Fusilatuak

Kolpistek gutxienez zazpi usurbildar edo Usurbilen bizitako pertsona exekutatu zituzten, Usurbil hartu eta aste gutxira.

Ezkertiarrek eragindakoei dagokienez, bi eraildako izango genituzke.

Kolpistek eraildakoak · Ezkertiarrek eraildakoak

Kolpistek eraildakoak

Aginaga Otegi, Bautista

*Usurbilen jaioa 1903/04/25ean, Gaztañagan bizi. Ezkongabea, EAJ-ko kidea eta ‘Euzko-Batzoki’-ko idazkaria. Hornikuntza komitean, bulego-zerbitzuetan zegoen lanean 1936/08/25ean. Faxistak Usurbilera sartu aurretik alde egin zuen, baina bere aita -Carlos Aginaga Otegi- zendu eta haren hileta-elizkizunera herrira joan zenean eraman zuten atxilo 1936/09/30ean.

Hurrengo egunean, 1936/10/01ean, Oikia-Zumaian -Meaga inguruan- fusilatu zuten, epairik gabe. Berarekin batera Pedro Julian Agirre Gallastegi aiarra ere erail zuten matxinatuek. Bien ala bien gorpuak bide bazterrean utzi zituzten eta bertako baserritarrek lurperatu zituzten hango soro batean.

1980ko uztailaren 13an deshobiratu zituzten bien gorpuzkiak eta senideei eman. Bautistarenak Usurbilgo hilerri zaharreko panteoi batean jaso zituzten.

(Familiaren testigantza lantze fasean)

Meagan, exekutatu zuten tokian 2022an egindako oroimen ekitaldia

Aizpurua Alkorta, Patxi

*Usurbilen jaio zen 1907/03/22an. Urdaiagako ‘Zabalea’ baserriko semea. Ezkongabea, nazionalista eta Usurbilgo milizietan esku hartu zuen, Andatza zutabeko milizianoa zen 1936/08/25ean, hain justu. Usurbilgo Gerra komisaldegiko 2. Eskuadrako buruzagia.

Lasarteko kuartelera atxilo eraman zuten, anaia Eustakiorekin batera. 1936/10/10ean, Orioko mendatean fusilatu zuten, epairik gabe, beste hainbat lagunekin, tartean Koxme Yaguez usurbildarra. Familiak Zarautzen lurperatzea lortu zuen,  baina gerora hilotza desagertu egin zen eta gaur egun ez du gorpuaren arrastorik.

Bere beste bi anaiak –Nikolas eta Ramon– ere milizianoak ziren.

Bere iloba Milagros Pagola Aizpuruaren testigantza

Ainara Lizeaga Arrospide, Reginoren bilobaren testigantza 1’14”-2’47”

Itziar Illarramendiren testigantza 6’35” -7’56”

 

Furundarena Begiristain, Joxe Mari

*Usurbilen jaio zen 1915/07/17an, Aginagako ‘Eiza’ baserrian bizi zen. Ezkongabea, pilotari afizionatua eta aitari barbero lanetan laguntzen ziona. EAJko kidea eta Usurbilgo milizietan mobilizatuta 1936/08/25an (F. Aizpurua buru zuen), hain zuzen, bizargile bezala. Usurbilgo Gerra komisaldegiko milizianoa zen. 2. Eskuadrakoa, eta, beste lagun usurbildarrekin batera, Saroe jauregian (garaian jeltzaleek koarteltzat hartutako markesaren etxea) goardiak egin zituen.

San Praxku jaietan bete-betean, familiarekin etxean zegoela, txapelgorriak [erreketeak] bila joan zitzaizkion eta, gerora, lagun batzuei esker jakin zuten Lasarteko koartelara eraman zutela eta 1936/10/03an, 21 urterekin, Tolosako hilerrian fusilatu zutela epairik gabe. Hamar urte geroago, familiak gorpua berreskuratzea lortu zuen eta Aginagako hilerrian lurperatu zuen.

