Hildakoak

Edozein gerratan bezala, Usurbilen ere hildako ugari dugu. Batzuk frontean zendutakoak, beste zibil asko bonbek akabatuta, erbestean… Baita faxistek zuzenean eta epaiketarik gabe fusilatuta ere. Ezin aipatu gabe utzi Errepublikaren aldekoek hildako pertsona batzuk, epailearen aurretik pasa gabe. Eta Gerrako lehen egunotako nahasmenean zendutakoak ere bai.

Horien guztien memoria berreskuratzen saiatu gara. Gutxienez aurkitu ahal izan ditugun guztiena.

Aburruza Otegi, Jose

Anoetan jaioa 1903/08/25an, Getxon eta Usurbilen bizi izan zen eta ezkondua zegoen. Seme-alaba bana zituen. Trenbideko langilea zen. Ezkertiarra.

1934ko irailetik 1936ko otsaila artean zinegotzia izan zen. Gerra hasi zenean, berehala engaiatu zen Errepublikaren defentsan. Hala, kolpistei aurre egiteko prestaketa lanetan ari zelarik Andatzan, hil egin zen 1936/08/05ean. Hurrengo egunean lurperatu zuten Usurbilgo hilerrian.

Familiaren diotenez, bere emazte Jaxintak kontatzen omen zuen milizietan guardia egiten zegoela, kamioi batek harrapatu eta hil egin zela. Hain zuzen ere, errepresioaren beldur, Jaxintak Bizkaia aldera ihes egin zuen seme-alabarekin kolpistak herrira sartu zirenean.

Aginaga Begiristain, Kasimiro

Usurbilen jaioa 1915/07/04an. Txokoaldeko Illunbe baserrian bizi zen. Ezkongabea, nazionalista. 1936/08/05etik Usurbilgo Gerra komisaldegiko milizianoa. 2. Eskuadran. 

Andatzan borrokan aritu zen 1936/08/25etik aurrera (F. Aizpurua buru). Frankistek herrira sartzea lortu zutenean atxilo hartu zituzten zenbait herritar. Tartean Kasimiroren laguna zen Jose Mari Furundarena Begiristain aginagarra, gerora fusilatuko zutena. Horren jakitun, herritik ospa egitea erabaki zuen familiari nora zihoan esan gabe. 

Behin herritik alde egin ostean Euskal Gudarostera batuko zen oraindik Euskadiko Gobernuaren administraziopean ziren lurrak faxisten atzaparretatik babesteko. Bera bezalako ehunka gudarien ahalegina ez zen nahiko izan faxisten aurreratzea oztopatzeko. Bilboko batailan hartu zuen parte eta 1937/06/18an Artxandan hil zen.

Nola hil zen zehaztasunez jasota dago, Antonio Zavala idazle tolosarrak Iñaki Alkain bertsolari urnietarraren biografian (‘Gerrako Ibillerak, III. tomoan). Alkain Kasimiro Aginagarekin ibili zen borrokan Artxandan, eta bere testigantzari esker dakigu zer gertatu zitzaion txokoaldearrari. Bere aitarekin gerora izan zuen topaketa hunkigarria ere bertan agertzen da. Dokumentua deskargatu (PDF)

2022 otsailaren 18an Aranzadi zientzia elkarteak Bilboko Begoñako hilerriaren alboan Euskal Herrian aurkitu den hobi komun handienaren berri eman zuen. Artxandaren alboan egonik eta bertan Bilboren defentsan parte hartu zuten zenbait gudari lurperatu zituztenez, Kasimiroren gorpua han egon zitekeen aukerari jarraituz, Usurbil 1936 elkartea, bere familiaren laguntzarekin, Gogora institutuarekin jarri zen harremanetan 2022ko maiatzean.

Hala, zenbait ekinbide martxan jarri ziren, bereziki, senideen DNAren laginak bideratzea azaldutako gorpuzkinen  batekin bat datozen aztertzeko. Azterketaren emaitzen zain gaude.

