Maria Luisa Aginaga

Juan Bautista Aginaga Otegiren iloba

Bere osaba kolpistek fusilatu zuten 1936ko urriaren 1ean Oikiako bide bazter batean, Pedro Julian Agirre Gallastegi aiarrarekin batera.

Izena: 

Maria Luisa Aginaga Zabaleta

Elkarrizketaren data: 

2021/06/18 – Usurbil

Elkarrizketatzaileak:

Arantxa Manterola

Irudia eta edizioa:

Ibai Arrieta del Pico

«Nik uste dut beldurra hezurretaraino sartua zutela»

Maria Luisa Aginaga

Bautista Aginaga EAJ-ko militantea zen. 33 urte zituela Oikian, Meaga-ko mendatetik gertu  fusilatu zuten Aiako gazte batekin batera. Gorpuak bide bazterrean utzi zituzten eta inguruko baserritarrek lurperatu zituzten. Gorpuzkinak 1980ean lurpetik atera eta senideei itzuli zizkieten.

Maria Luisak ez zuen bere osaba ezagutu. Badaki halere, mendigoizalea eta jeltzalea zela. «Mendigoizalea zela bai, gainontzekoan ez dakit. Entzun izan dut gurutzea, Andatzako gurutzea, eraman eta beraiek jarri zutela. Hori aditu izan det. PNVkoa zela ere bai».

Gertatutakoaz dakiena gurasoengandik eta, batez ere, bere izeba Teresarengandik jaso du: «Gehiena hitz egiten zuena izeba zen. Izeba soltera genuen gurekin etxean. Hitz egiten zuen Bautistari buruz baina ez gehiegi, ez. Nik uste det beldurra sartuta zeukala hezurretaraino. Aitak, ez. Aitak ez zuen sekulan hitz egiten».

Maria Luisak entzun duenez, bere aita Karlosen hileta egunean, hau da 1936ko urriaren 1ean, hartu zuten preso Bautista. «Ba, entierreko egunean etorri zirela eta eraman zutela eta ez zutela gehiago ikusi. Gero zuzenean Alto de Meagasera, egun berean. Han fusilatu zuten. Inguruko baserri batekoak jakinarazita jakin zuen familiak. Ez dakit nola. Hango baserritarren batek ikusita edo esanda jakin zuten. Bera eta beste bat, bi fusilatu zituzten. Bera eta Aiako bat» [Pedro Julian Agirre Gallastegi].

Bildu ditugun dokumentu eta testigantzen arabera, Bautista herritik ihes egin zuen kolpistak sartu zirenean. ‘Zarauzko gutunak’ liburuan (Amagoia Gurrutxaga / 251-252. orriak) aipatzen denez, Bautistaren izeba Agustina Arozena Aginaga-k «ihes egiteko» aholkatu zion, bere semeak ere hala egin zuela «jendea hiltzen ari dituk-eta». Baina Bautistak aitaren hiletara joan beharra zeukala erantzun eta Usurbilera joan zen.

600 pezetaren kontua

Behin Usurbilera iritsita Bautistarentzat gauzak nola jazo ziren eskuratu ditugun hainbat informazio baieztatu nahian, Maria Luisari galdetu diogu ea familian zerbait dakiten ustez preso hartu zuten militarrek diru-kopuru bat kendu izanaz. «Nik ez dut sekula hori aditu gure etxean» erantzun du.

Izan ere, zenbait iturrik diote atxilotu zutenean Bautistak dirua zeukala aitaren hileta ordaintzeko, zehazki, 600 pezetaren kopurua aipatzen dute. Garai hartako diru asko.

Baina 2021/7/8an Asentxio Pagolarengandik bere aita zenak (Antonio Pagola Esnal, garai hartan EAJko batzokiko kidea) kontatutakoa jaso genuen. Nonbait Bautista Usurbilera iritsi bezain laster atxilotu omen zuten kolpistek eta bere aita Karlosen entierroan egoten utzi zioten baina baldintza batekin: hiletaren ondoren beraiengana joan behar zuela etxean zuen diru guztiarekin. Hala, elizatik atera eta Patri tabernaren inguruan hartu omen zuten preso eta gero fusilatzera eraman. Hala balitz, behar bada uler daiteke zergatik 600 pta. zituen gainean.

Fraidearen gutuna

Familiak erailketa baieztatzeko beste bide bat izan zuen handik denbora batera jasotako gutun baten bitartez. «Fraide batek. Zarauzko fraide batek. [Segundo Bilbao] Ba konfesatu zuela eta ez zietela betarik eman jaunartzeko. Hori bakarrik» azaldu du Maria Luisa ilobak.

Gorpuak atera

Urteetara nobedaderik izan zuen familiak, 1980/07/13an gorpuak lurpetik ateratzeko aukera sortu zenean. «Orduan joan ziren PNVkoak baimena eskatzera amari. Eta baietz esan zien. Beraiek arduratu ziren denetaz. Eta bat eraman zuten Aiara eta bestea [Bautista] hona». Familiak bazekien non zeuden gorpuak: «Gure aitak bazekien… Ez dakit nork esana baina gure aitak bazekin non zegoen».

Gorpuak atera zituztenean Usurbilgo EAJ-ko zenbait kide izan ziren bertan, tartean Andres Bruño (garaian herriko alkatea) eta Martin Larrañaga (zinegotzia), azken horrek 2021/12/6an ziurtatu zigunez. Martxial eta Josebe Goenagak ere gogoan dute egun hura: «Ekitaldi polita egin zioten. Txistulariak Alperro aldean itxaron eta gorpuzkinak herriraino lagundu zituzten. Meza ematera Igeldoko apaiza Fabien Loidi etorri zen»..

Maria Luisa deshobiratze egun hartaz ere gogoratzen da: «Ni izan nintzen hezurrak elizara ekarri zituztenean. Meza bat egin zuten eta gero lurperatu egin zuten Usurbilgo hilerriko panteoi batean. Ez naiz gogoratzen zein panteoian».

Guk ikertu dugunez, Aliri-Maiz familiakoen panteoian sartu zituzten Bautistaren gorpuzkinak. Hilerri zaharra itxi zenean hilobi komunera bideratu ziren bertako gorpuzkin guztiak.

Deshobiratze eguneko hainbat zehaztasun Erramun Jauregi Etxabe-ri jasotako testigantzan bildu ditugu.