Emakumeak gerran

*Edozein gudatan gertatzen den bezala, 1936ko Gerran ere emakumeek bereak eta bi pasa zituzten. Usurbilgo zenbait emakumek errepresioa, jazarpena, erbestea edota heriotza jasan zuten. Horren lekuko, hemen jaso ditugunak.

Emakume batzuen egoera penagarria arindu beharrean, izan ziren ere beren jarrerarekin are eta gogorragoa egin zutenak. Saturrarango emakume-espetxean zaindari lanetan zegoen usurbildar baten arrastoa aurkitu dugu, esaterako.

Agirre Goitia, Jaxinta

*’Usaskue’ baserriko alaba. 31 urte zituen 1937an, hain justu. Usurbilen bizi zen gerra hasi zen arte. Jose Aburruza Otegi senarra milizianoa zen, eta Andatzan hil zitzaion kolpistak borrokatzeko prestaketa-lanetan zebilela. Matxinatuak Gipuzkoa hartu zutelarik, Jaxinta eta bere seme-alabek, Josek eta Kontxik Aburruza Agirre, Usurbildik ihes egin behar izan zuten. 

1937/04/20an Getxoko Santa Maria kaleko 21. zenbakiko 2. solairuan errefuxiatu ziren.

Altuna Larrarte, Bixenta

*Donostian jaioa eta Usurbilen bizitakoa. 29 urte zituen 1936ean. Ezkongabea zen eta ile-apaintzailea.  Ebakuatu zuten 1936/10/22an, hain zuzen. 1937/07/17an Saint Nazairera (Frantzia) iritsi zen ‘Pilton’ itsasontzian beste lau neskekin. Horren ostean,  Tours herrian (Indre et Loire departamenduan) amaitu zuen erbesteratuta. 

Arana Etxenagusia, Juliana

*Usurbilen jaioa 1921/01/14an. Gerra garaian Andoainen bizi zen alargundutako amarekin eta bere bi anaiekin: Jose eta Manuel. Gerra hasieran familia Oriora joan zen, baina faxistek Gipuzkoa hartu zutenean, Andoainera itzuli ziren. Beste emakume batzuekin batera, ilea moztu egin zioten Julianari.

Bere anaia Jose, UGTko afiliatua, desagertu egin zen eta, datu guztien arabera, Hernanin fusilatu zuten. Manuel, berriz, soldadutzara eraman zuten kolpistek, baina hilabete gutxiren ostean gaixorik itzuli zen etxera eta 1937an hil egin zen tuberkulosiak jota.

Aranburu Arrillaga, Bernarda

*Usurbilen jaioa 1911/05/20an. Figueresen (Girona) atxiloturik egon zen 1943ko urrira arte. Hilaren 25ean Ondarretako kartzelara lekualdatu zuten, inolako arrazoirik gabe. 1943/11/30ean aske geratu zen, hain zuzen ere.

Bere aita Juan Bautista Aranburu Lertxundi, EAJko kidea, ere erbesteratu egin zen eta bere ahizpa Carmen errefuxiatuta egon zen Bartzelonan.

Arruti Salsamendi, Eugenia

*Usurbilen jaioa 1883/02/12an, Etxebeste kalean bizi zen. Telefono Probintzialean lan egiten zuen eta hiru hilabetez lanpostua galdu zuen 1937ko otsailean, kolpistek egindako depurazioen baitan.

Azurmendi Iturrioz, Maria

*Ibarran jaioa 1906/04/08an eta Aginagan bizitakoa. 1941/08/21ean Guardia Zibilak Usurbilen atxilotu eta Ondarretako espetxera eraman zuten. 1941/09/19an aske geratu zen, 30 egun atxiloturik egon ostean. 

Barandiaran Larrazabal, Ines

*’Pilton’ itsasontzian ebakuatu zuten beste lau neskarekin batera. 1937/07/17an Saint Nazairera (Frantzia) iritsi zenean 34 urte zituen. Handik Tours (Indre et Loire) hirira erbesteratu zen. Bere jatorria Usurbil dela jartzen du dokumentuan, baina ez dugu dokumenturik aurkitu. Litekeena da gerra hasi zenean Usurbilen bizitzea. Itsasontzi bereko zerrendan Gloria Josefa Barandiaren azaltzen da; beharbada bere ahizpa izan liteke. 

Barandiaran, Gloria Josefa

*Beste lau emakumerekin batera ‘Pilton’ itsasontzian ebakuatu zuten. 1937/07/17an Saint Nazairera (Frantzia) iritsi zenean 29 urte zituen. Handik Tours (Indre et Loire) hirira erbesteratu zen. Bere jatorria Usurbil dela jartzen du dokumentuan, baina ez dugu dokumenturik aurkitu, hain justu. Litekeena da gerra hasi zenean Usurbilen bizitzen egotea. Itsasontzi bereko zerrendan Ines Barandiaran Larrazabal azaltzen da; beharbada bere ahizpa zen.