 

 

 

 

 

Aizpurua Estala, Venancio

Usurbilen jaioa 1914/09/13an. 23 urte zituela, kolpistekin (Erreketeen gipuzkoar tertzioan)  1937/06/13an Lemoatxen (Peña Lemona-Bizkaia) borrokan hildakoa.

Altamira Lasa, Xabier

Donostian jaioa, Ezkondua eta 36 urte zituela Usurbilgo frontean hila 1936/09/15ean.  

Arana Etxenagusia, Jose Manuel

Usurbilen jaioa 1918/12/23an. Gerra garaian familia Andoainen bizi zen. Kolpistek frontera mobilizatu zuten 1937an eta hilabete batzuetara etxera bueltatu zuten, gaixorik. Tuberkulosiak jota bi urte pasa ondoren, 1939/06/07an hil zen.

Bere anaia Jose, Lasarten 1914an jaioa, UGTko afiliatua eta bera bezala Subijanako langilea, desagertu egin zen 1936ko azaroan eta zantzu guztien arabera,  Hernanin fusilatu zuten 1936ko bukaera eta 1937ko hasiera tartean.

Arreba Julianari (Usurbilen 1921ean jaioa), berriz, matxinatuek ilea moztu zioten herrira itzuli zirenean.

Arana Ormazabal, Justo

Zaldibian jaioa eta  Zubietan bizitakoa. Soldadu gisa mobilizatua izan zen kolpisten aldean Zaragozako Artilleria Sailean. 1937/12/8an hil zen Teruelgo borroketan 22 urterekin.

Arrizabalaga Aranburu, Santiago

Usurbilgo frontean 1936/09/05ean hildakoa.

 

Arruti Iparragirre, Inaxio

Ibarrola baserriko semea. MAOC-1 Larrañaga batailoiko milizianoa Urri osoan. Avilesgo  frontean hilda, Manuel Goenagaren testigantzaren arabera (Noaua 2005/07/22 14.orr). Tomas Iparragirre lehengusuak beretaz galdegiten du “El Liberal” aldizkarian 1936/10/28 6.orr

Astiazaran Etxabe, Antonio

Zubietako Irigoienen jaioa. Baserritarra. 1937/12/30ean hil zen Teruelgo frontean, 22 urterekin Kolpisten aldean. Caudé herrian lurperatu zuten. 

Banemandia, Jose

Usurbilgo frontean hildakoa 1936/09/08an.

Campos Ranero, Constantino

Soban (Kantabria) jaioa 1914ean. Zierbenan bizi zen. Jornalaria. JS-ko kidea. Abanto Zierbenako dinamitarien zutabeko milizianoa. Usurbilgo frontean hil zen  1936/09/10ean. Juxtu egun bat lehenago ‘El Liberal’ egunkarira bidalitako mezu batean bera eta beste kide batzuk onik zeudela jakinarazten zieten beren senideei.

Eguskiza Pellicer, Blas

Karrantzan (Bizkaia) jaioa, 37 urte zituen 1936an eta ezkondua zegoen. IRko kidea.  Deustuko Unibertsitateko 1. konpainiako milizianoa (4. batailoia, Deustoko 2. konpainiakoa gero). 1936/08/31ean Bilbotik Lasartera mobilizatu zuten. Usurbilgo frontean borrokan zebilela  zauritu zuten 1936/09/09an. Gurutze Gorriko ospitalean egon zen Donostiako ebakuazio egunera arte baina ezin izan zuten bertatik atera “oso larri baitzegoen eta kotxean hilko baitzen ebakuatzerakoan”. 

Erdabide Etxaniz, Jaime

Usurbilen jaioa 1913/05/04ean, ezkondua eta  23 urte zituen 1936ean. Milizia Popularrekin zebilela, Donostiako borroketan hildakoa 1936/08/01ean, suzko-armak eragindako zaurien ondorioz. Garai hartan, Fernando Erdabide Odriozola, Jaimeren aita, Usurbilgo udaleko idazkaria zen.

