Andres Bruño Urdanpilletaren alabak
Gernikako bonbardaketa zuzenean jasan zuen 1937ko apirilaren 26an
Izena:
Maribel eta Blanka Bruño
Elkarrizketaren data:
2021/05/28 – Aginaga, Usurbil
Elkarrizketatzailea:
Ainara Lizeaga Arrospide
Irudia:
Ibai Arrieta
«Hilda egongo balitz bezala, itxura eginez, eta hegazkinek tirokatzen: ta, ta, ta, ta….»
Blanka Bruño
Gerraren hasierak Donostian harrapatu zuen Andres Bruño mutikoa 10 urte zituelarik. Maria Urdanpilleta amari laguntzen zion Bretxako arraindegiko lanetan. Gurasoak banandurik zeuden ordurako.
Amona Maria «errepublikazalea, ezkertiarra eta garai hartako emakume modernoa zen», Maribel eta Blanka bilobek gogoratzen dutenez. 1936eko abuztuan, tropa frankistak eta erreketeak Donostiara iristear zirenean, faxismoaren atzaparretatik ihes egitea erabaki zuen Mariak, babes seguru baten bila, bere seme Andres, anaia Juanito, honen emazte Lola eta bien seme txiki Jose Marirekin batera. Donostiako etxea atzean utzita, ihesaldia hasi zuten.
Faxistek Donostiako etxearen ondasun guztiak kendu zizkieten, Andresen aitonaren argazkiaren koadroa eta harizko maindire bat izan ezik. Familia ez zen bizitza osoan sekula gehiago Donostiako Pescaderia kaleko etxe hartara itzuliko.
Aginagara arrebaren bila
Lehenik Aginagara joan ziren, lagun baten etxean egun batzuk lehenago utzi zuten Mariaren alaba txikia Ana Mariren bila, gero Getariara lehengusuen etxean gelditzeko asmotan, errepublikarrek Donostian faxistak geldituko zituztelakoan. Zortzi urteko neskatila Otamenditarren baserrian zegoen. Neskatxoa bertan utzita, familiak aurrera jo zuen, biharamunean berriz Getarian elkartuko zirela ustetan, baina bitartean tropa frankistak, Usurbil gaindituta, Orioraino iritsi ziren. Han Asturiaseko meatzari batzuk zubia lehertu zuten bidea ixteko eta Ana Mari txikia Aginagan gelditu zen. «Hasieran aste batean bueltatuko zirela pentsatzen zuten, baina lau urte pasa ziren…», gogora dakar Maribelek.
Getarian ez zuten denbora askorik eman. Faxistek aurrera egiten zuten, mendebalderuntz, herria atzean utzi eta familiak Bizkaia aldera segitu zuen bere ihesaldia Andresen osabaren kotxean. Beraiekin Getariako beste emakume bat ere zihoan. «Hark ere aurrera ihesi joan nahi zuen eta kotxean jaso zuten. Kostaldeko errepidea jarraitu eta gero, emakume hura zorabiatu egin zen eta gelditu egin ziren –azaltzen du Maribelek–. Eta bidean topatu zuten beste emakume bat, Markina aldean edo, eta galdetu zien ea nora zihoazen eta ez zekitela, “ba aurrera, iheska”, eta orduan esan zien bere baserrira joateko, berak eramango zituela Gernika-Lumoko bere baserrira. Eta denak joan ziren emakume horren baserrira».
Urteak eta urteak pasata, Andres bera emozionatu egiten zen ordukoa kontatzerakoan: «Nola da posible, zer dela eta, inondik ezagutzen ez gintuen emakume batek gonbidatu behar zuen familia oso bat maizter zeuden etxean, inork horretara behartu gabe?»
