizianoak, preso hartu zituzten. Juan eta Pablo beste anaiak ere milizianoak ziren. Ama Mariak, Antonio eta Manuela anaia-arreba gazteenekin erbestera jo zuen. 1938an, Mollet del Vallès-en (Bartzelona) zeuden.
(Paulina Aizpurua auzoaren testigantza lantze-fasean)
Mujika Salsamendi, Benito
Usurbilen jaio zen 1919/09/15ean, San Estebango Berritzabarrena baserrian.
Familiak utzitako dokumentuei esker, soldadu egon zen zazpi urteetako gorabeherak jakin ahal izan ditugu. Berez, 1940ko kintakoa bazen ere, 1938ko martxoan mobilizatu zuten. Donostiatik, Logroñora (han gaixotu eta erietxean egon zen), Burgosera, Palma de Mallorcara eta Incara destinatu zuten, Infanteriako Erregimendutan beti. Penintsulako zenbait frontetan aritu zen borrokan.
1940ko urrian lizentziatua izatea eskatu zuen baina ez zioten onartu. Halere, 1942ko apirilean, lizentziatzea lortu zuen erreserban segitzeko baldintzarekin, baina ez zion asko iraun. Izan ere, 1942ko abenduaren 28an berriro mobilizatu zuten Donostiako Mendi Infanterian. Urte eta erdi geroago, epe baterako lizentziak lortu zituen nahiz eta hilero udaletxera joan behar zuen kontrola pasatzera. Azkenean, 1945/10/15ean, soldadutzara deitua izan eta zazpi urtera, lizentziatu egoera aitortu zioten, beti ere 1948ko abendura arte iraungo zuen urteroko ikuskatzea pasatzeko betebeharrarekin.
1995ean Alazne Begiristainen egindako elkarrizketan, kontatu zuen 18 urterekin eraman zutela soldadutzara eta zazpi urte egin zituela bertan. Valladolideko frontean egon zela, gero Ebroko batailan, Toledon eta baita Badajozen ere. Justu hango herri batean, Monterrubio de la Serenan, zauritu zuten sabelean bala bat jasota. Jan falta handia izaten omen zuten.
Toledon, Tajo ibaian jazotako pasartea ere kontatu zuen: Santiyo bigarrenean (uztailak 26), batailan gori-gori ‘abantzean’ zihoazela, errioa pasata, ‘gorrik’ su eman zioten gariari eta belartzari. Suak harrapatzea ekiditeko Tajora salto egin behar izan zuten, “motxila, 200 bala, 4 esku-bonba, motxila, platera, fusila bizkarrean eta guztiarekin… putzura”. Bera igeri nolabait atera omen zen ibaitik baina bere konpainiako 8 soldadu bertan ito egin ziren.
Bere anaia Julio atxilotu eta gero frontera eraman zuten kolpistek.
Elkarrizketa hemen: Benito Mujika Salsamendi-1995
Bere iloba Itziar Illarramendi Muxikaren testigantza 6’oo” – 6’30”
Mujika Sistiaga, Juan Jose
Pasai Donibanekoa. 23 urte. EAJko milizietako kidea zen. 1936/09/07an zauritua izan zen Usurbilgo frontean (Andatza).
Muxika Uranga, Lorenzo
Errenterian jaioa, 30 urte zituen 1936an. Ezkongabea. EAJ-ko militantea eta Euzko Gudarosteko kidea Loiolako milizietan. Sorbaldan zauritua izan zen Andatzako frontean 1936/09/05ean.
Navarro Indurain, Vicente
Donostian jaioa, 43 urte zituen 1936an. UGTn afiliatua zegoen. UHP Batailoiko Asarta Konpainiako kidea zen. 1936/09/12an Usurbilgo frontean, San Estebanen zauritu zuten. Hurrengo egunean Donostiako Hotel Londrese-ko ospitalean ingresatu zuen metraila zauriekin. Urriaren 7an alta eman zioten Elorrion.
Navascues Fernandez, Felipe
1936an 23 urte zituen. Usurbildarra zela dio Iparreko Ejertzitoko agiriak (erantsirik) baina bere jaiotagiririk ez dugu aurkitu. Litekeena da garai hartan Usurbilgo biztanlea izatea. Euzko Gudarosteko CNT-4 Sacco eta Vanzetti Batailoiko 1. konpainian miliziano zela, 1936/12/04ean bala batek eskuineko hankan zauritu zuen Ubideako frontean.
Peña, Antonio
Deustuko Unibertsitateko milizianoa. Usurbilgo frontean zauritua 1936/09/07an.
Retenaga Bengoa, Hilario
Lezon jaioa. 1936an 23 urte zituen. Ezkongabea. EAJ-ko militantea eta Euzko Gudarosteko kidea Loiolako milizietan. 1936/09/05ean zauritua izan zen Zubietagaineko frontean (Usurbil). Geroago 17. Batailoi 7. Brigadako Teniente izandakoa.
Salegi Arregi, Eusebio
Mutrikun jaioa. 1936an 25 urte zituen eta Mendaron bizi zen. Ezkongabea, UGT sindikatuan afiliatua eta Eibarko Amuategi Batailoiko kidea. Usurbilgo frontean zauritu zuten 1936/09/08an.
Santa Cruz, Ramon
Oñatikoa. Usurbilgo frontean zauritua 1936/09/05ean.