Errasti Esnaola, Jose Ramon

Aginagarra. 1912/06/19an jaioa. Soldadu zegoela kolpisten aldean, Toledoko Bargas herrian hil zen, 1939/04/02an, gerra amaitu eta hurrengo egunera. Heriotz-agiriak dionez, “falleció por explosión de un polvorín en acción de guerra”. Bere bi anaiak ere, Francisco eta Eleuterio, gerran ibili ziren. Lehena soldadu Teruelen eta bestea Errepublikaren alde.

Galarmendi Aizkorreta, Baleriano

*Usurbilen jaiotakoa 1915/10/26an, eta Kalezarko ‘Kaxkoenea’ etxean bizitakoa. Ezkongabea, IR alderdiko eta JSU erakundeko kidea eta txofer lanetan 1936/08/25tik aurrera Usurbilgo milizietan, hain justu, Usurbilgo Gerra komisaldegiko milizianoa. 1936ko urrian eta abenduan, 1937ko urtarrileko 2. hamabostaldia eta otsaileko lehenengoan  ‘MAOC-1 Larrañaga’ batailoiko miliziano gisa borrokan agertzen da. Euzko Gudarosteko ‘37134’ txapa zenbakia zuen. Horren ostean, ‘MAOC-2 Gipuzkoa’ batailoiko kide izana.

1937/04/04an Otxandioko frontean txofer lanetan ari zela, ‘Heinkel’ bonba-hegazki alemaniar batek metrailatu eta bertan hil zuten. Autoa erabat kiskalita geratu zen.

Bere anaia Ramon ere egun eta fronte berean hil zen. Aita, Joxe Galarmendi Balerdi, faxistek fusilatu zuten 1936/11/02an Zizurkilen. Arreba Josefa ere milizianoa izan zen.

Galarmendi Aizkorreta, Ramon

*Usurbilen jaio zen 1914/07/14an. Kalezarreko Kaxkonean bizitakoa. Ezkongabea, IR alderdiko eta JSU erakundeko kidea, eta Usurbilgo milizietako ‘Andatza’ zutabeko kidea 1936/08/25etik aurrera -F. Aizpurua zuen buru-. Usurbilgo Gerra komisaldegiko 2. Eskuadrako milizianoa izandakoa, hain zuzen. ‘MAOC-1 Larrañaga’ Batailoian egon zen borrokan 1936ko urrian. Abenduko bigarren hamabostalditik aurrera, ‘MAOC-2′ batailoian kabo gisa agertzen da, 1.go konpainian.  1937ko martxoaren 2. hamabostaldian, berriz, ‘MAOC-2 Gipuzkoa’ batailoian borrokan teniente gisa -28.039 Euzko Gudarosteko zenbakia-.

Otxandioko (Bizkaia) frontean zauritu eta 1937ko apirilaren 4an hil zen. Bere anaia Baleriano ere egun eta fronte berean hil zen. Aita, Joxe Galarmendi Balerdi, kolpistek fusilatu zuten 1936/11/02an Zizurkilen, hain zuzen ere.

Garin Mutiloa, Pablo

Artileriako soldadua. 1936/09/08an,  Usurbilgo frontean metrailak eragindako zauri oso larrien ondorioz, segituan hil zen.

Gil Gonzalez, Felipe

Usurbilen lubakiak egiten zebilela desagertu egin zen, hala adierazten du bere emazte Maria Fernandezek 

Goikoetxea Arrieta, Pedro

*Usurbilen jaiotakoa, bando kolpistan soldadu -Arapiles Batailoian, 7 zka. 3. konpainia- zegoela, Iglesuela del Ciden (Castellón de la Plana) borrokan hil zuten 1938/06/11an. 25 urte zituen, hain zuzen. 

Gomendio Eizagirre, Jose Lorenzo

*Usurbilen jaio zen 1916/07/25ean. ‘Egioletatxiki’ baserrian bizi zen. Soldadu eraman ostean, 20 urte zituela, kolpisten aldean borrokan hil zuten Caceresen 1937/06/09an, hain zuzen, eta bertan lurperatu. 2000. urtean, Caceresko Udalaren aginduz, zenbait gorpu hilobitik atera eta hobi komunera pasa zituzten, tartean, 16. Kuartela, 2. Fila, 8. Fosan zegoen Jose Lorenzo Gomendiorena.

