Etxeberria-Bereiartza Larramendi, Jose Antonio
Usurbilen jaioa 1891/06/13an (bataio agiria). Ugarte baserriko semea. Apaiza zen eta Urnietako parrokian zegoen gerra hasi zenean. Kolpistek herria hartu zutenean, beste hiru apaiz lagunkidekin batera atxilotu eta espetxeratu egin zuten Ondarretako presondegian.
Ideia abertzaleak izateagatik, Juan Aierbe Irastorza erretoreak berak salatu zituen. Juan Bautista Aierbe anaia -udal idazkaria eta bera bezala karlista nabarmena zena- errepublikazaleek preso eduki zuten Bilbo inguruko itsasontzi-presondegi batean. Preso-trukaketa batean kanjeatua izan ondoren, Urnietara itzuli zen 1936ko urrian. Ordurako herria jada kolpisten eskutan zegoen eta berehala hasi zen haien alde aktiboki jarduten. Zer egin horretan bere anaia erretorea ere asko inplikatu zen eta, besteren artean, Jose Antonio Etxeberria-Bereiartzaren atxiloketa ahalbidetu zuen.
Kartzelatik atera zutenean, ez zuen apaiza posturik berreskuratu inolako parrokian, ezta Usurbilgoan bertan ere bere jaiotetxera bizitzera itzuli zen arren. Bere iloba Maria Luisa Etxeberria-Bereiartzak gogoan du Ugarte baserrian bizi izan zela, eta meza eman edo elizkizunaren bat egitekotan, Kalezarreko moja-komentuan egiten zuela, ez parrokiara lotutako herriko eliza edo ermitetan.
Iturria:
mendezmende.org – bataio agiria 7-27v-30 – San Salvador parrokia – Usurbil
Informazioa eta argazkiak: Urnieta 1936-1945, I. tomoa (82-83 orriak) eta II. tomoa – Iraitz Arizabaleta Gantxegi – Aranzadi
Testigantza: Maria Luisa Etxeberria-Bereiartza