Bere anaia Jose Migel ere milizianoa izan zen.

(Aginagako hilerrian 2022an egindako oroimen ekitaldia)

(Marije Furundarena ilobaren testigantza)

Galarmendi Balerdi, Joxe ‘Kaxko’

*Usurbilen jaio zen 1886/12/25an, eta Juliana Aizkorretarekin ezkonduta zegoen. Kalezarreko Kaxkonean bizi zen. EAJ-ko sinpatizantea zen.

1936/11/02n, 50 urte zituela erail zuten ustez Zizurkil inguruan, inolako epairik gabe. Familia guztiak alde egin zuen etxetik. Bere bi semeak, Ramon eta Baleriano Galarmendi Aizkorreta, ezkertiarrak, Usurbilgo milizietan izena eman ostean, frontera joan ziren. Biek bizia galdu zuten bertan borrokan. Alaba Josefa ere milizietan aritu zen.

Santiago Apaolaza Orbegozo (1932/7/24an jaioa) Azpietxeko semeak 2020/12/7an Olaberrian grabatutako testigantzan azaltzen du bere aita Prudencio Apaolaza  ‘Kaxko’ren lagun handia zela eta “goiz batean hartu” eta  fusilatu egin zutela kontatzen zuela. Prudencioren beraren bila ere joan omen ziren kolpistak baina bere alaba zaharrena Maritxuk bazkaltzen hasterako Aita Gurea errezatzen entzunda, atzera egin omen zuten eta txiripaz nola salbatu zen kontatzen du.

Heredero Pinela, Jose

*Usurbilen jaioa 1903an, ezkondua eta bertan bizitutakoa. Gurasoak herriko maisua eta maestra ziren. Gerra hasi zelarik,  Donostian bizi zen. Autobus gidaria zen lanbidez, eta Igeldoko eta ondoren Igarako autobus lineak sortu zituen, inguruetako baserritarrek beren ekoizpenak Donostiara saltzera eraman zitzaten.

Donostiako Antigua auzoko erretenean aritu zen miliziano gisa. UGTn afiliatua. 33 urte zituela, inolako epaiketarik gabe fusilatu zuten 1936/10/03an, testigantza batzuen arabera Irubide inguruko eremuan, Usurbilgo sarreran, hain zuzen.

 

(Irubiden, 2022ko iralean egindako oroimen ekitaldia)

Yaguez Beristain, Koxme

*Durangon jaioa, ezkongabea eta EAJ alderdiko kidea zen. Tren-geltokian bizi zen, aita hango arduraduna baitzen. Zubietan irakasle eta baita Nekazarien sindikatuan (egungo ‘Alkartasuna’ kooperatibako aurrekaria) kontable izandakoa ere. Usurbilgo Luistarren kongregazioko idazkaria izan zen.

1936ko abuztuan, Kandido Saseta komandantea Andatzako frontean zebilela, gidari lanetan aritu zen hura elkarrizketatu nahi zioten Frente Popular kazetarientzat. Kolpistek herria hartu zutelarik, Zarautzen zegoen zenbait usurbildarrekin. Herrira itzultzea erabaki zuen berak, ezer gertatuko ez zitzaiola sinetsita. Alta, beste batzuei gertatu bezala, atxilo hartu zuten eta 32 urte zituela, Llamas komandantearen aginduz, Orioko mendatean fusilatu zuten Zabaleako Patxi Aizpuruarekin batera 1936/10/10ean, hain zuzen ere. Zarautzen lurperatu zutela uste dute.

Inaxio Olazabal usurbildarra lagun handia eta alderdikidea zuen Koxmek. Hil zituztela berria jaso zutenean, bera joan zen gorpua jasotzera Orioko mendatera. Koxmeren amak -Ventura Beristain- guraize txiki batzuk eman zizkion bere arroparen zatitxo bat ekartzea eskatuz, oroigarri edo bera zenaren froga bat izateko. Alkandoran bordatuta zituen inizialak ekarri zizkion. Amak relikario-lepoko bat egin zuen zatitxo harekin eta hil arte erabili zuen lepoan.

