Domingo Hernandez Ramirez-en biloba
Kolpistek Txikierdin fusilatu zuten bere aitona 1936ko irailaren 21ean
Izena:
Rafael Hernandez Irurzun
Elkarrizketaren data:
2026/01/28 – Usurbil
Elkarrizketatzaileak:
Arantxa Manterola
Irudia:
Ibai Arrieta del Pico

«Ondarretako kartzelatik atera zuten lehenetarikoa izan zen. Epaiketarik eta ezer gabe, zuzenean fusilatu zuten Txikierdin»
Rafa Hernandez
Domingo Hernandez Ramirez Donostian jaio eta bertan bizi zen bere emazte Delfina Urkiarekin eta bi seme zituzten: Faustino eta Jose Luis. Bere biloba Rafaelek (Jose Luisen semea) urteak darama zer gertatu zitzaion ahalik eta era zehatzenean ikertzen. Senideengandik eta dokumentuetatik jasotakoan oinarrituz kontatu digu aitona Txominen historia gogorra.
Rafak dionez errepublikazalea zen bere aitona: «Ideologikoki, errepublikano amorratua zen baina ez zuen zuzenean gerran parte hartu. Gai sozialetan jarduten zuen. San Antonio Abadeko erietxeko jendea [Gros-en zegoen] eta Zorroagakoan zeuden gaztetxoak laguntzen ibiltzen zen. Mixerikordi Etxeko Juntako kidea zen. Berez, Nerecan inprentan lan egiten zuen arduradun bezala».
Erreketeak Donostian sartu baino egun batzuk lehenago hango gaixo eta umeen ebakuazioan buru belarri aritu zen. «Trenetan eta anbulantzietan eramaten zituzten Bizkaia aldera. Urola bailaran utzi eta itzultzen ziren».
Irailaren 13an espetxeratua
Tropa kolpistek hiriburua hartu zuten egun berean atxilotu zuten: «Erietxera joan ziren bila baina aurkitu ez zutenez, etxean, San Marzial kalean, atzeman eta Ondarretara eraman zuten. Bere etxe parean bizi zen auzo batek errepublikazale zela salatuta» kontatu digu Rafak. Handik zailtasun handirekin hiru gutun igorri zizkion familiari: «Batez ere goseari eta hotzari aurre egiteko arropa eta janaria eskatzen zituen eta baita halakoa edo bestea gertatu zitzaiona abisatzeko ere. Nik uste dut beldur zela batik bat bere seme Faustinorengatik, Euzko Ikasle Batzako kidea zen eta Frantziara ihes egin baitzuen».
Kolpistak berehala hasi ziren espetxeratuen fusilamenduekin: «Espetxea bete-betea zegoen eta handik atera zituzten lehenengotakoa izan zen. Irailaren 22an Txikierdira eraman eta, epaiketarik eta ezer gabe, zuzenean fusilatu zuten. Hurrengo egunean familiari esan zioten jada aske geratu zela eta ez zegoela han» azaldu digu Txominen bilobak.
Txikierdiko baserritarrek lurperatua
Senideek kasualitatez jakin zuten gertatutakoa: «Nire aita Donostiako abenidan zihoala hartu eta gerrara ‘boluntario’ joatera behartu zuten 1937 ekainaren 1ean. Kamioian zihoala Txikierdiko gazte bat igo zen eta hark istorio traumatiko bat kontatzen hasi zen: sagastian lanean ari zirela nola pertsona bat tiroz erail zuten, hark errugabea zela errepikatzen zuela, Nerecan inprentako langilea zela esaten zuela baina bertan hil zutela. Baserritar haiek ez ziren ausartu hurbiltzen baina ohartu ziren hilotza estali gabe utzi zutela, usteltzen hasi zela eta lurperatu egin zuten. Orduan, nire aita gauzak lotzen hasi zen. Horrekin batera, handik denbora batera trenean zihoala Usurbilgo apaizarekin topo egin eta hizketan hasi zen eta zeozer aipatu zion bere aitari buruz. Apaizak esan zion bera aritu zela fusilatutako hainbat konfesatzen eta haietako batek esan ziola Nerecanen lan egiten zuela, errepublikarra bai baina errugabea zela. Eta han bertan fusilatu zutela».
Hipotesi honekin bat datorren beste erreferentzia gehitu du Rafak, 1939ko maiatzean ‘Euzkadi bajo el regimen de Franco II’ egindako txostenean agertzen dena, hain zuzen: «Elorreko inguruan, Txikierdin, erail zuten Hernandez bat aipatzen dute».
Hiru urtera gorpua atera
Gerra amaitu zenean, Rafaren aitak Txikierdiko mutil harekin adostuta, «eta behar bada apaizarekin ere hitz eginda», Txominen gorpua zehazki non zegoen lokalizatu zuten. «Ez dakit nola moldatuko ziren. Frankistek exekutatuko gorpu bat, gerra amaitu berria, gorpua lokalizatu, lurpetik atera, menditik eraman Polloe hilerriko senidearen hilobira, hilobia ireki arazi… Harrigarria da zinez». Han hobiratu zuten, izenik jarri gabe, jakina.
