Joxe Julian Zubeldia Garin

Joxe Ramon eta Manuel Zubeldia Izeta-ren semea eta iloba

Biak ala biak gerran ibili ziren fronte ezberdinetan eta zaurituak izan ziren

Izena: 

Joxe Julian Zubeldia Garin

Elkarrizketaren data: 

2021/06/21 – San Estebango Oa baserrian – Usurbil

Elkarrizketatzaileak:

Ainara Arrospide eta Arantxa Manterola

Irudia:

Ibai Arrieta

«Hainbeste denbora lehen lerroan egonda, mirariz bizirik nola atera ziren kontatzen zuen aitak»

Joxe Julian Zubeldia Garin

Bere aita Joxe Ramonek eta Joxe Manuel osabak zuzen-zuzenean pairatu zuten gudako gordintasuna. Izan ere, biak ala biak fronte ezberdinetan ibili ziren borrokan. Haiei eta ondorengo senideei entzuna kontatu digu Joxe Julianek.

Aita Burgosen, soldadutzan zegoela, harrapatu zuen gerrak. Herrialde hura kolpistekin berehala lerrokatu zenez, aita ere «halabeharrez»segituan eraman zuten frontera. Besteak beste, Teruelen, Lleidan, Gandesan (Tarragona), Ebroko batailan eta Santander ibili zen.

BI ANAIAK ZAURITUAK

«Ze gogorra zen, ze eskapadak egin zituen eta bizirik nola atera ziren milagroz hainbeste denboran ‘primera linean’ frontea ibilita» kontatzen omen zuten. Batean aita gosaltzen ari zela, jateko erabiltzen zuten lata askatzeko tresnaren bila altxa omen zen eta justu kanoikada batek bera segundo batzuk lehenago zegoen leku berean jo omen zuen. Borrokaldietan jasotako zauriak aipatzen ditu: «Metraila pusketak besotan, izterrean eta hankan ere bazituen». Halere, osaba Manuel larriago zauritu zuten: «Hura bastante fuerte zauritu zuten eta ospitalean egon zen».

Joxe Julian Zubeldia Garin-i elkarrizketa

Osaba eta aita ez ziren batera ibili gudan. Osabak jada soldadutza egina zuen baina kolpistek mobilizatu egin zuten: «Soldaduzka lehenago egina zuen eta gero Francorekin gerran zebilela, frontean, denbora batera, desertatu egin zuen eta handik alde egin eta nazionalisten aldera pasa zen».

GERRA, GAUZA TXARRA

Gerrari buruz, «gauza txarra, oso gogorra» zela komentatzen omen zuten. Aitak pasadizo latzak ere kontatzen zituen, esaterako, hainbeste denbora halako bortizkerian bizi izanda, «egunero hainbeste presiopean», hiltzea ere inporta ez zitzaionik ikusi omen zuen. Nemesio Arregi, anoetarraren kasua gogoratzen omen zuen, «desesperatua, ezin egon eta batere protekziorik gabe, nola atera zen [lubakitik] eta bala batek bere aurrean nola hil zuen».

Santanderren bataila batean ze estutasuna pasa zuen ere askotan aipatzen zuen Joxe Ramonek. «Metrailadoreak jata ebakitzen omen zuten belarra ere, eta ‘venga adelante, venga’, jata ikusten omen zuen tarrrarra, jendea plast, plast, lurrea eta fiust, fiust, belarri ondoan balak eta lurrera bota omen zen eta azkar buelta eman eta arrastaka aldamenean zegoen baserri batera nola hurbildu zen. Kapitaina etorri eta ‘Zubeldia ¿qué pasa, qué pasa? -eta aitak- ‘que se me ha acabado el cargador, no tengo balas’». Horrela erasoaldia pixka bat lasaitu arte denbora pittin  bat irabazi omen zuen.

ANDATZAKO FRONTEA

Oa baserria, beren bizilekua, Andatzaren magalean dago eta Joxe Julianek etxekoei entzuna zien nola Txaldatxur ingurutik Andatza aldeko lubakietara soldadu batzuk «anarkistak eta komunistak» etorri ziren etxeraino eta egun pare bat bertan egon zirela. «Hemen Francoren aldekoak ez ziren etorri, haiek Andatzatik barrena  paseak izango ziren Aia aldera edo…»

HERRIKO APAIZAK

Beste istorio bat ere aipatzen du Joxe Julianek, Julian Azpiroz Usurbilgo erretoreari buruzkoa. Errepublikazaleengandik ihesi, Aiako Altzola auzoan, bere emaztearen baserrian [Izuela] gordeta egon zenekoa, hain zuzen. Gerora, kolpistek herrian sartu zirenean, Usurbilera itzuli eta «harro» ibiltzen omen zen. Horren lekuko Txokoaldeko Illarramenditarrekin [nazionalistak] izandako gorabehera bat kontatzen du: «Aditu izan nuen Simoneako Illarramenditarrei kax-kax lehioan [joka] ‘Illarramendi !!  Illarramendi !! kikiriki!!! burla eginez, nola ibili zen harrotuta, bere burua salbatu zuenean».

Zubietako apaiza Ramon Aranbururi ere aipu egiten dio: «Baziren orduan fitxaje ederrak, hura eta Zubietako apaiza eta… Ganadu ederrak!».