Bere anaia Eugenio Errepublika defendatzen aritu zen Iparraldeko Gudarostean eta kolpistek preso hartu zuten 1937an.

Gomez Alvarez, Cecilio

Bilbotik etorria. Erasoko Guardiaren buru zen eta teniente gradua zuen. 1936ko uztailean Donostia hartzeko kolpistek egindako lehen saiakeraren preso hartu zuten. Errepublikazaleek askatu zuten eta borrokan jarraitu zuen, besteak beste, Loiolako koartela eta Maria Kristina Hotela berreskuratzen. Usurbilgo frontean zegoen 1936/09/07an eta bertan hil zen, Lasarte ingurutan, eskuzko granada baten leherketarengatik. Hurrengo egunezn hileta omenaldi handia egin zioten Bilbon.  

Gonzalez, Gerardo

Artileriako soldadua. Metraila zauri oso larrien ostean, segituan zendu zen Usurbilgo frontean 1936/09/08an.

Gratal Capistros, Santos

Usurbilgo kuarteleko Guardia Zibila. Herrian egon ostean, Zumaiako kuartelean mobilizatuta. Altzako Konpainia Gorriko 1.go eskuadra, 1. taldea, 2. sekzioko kidea zen. 1936/10/04ean MAOC-1 Larrañaga Batailoian zegoen eta gerra merituengatik Cabo izendatu zuten. Frontean hil zen Errepublikaren alde borrokan San Claudion (Asturias) 1936/10/20ean.

Illarramendi Furundarena, Eusebio

Usurbilen jaioa 1912/11/05an. Aginagako Espaldi-Berrin bizitakoa. Ezkongabea, nazionalista (EAJ) eta 1936/08/25etik aurrera  Usurbilgo Gerra komisaldegiko 1. eskuadrako milizianoa, Andatza zutabean (J.C. Beloki buru).

Ubidean (Bizkaia) hil zuten 1936/12/01ean, Loiola Batailoian borrokan ari zela, bihotzean tiro bat jaso ondoren. 1936/12/19an “Euzkadi” aldizkarian, Gipuzkoako Buru-Batzarrak bere senideei deialdia luzatzen die haien ofizinetatik pasatzeko. Bere gorpua Gernikan hilobiratu zuten 1937an.

Bere anaia Agustin ere miliziano izan zen.

Izagirre Loiarte, Jose Maria

Hernanin jaioa, Usurbilen bizi izan zen. 1937/08/31an, 21 urte zituela, kolpisten aldean borrokan hildakoa Trujilloko (Caceres) Ospitale Militarrean (Caceres).

Izagirre Malkorra, Jose Ramon

Usurbilen jaioa 1918/03/02an, Kalezarren bizitakoa. Kolpistekin soldadu zegoela (Flandeseko 3. Batailoia) Kataluniako frontean hil zen  1939/01/23an, 21 urterekin. Bartzelonako Sant Joan de Mediona hilerri militarrean lurperatu zuten.

 

Larramendi Galdona, Antonio

Usurbilen jaioa 1912/01/29an. Errementaria. Kalezarren bizi zen. Zenbait testigantzen arabera, bera eta berea anaia Bixente Errepublika defenditzera joan ziren faxistek herrira sartu zirenean. Bere anaia preso hartu eta Aranda del Dueroko (Burgos) kontzentrazio eremuan hil zen.

Antonio, berriz,  kolpisten aldean borrokan hil zen, Sopuertan 1937/06/29an, 25 urterekin, seguruenik atxilo izan ostean beren alde borrokatzera behartuta. 