Koxme Gipuzkoan fusilatutako zortzi irakasleetako bat izan zen.

(Udarregi ikastolan 2022an egindako oroimen ekitaldia)

Zubiria Urruzmendi, Romana

*Aginagan jaio zen 1891/03/04an. 32 urterekin Eusebio Larzabal Orandegi añorgatarrarekin ezkondu zen 1923/11/22an. Orduan Donostiara joan zen bizitzera. Hiru seme-alaba izan zituen, horietako bat haurtxo zela hil zen istripuz.

1936ko udan, Loiola auzoan bizi zirelarik, bera etxean ez zegoela, senarraren bila joan ziren. Seme zaharrena, Pedro,  etxean aurkitu zuen eta Eusebio eraman zutela jakindakoan, bere bila joan zen. Geroztik biak desagertuta daude: 1936/09/26an fusilatu zituzten bera eta senarra Donostian. Gorpuak ez dira sekula azaldu.

Dakigula, Romana Zubiria Gipuzkoan fusilatutako emakume bakanetakoa dugu

Ikus bere alaba Maria Luisaren testigantza 

 

 

Ezkertiarrek eraildakoak

Altzibar Gorostola, Jose Maria

* Mutrikun jaioa 1890/02/11n.  Itziarko (Deba) apaiza zen. Karlista zen. Diotenez, errepublikazale ezkertiarren aurkako sermoi erasokor baten ostean, anarkistek atxilo eraman eta 1936/08/11n tiroz erail zuten Orio eta Usurbilgo mugan, Botaleku inguruetan. Sarikola altokiaren ertzean tirokatu zuten eta ‘Itzao’ baserrikoek jaso zuten  bere gorpua Oria ibai-ertzetik. Mutrikuko hilerrian hilobiratu zuten geroago. 

Barrenetxea Azpeitia, Jose

*Hernanin jaioa 1880/06/16an, Goiarro ezizenez ezagututako sendian. Bertako basozaina zen. 1936ean, 56 urte zituela, Usurbilen hil zuten.

Errepublikaren aldeko miliziano batzuk Hernanin txikizioak egiten ari omen ziren, kolpistak herria hartzeko zorian zirela. Barrenetxea horietako baten atzetik (zantzu guztien arabera Cesareo Martinez Magallon izeneko miliziano komunista) Usurbileraino iritsi zen, 1936/09/12an. 

Gertaerak zehazki nola izan ziren ez dago erabat argi, baina testigantza batzuen arabera (*) eta zenbait dokumentuek erakusten duten moduan, Martinez Saroe jauregira (Markesenea) sartu zen, bertan Usurbilgo miliziak koarteleratuta zeuden tokira, hain zuzen. Martinezek baratzera jo omen zuen, arto tartera babes bila. Han Barrenetxearekin izandako aurrez aurreko tiroketan hilda suertatu zen. Ondoren, milizianoek Barrenetxearen kontra egin eta bera ere tiroz hilda gertatu zen.

Dokumentuek jasotzen dutenez, villabonarra jaiotzez baina Hernanin bizi zen Valentin Laskurain Iribarren miliziano anarkistak ere lotura izan zitekeen gertaera haietan.

Hasiera batean, Jose Barrenetxea Usurbilen hilobiratu zuten baina bi egunetara, familiak Zarauzko hilerrira eraman zuen gorpua. Horregatik aurkitu ditugu hiru heriotz agiri (Usurbilgo parrokiakoa, Erregistro Zibilekoa eta Zarauzko parrokiakoa). Handik hamabost bat urtera, familiak Hernaniko sendiaren panteoira lekualdatu zuen.

2021/04/02an egindako elkarrizketaren zati honetan, Jexux Mari Rekondo Saroe Jauregiko pasarteaz mintzo da. Saroe Jauregian gertatutakoa