Saseta Etxeberria, Kandido
Hondarribian jaioa 1904/12/13an. Militarra zen eta jeltzalea. Gerra lehertu zenean, Gipuzkoako defentsa antolatzeko agindua jaso zuen. Azpeitiako Komandatziaren buru, Asteasutik Zizurkil tarteko defentsa lerroa eratu zuen, besteak beste. 1936ko abuztuan-irailean, Andatza, Andatzarrate eta Zarateko Bentako gudariak gidatu zituen. Hain zuzen, 1936/09/05ean zauritua suertatu zen Andatzako frontean.
Lekeitio, Eibar, Ubidea, Intxorta eta Otxandion ere ibili zen borroka gidatzen. 1937an otsailean, 32 urterekin, komandante egin zuten. Asturieseko frontera bidalia, Areces-en hil zen borrokan 1937/02/23an eta berarekin batera beste 187 gudari, gehienak gipuzkoarrak.
Sobredo Garcia, Nemesio
Zierbenan bizi zen. Deustuko Unibertsitateko milizietako kidea. 1936/09/05ean Gipuzkoara mobilizatu zuten. Bi egun geroago zauritu zuten Usurbilgo frontean.
Totorika Uriagereka, Anjel
Trapagaranen jaioa, 29 urte zituen 1937an. Ezkondua, sozialisten aldekoa. Deustuko 4. Batailoiko 1. Konpainiako kidea zen. 1936/09/10ean zauritu zuten Usurbilgo frontean.
Unanue Alzaga, Juan Inazio
Usurbilen jaioa 1912/08/15ean. Agerreazpi baserriko semea. Ezkongabea, nazionalista eta 1936/08/25etik aurrera Usurbilgo milizietan (J.K. Beloki buru). Usurbilgo Gerra komisaldegiko 1. Eskuadrako buruzagiordea zen.
Urte bereko urrian MAOC-1 Larrañaga Batailoiko kidea zen eta abenduaren lehen hamabostaldian, berriz, MAOC-2 batailoian zegoen, bigarren hamabostalditik aurrera, gainera, kabo gisa, 1. konpainian. 1937ko martxoaren 2. hamabostaldian MAOC-2 Gipuzkoan azaltzen da borrokan kabo laguntzaile gisa (28.040 zkia.) gisa 3. Brigadan. Villaronen egon zen ospitalean.
Urroz Fernandez, Ricardo
Donostian jaioa. 18 urte zituen 1936an. CNT-ko milizietako kide. Bakunin Batailoiko 2. konpainiako milizianoa. Aginagan zauritu zuten 1936/09/15ean. Bost tiro jaso zituen. Gerora, Capitan Casero 52. Batailoiko kabo izan zen.
Valles, Eugenio
Bilboko Guardia Zibila zen. Usurbilgo frontean borrokan zela, baja eman zioten 1936/09/07an flemoi batengatik.
Verdugo Saez, Mariano
Union de Hermanos Proletarios (UHP) Batailoiko Asarta konpainiako milizianoa. 1936/09/13ko gaupartean zauritua izan zen Andatzako magaleko parapeto batean. Altzolako ospitalera eramana izan zen eta alta jaso zuen Bizkaiko ospitaleren batean 1936/10/20ean
Villar, Juan
Bilboko Erasoko Guardiako kidea. Usurbilgo frontean zauritua izan zen 1936/09/08an.
Zubeldia Izeta, Joxe Manuel
Usurbilen jaioa, 1909/01/19an. Urdaiaga-San Estebango Oa baserriko semea. 1936an, kolpe militarra jazo zenean, soldadutza egina zuen jada baina kolpistek mobilizatu egin zuten. Desertatu eta nazionalistekin joan zen Errepublikaren alde borrokatzera.
Familiak ez daki non ibili zen zehazki baina larriki zauritua suertatu zen eta erietxean egon zen.
Bere anaia Joxe Ramon ere gerran ibili zen baina kolpisten aldean, Burgosen soldadu zegoela haiek mobilizatu ostean.
Oharra: Zenbait zerrendetan beste anaia bat -Juan Mari Zubeldia- fusilatu bezala agertzen den arren, Juan ez zen inoiz fusilatua izan. Istripuz hil zen 1939ko uztailean.
(Bere iloba Joxe Julian Zubeldia Garin-en testigantza)
Zubeldia Izeta, Joxe Ramon
Usurbilen jaioa 1911/03/21ean. Urdaiaga-San Estebango Oa baserriko semea. 1936an, kolpe militarra jazo zenean, Burgosen zegoen soldadutza egiten. Hango militarrek kolpistekin berehala lerrokatu zirenez, bera segituan eraman zuten frontera beren alde borrokatzera. Hiru urtez ibili zen lehen lerroan, besteak beste, Santanderren, Teruelen, Lleidan eta Ebroko batailan. Bertan ezagutu eta sufritu zituen pasarte gogorrak kontatzen zizkien senideei.
Zauritua ere izan zen eta bizi osoan gorde zituen metraila zatiak hankan eta besoan. 1992/01/16an zendu zen Donostian.
Bere anaia Joxe Manuel ere gerran ibili zen baina Errepublika defenditzen.
Oharra: Zenbait zerrendetan beste anaia bat -Juan Mari Zubeldia- fusilatu bezala agertzen den arren, Juan ez zen inoiz fusilatua izan. Istripuz hil zen 1939ko uztailean.
(Joxe Julian Zubeldia Garin bere semearen testigantza)