OROIMEN EGUNA
Tropa kolpistak herrira sartu zireneko 85. urteurrena zela-eta, errepresaliatutako usurbildarrak omendu genituen demokraziaren, memoriaren eta bizikidetzaren egun gisa ‘Izan zinetelako gara. Oroimen Eguna’ bataiatu genuen ekimenean. Bereziki fusilatutako zazpi herritarrak gogora ekarri genituen 2021eko irailaren 18ko ekitaldian, hain zuzen ere.
Herriko zenbait elkarte, eragile eta norbanakoekin elkarlanean antolatu genuen eguna. Goizean gazteekin batera elkarteko logoa zeraman mural-margoketa egin ostean, arratsaldean ekitaldi zinez gogoangarria burutu genuen frontoian: dantza, abestiak, poesia, mural-margoketa, lore-eskaintza herrikoia, bertsoak, historia-bideoa…
Faxistek exekututako usurbildarren senideak banan-bana oholtzara igo zireneko unea bereziki hunkigarria izan zen. Oroigarria eta lore-sorta jasotzeaz gain, merezitako aitortza eta bertaratutako herritarren berotasuna ere jaso zuten. Txalo zaparrada itzela izan zen, urteetan barru-barruan mantendutako sentipenak azaleratu eta zirrara kolektiboa eragin zuena. Emozioak bor-bor ginela, eta askok malkoak eutsi ezinik, amaitu zen usurbildarron memorian iltzatuta geratuko den herri-omenaldia.