Errasti Zubeldia, Maria

*Usurbilen jaiotakoa 1903/08/17an. Gerra hasi zenean, Groseko erretenean Sukalde Zerbitzuetan miliziana gisa aritu zen, hain zuzen. Donostian 1938-1958 bitartean preso egon ziren bertako herritarren zerrendan agertzen da. 1977/12/26an hil zen Arrasaten.

Galarmendi Aizkorreta, Josefa

*Usurbilen jaio zen 1917/08/24an. Kalezarreko Kaxkonean bizitakoa. Ezkongabea, ‘Solidaria’, hau da, SOV-STV sindikatuko kidea, eta SRI erakundeko kidea. Sukalde lanetan aritu zen 1936/08/25tik aurrera, Usurbilgo Gerra komisaldegiko miliziana gisa.

Bere aita, Joxe Galarmendi Balerdi, faxistek fusilatu zuten 1936/11/02an Zizurkilen, eta bere bi anaia, Ramon eta Baleriano, Otxandioko frontean hil ziren, egun berean, Errepublika eta demokrazia defendatzen.

Irastorza Kamino, Maria

*Usurbilen jaiotakoa 1887/1/31an. Kalezarreko Zapatarienean bizi zen, eta Francisco Mujika Amigorenarekin ezkonduta zegoen. Senarra eta Santos semea Errepublikaren alde borrokatzera joan eta preso hartu zituzten. Beste hiru semeak -Felix, Pablo eta Juan- ere milizianoak ziren. Felix Andatzan borrokan zauritu egin zuten.

Maria bere seme-alaba gazteenekin (Antonio eta Manuela) erbestera jo zuen. 1938an, 50 urte zituela, Mollet del Vallès-en (Bartzelona) zegoen.

 

Izagirre Aldabalde, Juana

*Usurbilen jaio zen 1918/12/13an, eta Usaskuetxiki baserrian bizi zen. Ezkongabea, nazionalista eta Usurbilgo milizietan sukalde lanetan aritutakoa 1936/08/25etik aurrera, dokumentuen arabera. Kolpistek Usurbil okupatu zutenean, ilea moztu egin zioten.

Lizarralde, Gregoria “La Emacume”

*’La Emacume’ eta ‘Mujer Separatista’ bezalako erreferentziekin ezagutzen zuten. Jatorriz usurbildarra zenik frogatzen duen dokumenturik ez dugu aurkitu, baina hainbat dokumentutan azaltzen da Usurbilekin zerikusia zuela, hain zuzen, 1936/08/20ean Francisco Aranburu Mitxelena -Zubietako apaiza- salatu omen zuen. Gerra garaian, Frantziara ihes egin behar izan zuen.

Madariaga Bilbao, Maria Luz

*‘Pilton’ itsasontzian ebakuatu zuten beste lau emakumerekin batera. 1937/07/17an Saint Nazairera (Frantzia) iritsi zenean 19 urte zituen. Handik Tours (Indre et Loire) hirira eraman zuten. Bere jatorria Usurbil dela jartzen du bidaiako zerrendak, baina ez dugu aurkitu hori egiaztatzen duen dokumenturik. Litekeena da gerra hasi zenean Usurbilen bizitzen egotea.

 

Montero Gonzalez, Petra

*Euskal Herritik 1936/10/27an ebakuatu zuten. Gerora ‘Pilton’ itsasontzian Frantziara erbesteratu zen beste lau emakumerekin batera. 1937/07/17an Saint Nazairera (Frantzia) iritsi zenean 28 urte zituen, hain zuzen. Handik Tours (Indre et Loire) hirira eraman zuten. Bere jatorria Usurbil dela jartzen du bidaiako zerrendak, baina ez dugu aurkitu hori egiaztatzen duen dokumenturik. Litekeena da gerra hasi zenean Usurbilen bizitzea.

 

 

Mujika Irastorza, Manuela

*Usurbilen jaioa 1925/02/26an, Kalezarko Zapatarienean bizi zen. Aita (Francisco) eta anaia (Santos) milizianoak ziren eta preso hartu zituzten. Beste hiru anaiak -Felix, Pablo eta Juan- ere milizianoak ziren. Felix Andatzan borrokan zauritu egin zuten.

Maria Irastorza amarekin eta bere anaia Antoniorekin erbestera jo zuen. 1938an Mollet del Vallès-en (Bartzelona) zegoen.

Olariaga Egaña, Maria

*Usurbilgo irakaslea zen. Kolpistak sartu zirenean, ideia abertzaleak zituela-eta, ‘depurazioa’ izenekoa pairatu zuen eta lanpostua galdu zuen. Gerora, frankismoko urteetan berreskuratu zuen eta nesken maistra izan zen. 

Pichin Arbillaga, Perpetua

*Aginagako irakaslea zen. Kolpistek Udala eskuratu zutenean, ‘depurazioa’ izenekoa pairatu zuen eta lanpostua galdu zuen.

