Ibilbide guztiak

ANDATZAKO OROIMEN IBILBIDEA

1936ko matxinada militarraren ondotik sortutako gerrak izan zuen presentzia Usurbilgo mendietan ere. Lubakiek utzitako arrastoen bila aritu gara Andatza mendian, eta baita aurkitu ere. 2022 eta 2023ko udaretan garbiketa eta indusketa arkeologiko sakona burutu ostean, ondare historiko hori ikusgai jartzeko Andatzako Oroimen Ibilbidea ondu dugu. Bidea markatu eta azalpenak eskura jartzeko, geziak, panelak eta QR-z hornitutako totemak jarri ditugu leku aipagarrienetan.

HERRIGUNEKO MEMORIA IBILBIDEA

Militarrek, 1936ko uztailean Errepublikaren aurka matxinatu zirenean, sortu zuten gerrak Usurbilen ere arrasto sakona utzi zuen. Orain arte bildu ditugun datu, dokumentu eta testigantzekin Memoria Ibilbide hau atondu dugu gertatutakoaz oinarrizko informazioa nahi duenaren eskura jartzeko. Zortzi gune hauek aukeratu ditugu, bakoitza seinaleztatua, eta QR esker, bakarka egin daitekeena. Informazioaren koherentzia mantentzeko, ibilbidea geldialdien ordenan egitea gomendatzen dugu, hau da, 1etik 8ra.