(Maria Pilar Maiz auzokidearen testigantza lantze-fasean)

Larramendi Galdona, Bixente

Usurbilen jaioa, 1913/06/26an. Kalezarreko Kastorrenea etxean bizi zen. EAJko kidea. Zenbait testigantzen arabera bera eta bere anaia Antonio Errepublika defenditzera joan ziren faxistak herrira sartu zirenean.

1936/11/04-ko “Euzkadi” aldizkariko 2. orrian Gipuzkoa Buru Batzarrek beretaz galdegin zuen bere arrastoa atera nahian. Aranda del Duero (Burgos) kontzentrazio esparruan hil zen 1937/12/01ean. 

Bere anaia Antonio, berriz,  Sopuertan hil zen 1937/06/29an kolpisten aldean borrokan, 25 urterekin.

(Maria Pilar Maiz auzokidearen testigantza lantze-fasean)

Lizaso Salsamendi, Ebaristo

Aginagan jaioa, 1909/09/23an. Tellegindegi baserriko semea. Bertan bizi zen Josefa Jaurrietarekin ezkondua. Bi haur zituzten. Burgoseko 11. Artilleria arineko erregimenduko soldadu zela, 28 urterekin,  faxisten aldean Bruneten (Madrid) hildakoa 1937/07/06an

Manterola Martiarena, Federiko

Villabonan jaioa. 1936an 22 urte zituen eta jornalaria zen. Zorrozan bizi zen. JSUn afiliatua, Errenteriako MAOC-eko kidea eta Larrañaga Batailoiko kidea izan zen. Usurbilen borrokan hil zen, 1936/09/13an, 22 urterekin

Martinez Magallon, Cesareo

Tarazonan (Zaragoza) jaioa, Hernanin bizitakoa. Alderdi Komunistako afiliatua eta Usurbilgo milizietako kidea (Dragones Batailoiko  4. konpainiakoa). Usurbilgo frontean hil zen 1936/09/12an. 

Murgia Gotxi, Manuel

Bilbon jaioa, 40 urte zituen 1936an. Ezkondua. Lutxanako milizietako kidea. Bilbotik mobilizatua 1936/09/05ean, Jose Luis Gascon Donallo milizietako alferezaren aginduetara. Usurbilgo frontean jasotako zaurien ondorioz, Donostiako Ospitale Zibilean hil zen 1936/09/07an.

Odriozola Salaberria, Francisco Maria Lesmes

Errenterian jaioa 1902/1/31an. Isabel Santamarta 24 urteko pasaitarrarekin ezkondua zegoen eta Maria alaba ere bazuen.  Usurbilgo frontean hil zen 1936/09/05ean. 1939/12/15ean Erregistratu zuten bere heriotza eta Errenteriako hilerrian hobiratu. 

Olasagasti Arozena, Markos

Milizianoa. Usurbilgo frontean hil zen 1936/09/05ean, 16 urterekin. 

Ortiz Diaz, Fernando

Abanto-Zierbenan jaioa eta bertan bizitakoa. Meatzaria. Ezkongabea. UGT-ko kidea eta milizia sozialistan erroldatua 1936/09/07an. Bi egun geroago Gipuzkoako frontera mobilizatua izan zen eta Usurbilgo frontean hil zen 1936/09/12an, 30 urterekin.

Ortiz Gonzalez, Jose

El Regatokoa (Barakaldo) jaiotzez, Gallartan bizi zen bere ama Rosarekin (alarguna). 23 urterekin, ezkongabea eta jornalaria zen. Sarjentua zen UGT-ko milizietan.  Estenaga (Txaldatxur) posizioan hil zen lehen lerroan, 1936/09/07an. Bere gorpua ezin izan zen berreskuratu.

Portugal Alonso, Luis

Errenteriakoa. 21 urterekin ‘Milicias Populares’ Batailoian alistatu zen. Usurbilgo frontean hil zen 1936/09/05ean. Gorpua Errenteriara eraman eta bertako hilerrian hilobiratu zuten. 

Rodriguez Campos, Gerardo

Donostian jaioa, Artilleria Astuneko 3. Erregimenduko milizianoa. Usurbilgo frontean hil zen 1936/09/07an, 17 urte zituela.

