Aginaga Begiristain, Kasimiro

Usurbilen jaioa 1915/07/04an. Txokoaldeko Illunbe baserrian bizi zen. Ezkongabea, nazionalista. 1936/08/05etik Usurbilgo Gerra komisaldegiko milizianoa. 2. Eskuadran. 

Andatzan borrokan aritu zen 1936/08/25etik aurrera (F. Aizpurua buru). Frankistek herrira sartzea lortu zutenean atxilo hartu zituzten zenbait herritar. Tartean Kasimiroren laguna zen Jose Mari Furundarena Begiristain aginagarra, gerora fusilatuko zutena. Horren jakitun, herritik ospa egitea erabaki zuen familiari nora zihoan esan gabe. 

Behin herritik alde egin ostean Euskal Gudarostera batuko zen oraindik Euskadiko Gobernuaren administraziopean ziren lurrak faxisten atzaparretatik babesteko. Bera bezalako ehunka gudarien ahalegina ez zen nahiko izan faxisten aurreratzea oztopatzeko. Bilboko batailan hartu zuen parte eta 1937/06/18an Artxandan hil zen.

Nola hil zen zehaztasunez jasota dago, Antonio Zavala idazle tolosarrak Iñaki Alkain bertsolari urnietarraren biografian (‘Gerrako Ibillerak, III. tomoan). Alkain Kasimiro Aginagarekin ibili zen borrokan Artxandan, eta bere testigantzari esker dakigu zer gertatu zitzaion txokoaldearrari. Bere aitarekin gerora izan zuen topaketa hunkigarria ere bertan agertzen da. Dokumentua deskargatu (PDF)

2022 otsailaren 18an Aranzadi zientzia elkarteak Bilboko Begoñako hilerriaren alboan Euskal Herrian aurkitu den hobi komun handienaren berri eman zuen. Artxandaren alboan egonik eta bertan Bilboren defentsan parte hartu zuten zenbait gudari lurperatu zituztenez, Kasimiroren gorpua han egon zitekeen aukerari jarraituz, Usurbil 1936 elkartea, bere familiaren laguntzarekin, Gogora institutuarekin jarri zen harremanetan 2022ko maiatzean.

Hala, zenbait ekinbide martxan jarri ziren, bereziki, senideen DNAren laginak bideratzea azaldutako gorpuzkinen  batekin bat datozen aztertzeko. Azterketaren emaitzen zain gaude.

(Ana Aginaga eta Jose Manuel Razkin bere iloben testigantza)

 

 

 

 

Iturria:

Centro Documental de la Memoria Historica PS BILBAO 93 E1 F215

Centro Documental de la Memoria Historica PS BILBAO 219 E4 F4

Usurbilgo Erregistro Zibila 22.zkia, 1944/11/07an inskribatua

‘Gerrateko Ibillerak III. tomoa’ – Auspoa 1981 – Iñaki Alkain-Antonio Zavala

Argazkia: Familia

Gudari eta Milizianoak Hildakoak edo desagertuak