Urdanpilleta Aristimuño, Santiago

Zubietan jaioa, Petritza baserrian. Zazpi anai-arreba ziren, horietako bat -Inaxio- bere bikia. Gerra lehertu zenean, senide batzuen baserrian zegoen morroi, zehazki Oriako Lartzabaleta izeneko baserrian. Kolpistek jada hartua zuten herria bi hilabetez geroztik, 1936ko azaroaren 5ean, Andatza mendi aldera garoa moztera joan zenean.

Lan horietan zebilela, obus bat aurkitu zuen eta gurdian jaso eta baserrira eraman zuen. Bazkalondoan bere osaba Martzial Garmendia Aristimuñorekin mandiora igo zen ikuskatzera. Xanti obusa zirikatzen hasi zen makila batekin eta bertan lehertu zitzaien. «15 urte besterik ez zituen mutikoa txiki-txiki» eginda geratu zen gertu zegoen Elketazabaltxiki edo Txokolatenea izeneko baserriko Pakita Intxaustik Joseba Lizeagari kontatu zionez.

Elizako eta Erregistro Zibileko heriotz-agiriek ere hala jasotzen dute jazoera eta senideek ere horrela entzun zieten aurreko ahaideei.

Iturria:

Gogora ‘Gerra Zibilean hildako biktimak’ datu-basea

AHDSS-DEAH 4648/002-01 San Miguel Arcángel T.4 f.233 nº19

Erregistro Zibila Urnieta T. 16 P. 23

Aiurri aldizkaria 352 zka. 3. orria: «Postontzia: Lartzabaletako morroia» (Jon Unanue)

‘Urnieta 1936-1945’  I. tomoa 130. orria – Iraitz Arizabaleta Gantxegi / Aranzadi

Argazkia eta testigantza: Jone Urdanpilleta senidea

 

 

Hildakoak edo desagertuak

Inaxio eta Xanti Urdanpilleta Aristimuño bikiak, 12 urterekin, jaunartze nagusiaren egunean