Saez Asarta, Jose

Donostiako milizianoa. Usurbilgo frontean hil zen 1936/09/07an.

Sagardia Izagirre, Inazio

Usurbilen jaioa 1912/12/1ean. 27 urterekin kolpisten aldean zegoela, gaixotu eta Zaragozako Ospitale Militarrean hil zen 1939/02/10ean. Usurbilen hilobiratua.

Bere aita -Francisco Sagardia Berridi- Usurbilgo zinegotzia izan zen 1926an eta kolpistek herria hartu ondoren, 1936/9/21ean ezarri zuten lehen korporazioan ere bai bi hilabetez.

Salsamendi Arruti, Domingo

*Usurbilen, ‘Bizkarre’ baserrian jaioa 1919/03/04an. Senitartekoek kontatzen dutenaren arabera, 1938an baserritik eraman zuten derrigortuta soldadu borrokara faxisten alde. Urteetan desagertutzat jo zuten. 1942/11/11n inskribatutako Usurbilgo Parrokiako agiriaren arabera, Ebroko batailan, Kataluniako frontean, hil zuten 1938/7/25ean, hain zuzen ere. 

Tarragonako Camposines-en memorial bat eraiki zuten borroketako lubaki baten gainean, Ebroko batailan hil zirenak gogoratzeko. Bertan, plaketan, 1.388 izen-abizenak jasota daude, tartean Domingo Salsamendi Arrutirena.

Soroa Berrotaran, Nikasio Luis

*Usurbilen jaio zen 1918/11/25ean. Erreketea, ‘Boina roja’, Oriamendiko Tertzioan izena eman zuen 1937/04/17an, Jose Inazio Arruek aurkeztuta.

Lemoatxen (Peña Lemona) faxisten alde borrokan hil zuten 1937/06/14ean. Heroi gisa ohoretu eta Usurbilgo hilerrian hobiratu zuten. Deigarria da Julian Azpiroz erretoreak berari buruz idatzitako txostena ‘Comunión Tradicionalista’ talde karlistari zuzendua, Ohorezko Liburuan jasotzeko (ikus azpian eranskinetan).

Urteetan Usurbilgo kale batek ‘Luis Soroa’ izena izan zuen, gaur egun ‘San Esteban’ kalea dena, hain zuzen.  

 

Ugarte Salsamendi, Blas Basilio

Usurbilen jaioa, 1907/02/7an. Egiluzetxiki baserriko semea. Nekazaria eta trikitilaria. Usurbilgo zinegotzia izan zen Errepublika garaian (1934/9/30tik 1936/2/22ra).  MAOC-1 Larrañaga Batailoiko kide zen eta Errepublikaren alde borrokatu zuen. Oviedoko (Asturias) ospitalean hil zen 1936/10/26ean borrokan jasotako zaurien ondorioz.

Manuel Goenaga herritarrak kontatutakoarekin Bide Ertzean taldeak 2006an egindako abestian aipatzen da Blas Ugarteri gertatutakoa. Ikusgai hemen: Abestiak

Uranga Armendariz, Jose Migel “Panadero”

Orendainen jaioa 1909/10/13an. Txikierdin (Usurbil) bizi zen, baita bere anai-arreba asko ere. Ezkongabea, nazionalista eta Andatzako zutabeko kidea 1936/08/25etik aurrera (bera buru). Usurbilgo Gerra komisaldegiko 3. eskuadrako buruzagia. MAOC-1 Larrañaga Batailoian zegoen 1936ko urrian. MAOC-2 batailoian, 1. konpainian, abenduko bigarren hamabostalditik aurrera. 1937ko otsailaren 1. hamabostaldian kabo gisa agertzen da eta martxoaren 2. hamabostaldian, berriz, MAOC-2 Gipuzkoan borrokan teniente gisa (28.023 zkia.) Maiatzean, berriz, sargento gisa 1. konpainian. Zeanuriko (Bizkaia) frontean borrokan zegoela jasotako zaurien ondorioz hil zen Basurtoko ospitalean 1937/05/08an. Bilboko Vista Alegre hilerrian hobiratu zuten. 

