Azkona Azkarate, Julian
Donostian jaioa, 1913/8/26an, errepublikarra. 23 urterekin UGT-eko afiliatua zen eta Gipuzkoako Komandantziako ‘Azaña’ Batailoiko milizianoa. Usurbil eta Lasarteko mendietan borrokan ibilitakoa da. Azkonak berak idatzitako eguneroko batean dioenez, 1936ko irailaren 7an Donostia utzi zuen bere burkideekin eta Lasartera jo zuten denek. Bertan zeudela, irailaren 8an, Buruntza menditik faxisten artileriak bonbardatu zituen. Ondoren, Donostia kolpisten esku erori zenean, irailaren 13an, hain zuzen ere, Usurbilera heldu ziren goizean goiz.
Herriaren sarreran -Donostiako norabidean- jarri zuten Azkona bere batailoi-burkideekin batera -50 bat pertsona-, tropa faxistei aurre egin eta herria defendatzeko asmoz, batez ere Bilboruntz ihes egiten ari ziren jende ugariren exodoa babeste aldera. Izan ere, Usurbil herritar askoren exodoaren lekuko izan zen.
Usurbil utzi eta gero, Bizkaiko frontera joan zen, eta Vilarrealeko ofentsiban parte hartu zuen. Baita Elgetan ere. 1937ko apirilaren 24ean Gorbeiako frontean larri zauritu zuten eta beso bat galdu zuen faxistek botatako obus baten ondorioz. Sendatu ostean, Frantziara ihes egin zuen.
iturria:
Centro Documental de la Memoria Historica, DNSD-SECRETARÍA,FICHERO,5, A0179626
Centro Documental de la Memoria Histórica, DNSD-SECRETARÍA,FICHERO,5, A0164969
Argazkiak : Familia
www.elgrancapitan.org
