Ana Aginaga eta Jose Manuel Razkin

Kasimiro Aginagaren ilobak

Miliziano abertzalea. Artxandako batailan hil zen 1937ko ekainaren 18an

Izenak: 

Ana Isabel Aginaga Ibargoien eta Jose Manuel Razkin Aginaga

Elkarrizketaren data: 

2021/06/14 – Txokoalde – Usurbil

Elkarrizketatzailea:

Xuban Zubiria

Irudia eta edizioa:

Ibai Arrieta del Pico

«Berak bazekien bere lagun Furundarenaren bila joan zirela eta alde egin zuen»

Jose Manuel Razkin

Faxistek Usurbil hartu zutenean, Kasimiro Aginaga miliziano abertzalea Euskal Gudarostera batu zen Errepublikaren defentsan. Ahalegin horretan galdu zuen bizia Artxandako borrokan hegazkin batek jaurtitako bonba batek harrapatu ostean. 21 urte bete berri zituen.

Familian asko hitz egiten ez zen arren, bere ilobek badakite kolpistak herrira sartu zirenean, alde egin zuela. «Berak bazekin bere lagun Furundarenaren [Joxe Mari] bila joan zirela. Hark esan omen zuen ‘nik ez dut ezer egin eta ez dut alde egingo. Hemen geratuko naiz’. Eta gero eraman zuten eta fusilatu egin zuten» dio Jose Manuelek.

Bai Ana Isabelek zein Jose Manuelek entzuna dute garai haietan nahikoa zela edozeinek esatea «halakok hau egin omen dik. Inork ez zuen zalantzan jarriko. Joango ziren eta garbituko zuten gau hartan bertan. Beldur horrekin jende askok alde egin zuen». Gauza bera egin zuen Kasimirok ere.  «Hala, akabo. Kasimiro ja ez zen gehiago agertu. Ez zuten gehiago ezer jakin» gaineratzen du Ana Isabelek.

Etxean, beldurrez

Horren ostean, familian bertan beldurra nagusitu zen. «Aitak kontatzen zuen osaba joan zenean, nola gauero ikaraz egoten ziren, noiz etorriko ote zen sarekadaren bat edo. Gainera komentatzen omen zen bila etorriz gero, ez bazuten aurkitzen, hurrengoa ematen zutela. Eta segidakoa gure aita zen» dio Ana Isabelek. Horren beldurrez, zenbait denboran bere aita eta Illunben bertan bizi zen Jose Manuelen aita ere, lo ganbaran egin zuten.

Kasimiroren senideek badakite Artxandan hil zela baina ez dute argi nola. Lasarteko Sarobe izeneko baten testigantzan oinarrituz, uste dute ordurako Bilbo jada kolpisten esku zegoela ez zekien hegazkin batek botatako bonba batek harrapatu zuela. Izan ere, hiriburua defenditzen ia astebetez borroka gogorrak izan ondoren, Bilbo erori zen egun berean, hain justu 1937ko ekainaren 18an, hil zen Kasimiro