Bere anaia Juan Martin ere borrokan ibili zen errepublikaren alde baina Usurbilera itzuli eta preso hartu zuten. Ondarretako kartzelan eduki zuten. Egun batez senideei gehiago ez joateko esan zieten eta geroztik ez zuten bere arrastorik izan.

Dolores arreba ere milizianoa izan zen.

Uranga Armendariz, Juan Martin “Motza”

Orendainen jaioa 1905/08/30ean. Usurbilgo Txikierdi auzoan bizi zen, baita bere anai-arreba asko ere. Ezkongabea, nazionalista eta Usurbilgo milizianoa 1936/08/25etik aurrera, 2. Eskuadrako buruzagiordea (F. Aizpurua buru). MAOC-1 Larrañaga Batailoiko kidea urrian.  MAOC-2 batailoian, Enlaces y transmisiones konpainian, abenduko bigarren hamabostalditik aurrera. 28025. Euzko Gudarosteko Txapa zenbakia zuen.

Frontetik itzuli zenean, atxilo hartu eta Ondarretako espetxera eraman zuten. Bere arreba janaria eramatera joaten zen baina egun batean ez zuela gehiago bisitara joatea merezi esan zioten. Orduz geroztik, ez zuten sekula bere arrastorik izan.

Bere anaia Joxe Migel Errepublikaren defentsan Zeanuriko (Bizkaia) frontean borrokan zegoela zauritu egin zuten eta Basurtoko ospitalean hil zen 1937/05/08an.  Arreba Dolores ere milizianoa izan zen.

 

 

Zaldua Iribar, Jose Francisco

Usurbilen jaioa, Altzan (Donostia) bizitakoa. Fronte Popularreko milizianoa zen Altzako konpainia gorriko 4. eskuadran, 2. talde, 2. sekzioan. MAOC-1 Larrañaga Batailoiko kidea 1936ko urrian. 35 urte zituela, 1937ko ekainean, Artxandan borrokan hildakoa. Ezkondua zegoen eta lau seme-alaba txiki zituen.

Zarauz Etxabe, Jose Martin

*Usurbilen, ‘Troia’ baserrian jaiotakoa 1918/08/20an. Kolpisten aldean Nafarroako  Siziliako 3. Bataloia, 2. Konpainian soldadu zegoela, Villarrealeko (Castellon de la Plana) frentean hil zuten 1938/06/30ean. Gorpua ‘Kontseju Txiki’ etxe azpian zegoen Usurbilgo Zirkulo Tradizionalistaren -karlistak- egoitzatik hilerriraino eraman eta bertan hobiratu zuten. 

Familiak dionaren arabera, etxera joatekoa omen zen, -seguru asko baimen batekin-, eta arbol baten azpian familiari gutun bat idazten ari zela, hegazkin batek tirokatu eta bertan zerraldo geratu zen. Egiluze Handiko Esteban Bengoetxeak  eta Txikierdiko Pedro Alberdik -berarekin batera soldadu zeuden bi herritar- gerora kontatu omen zioten Martin Zarauzen senideei hala gertatu zela.

Zuloaga Lizaso, Pedro

*Usurbilen jaio zen 1915/03/07an. ‘Arratzain’ baserrikoa, hain justu. Kolpisten ‘Regimiento de Artilleria de Montaña’ izeneko 2. batailoian soldadu zebilela zauritu zuten eta Gasteizko Seminarioko erietxean hil zen 1936/12/15ean. 1937ko urtarrilaren 18an Usurbilen hileta egin ondoren, bertan hobiratu zuten.

Senideen arabera, soldadutzara eraman zuten frankistek eta parapeto bat egiten ari zela lubakietan, tiro galdu batek jo ondoren hil zen Gasteiz aldean.

Bere anaia bat -Jose Antonio- ere soldadutzara eraman zuten. Zazpi urte egin zituen han, eta azkenean onik itzuli zen etxera.