Segurola Zubeldia, Jesusa

*Usurbilen jaio zen 1925/05/19an. 1941/09/02an Irubideko ostatuko erromerian zegoela, Guardia Zibilak atxilotu egin zuen, Antonio Urdangarin Agirre, Jose Lazkano Zubizarreta, Juan Mujika Iraola, Jose Goenaga Gorriti, Jose Migel Irastorza Elgarrista, Juan Jose Auza Bengoetxea, Alejandro Basurto Basurto, Juan Basurto Basurto eta Martin Ollakindia Mujikarekin batera. Atxilotzearen arrazoia: haien soinean Ernioko erromeriatik ekarritako koloretako zinta batzuk -ustez ikurriñarenak- eramatea. Ezin izan zuten frogatu, ordea,  “koloretako zintek zehazki ikurriñaren kolorekoak zirenik”. Hortaz, 1941/09/10ean aske geratu ziren. Baina sumarioa ez zen 1944ko martxora arte itxi.

Aipatzekoa da Jesusak 16 urte besterik ez zituela orduan eta, halaber, espedientea bere izenarekin izenburutu zutela (“Sumarísimo nº4046-41: Jesusa Segurola Zubeldia y diez más“)

Sor Angeles

*Saturrarango emakume-kartzelan Mesedetako Kongregazioko moja izan zen. Haiek arduratu ziren 1938 eta 1944 artean, bertan, baldintza penagarrietan, frankistek preso izan zituzten milaka emakume eta haurren zaintzaz.  1938an, 25 serora zeuden presozain lanetan.

Aipagarria da emakumeak moja sartzen zirenean, beren izena aldatzea ohikoa zela. Horregatik ez ditugu aurkitu Sor Angeles-en izen-abizenak, baina espetxe hartan egondako emakume batzuen testigantzek argi adierazten dute usurbildarra zela, are, presozain krudelenetakoa zela.

Torregarai Furundarena, Josepa

*Usurbilen jaioa 1919/03/19an. Gaztañagan bizitakoa. Ezkongabea eta nazionalista zen. Usurbilgo milizietan aritu zen sukalde lanetan 1936/08/25etik aurrera Errepublikaren alde.  

Uranga Armendariz, Maria Dolores

*Oreindarra jatorriz. 1913/06/04an jaiotakoa. Usurbilgo ‘Txikierdi’ auzoan bizi zen senide gehienekin. Usurbilgo Gerra Komisaldegiko milizianoa zen. Gerra garaian familiako hainbat senide asko engaiatu ziren Errepublikaren defentsan.  Maria Dolores bezala, beste bi anaiak Juan Martin eta Jose Migel Usurbilgo milizietan aritu ziren.

Biek ala biek bizia galdu zuten ahalegin horretan: Jose Migel Bizkaiko frontean hil zuten 1937an, eta Juan Martin berriz, Errepublikaren alde borrokatzetik etxera itzuli eta desagertu egin zen, preso hartua izan ondoren. Beste anaia-arrebak -Bittor, Juana eta Manuela-  1936/11/5ean Euskaditik ebakuatutakoen zerrendan agertzen dira.

Maria Dolores 2002n hil zen Lasarten.

Zubeldia Bengoetxea, Maria [Kruza]

*Aginagan jaiotakoa 1895/12/05ean. Agustin Gonzalez Martinekin (Venialbo-Zamora) ezkonduta zegoen eta,  gerra hasi zenean, Sestaon (Bizkaia) bizi ziren seme-alabekin. Senarra CNT sindikatuko militantea zen.

Kolpistek Bilbo hartu zutenean, hiru alabak (Josefa -Aginagan jaioa-, Julia eta Francisca) ‘Habana’ itsasontzian bidali zituzten SESB-era 1937/06/13an. Hala, Gerrako Umeak bilakatu ziren. Bera ere seme gazteenarekin -Sandalio- erbesteratu egin zen. Biak ‘Jacobus’ itsasontzian iritsi ziren Saint Nazairera (Frantzia) 1937/8/1ean, hain justu.

Hiru  alabak Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunean (SESB) bizi izan ziren urte luzez, baina 70. hamarkadan Estatu espainiarrera itzuli ziren.

Maria bera ere Euskal Herrira bueltatu zen eta Sestaon zendu zen 1958/03/15ean.

Anaia, Jose Zubeldia Bengoetxea, Euzko Gudarosteko soldadua izan zen, preso hartu zuten faxistek eta trukatua izan zen.

 

Zubiria Urruzmendi, Romana

*Aginagan jaio zen 1891/03/04an. 32 urterekin Eusebio Larzabal Orandegi añorgatarrarekin ezkondu zen 1923/11/22an. Orduan Donostiara joan zen bizitzera. Hiru seme-alaba izan zituen, horietako bat haurtxo zela hil zen istripuz.

1936ko udan, Loiola auzoan bizi zirelarik, bera etxean ez zegoela, senarraren bila joan ziren. Seme zaharrena, Pedro,  etxean aurkitu zuen eta Eusebio eraman zutela jakindakoan, bere bila joan zen. Geroztik biak desagertuta daude: 1936/09/26an fusilatu zituzten bera eta senarra Donostian. Gorpuak ez dira sekula azaldu.

Dakigula, Romana Zubiria Gipuzkoan fusilatutako emakume bakanetakoa dugu

Ikus bere alaba Maria Luisaren testigantza