Durango eta Gernika bonbardatu
Ia zazpi hilabetez hamabi pertsona bizi izan ziren Gernika-Lumoko baserri hartan. Handik, zerumugan, gertuko Durangoko bonbardaketa faxista ikusi zuten. Baina okerrena iristear zegoen. 1937ko apirilaren 26an, astelehena, Azoka Eguna Gernikan, Alemaniako Condor Legioko hegazkin talde batek Gernikako bonbardaketa hasi zuen. Familiak izututa begiratzen zien alemaniar hegazkinei, biztanleria zibila tirokatuz eta bonbardatuz. Andres txikia baserriko behiekin zegoen larrean, eta kaza alemanak haien gainetik pasatzen hasi zirenean, belarretara bota behar izan zuen bere burua, baxu-baxu hegan egiten zuten ehiza-hegazkinetatik babesteko; mugitzen ikusten zuten guztia tirokatzen zuten. Eta Andres, «bere burua botata, hilda egongo balitz bezala, itxura eginez», antzezten du Blankak.
«Bordandaketak hasi zirenean denak atera ziren etxetik –zehazten du Maribelek –, behiak ere, alde batetik bestera ikaratuta. Amona eta izeba ere arbol baten azpian izkutatu ziren. “Andresito, etorri!” deitzen zioten, eta Andres alpapa gainean, hola jarri, zeren kazek tirokatzen zuten: ta-ta-ta-ta… Orduan, geldi-geldi jarri zen han izkutatua». Hegazkinak hain baxu zihoazen hegan, non Andresek pilotuen aurpegiak ikusi ahal izan zituen, gehitzen du Blankak.
Sarraskia gertatu eta bi egunera, familiak Bilborako bidea hartu behar izan zuen. Milaka errefuxiatu biltzen ziren han, eta Errusiara bidaltzen zituzten haurrak beraien bizitza babesteko leku seguru batean. Andresek erabat uko egiten zion bere ama Maria gabe joateari. Orduan, ama-semeak izeba Lola eta bere seme Jose Marirekin, “Margot” baporean Frantziarako bidea hartu zuten eta, itsasontzi frankistei iskin egin ondoren, Bordeleko estuariora iritsi eta handik Baionara itzuli ziren. Han, errefuxiatu-eremu bihurtuta zen I. Mundu Gerrako ospitale zahar batean sartu zituzten. Bereizketa labur baten ondoren, ama eta semea Parisen elkartuko ziren berriro, harrera egin zieten familia komunista frantses baten etxean. «Oso gustura egon ziren haiekin –adierazten du Blankak–. Aita [Andres] frantsesez ikasi zuen eta ontziak garbitzen zituen. Helduak joaten ziren lanera eta bera bakarrik geratzen zen etxean. Eta gero mitinetara joaten ziren, han hemenka, eta nola esaten zuten? “Hemen daukagu errrefuxiatu bat, espainola…”, eta denak harrituta begiratzen zioten, “baina hori zuria da-eta”. Denek pentsatzen zuten behin Pirinioetatik behera beltzak ote ginen…».
Parisetik Lapurdira
1939an amaitu zen Francok hasitako gerra, baina II. Mundu Gerra 1940an iritsi zen Frantziara, alemanen okupazioarekin. Maria eta bere seme Andres Paristik Donibane Lohizunera ihes egin zuten, eta bertan antxoa-kontserba enpresa batean lanean hasi ziren. 1941ean, azkenik, etxera itzultzea erabaki zuten. Orduan jakin zuten Andresen aita eta Mariaren senar ohia, Jose Bruño, 1936an hil zutela faxistek [1936/9/4an] beraien kontra borrokatzen. Itzulera ere zaila izan zen. Muga zeharkatzean, beraiekin zihoan osaba Juanito atxilotu zuten frankistek, errepublikarren gerra-frontean parte hartu zuelako. Hiru urtez egon zen preso Miranda de Ebroko (Burgos) kontzentrazio-esparru batean.
Maria eta bere seme Andres azkenean Aginagara iritsi ziren, Ana Mari txikia zain zutela. «Jakin gabe nora joango ziren –argitzen du Blankak–. Gero, amona Maria eta Ana Mari nerabea Errenteriara joan ziren bizitzera, eta aita Andres azkenean morroi gelditu zen Otamenditarren Ezpaldi baserrian». Lau urte ahaztezin igaro ziren ihesaldia hasi izan zenetik.