Yaguez Beristain, Koxme

*Durangon jaioa, ezkongabea eta EAJ alderdiko kidea zen. Tren-geltokian bizi zen, aita hango arduraduna baitzen. Zubietan irakasle eta baita Nekazarien sindikatuan (egungo ‘Alkartasuna’ kooperatibako aurrekaria) kontable izandakoa ere. Usurbilgo Luistarren kongregazioko idazkaria izan zen.

1936ko abuztuan, Kandido Saseta komandantea Andatzako frontean zebilela, gidari lanetan aritu zen hura elkarrizketatu nahi zioten Frente Popular kazetarientzat. Kolpistek herria hartu zutelarik, Zarautzen zegoen zenbait usurbildarrekin. Herrira itzultzea erabaki zuen berak, ezer gertatuko ez zitzaiola sinetsita. Alta, beste batzuei gertatu bezala, atxilo hartu zuten eta 32 urte zituela, Llamas komandantearen aginduz, Orioko mendatean fusilatu zuten Zabaleako Patxi Aizpuruarekin batera 1936/10/10ean, hain zuzen ere. Zarautzen lurperatu zutela uste dute.

Inaxio Olazabal usurbildarra lagun handia eta alderdikidea zuen Koxmek. Hil zituztela berria jaso zutenean, bera joan zen gorpua jasotzera Orioko mendatera. Koxmeren amak -Ventura Beristain- guraize txiki batzuk eman zizkion bere arroparen zatitxo bat ekartzea eskatuz, oroigarri edo bera zenaren froga bat izateko. Alkandoran bordatuta zituen inizialak ekarri zizkion. Amak relikario-lepoko bat egin zuen zatitxo harekin eta hil arte erabili zuen lepoan.

Koxme Gipuzkoan fusilatutako zortzi irakasleetako bat izan zen.

(Udarregi ikastolan 2022an egindako oroimen ekitaldia)

Iturria:

1936, Guerra Civil en Euskal Herria, Iñaki Egaña, 1998, 260.orr
Euzkadi Bajo El Regimen De Franco

Frente Popular egunkaria 1936/8/30

CNT del Norte
Guerra de Franco, Los Vascos y la Iglesia, 337. orr, Juan de Iturralde, 1978
Usurbilgo Erregistro Zibila nº 50/1938

The War Spain  egunkaria,   1938-06-4

Luisa Olazabalen testigantza (Inaxio Olazabalaren alaba)

Argazkiak:  ‘Herriak Badaki’  Usurbilgo Memoria Errepresiboa 1973-2002  liburua

‘Usurbilgo baserriak eta baserritarrak’ (Josu Tellabide)

 

Fusilatuak