Mercero Iarza, Antonio

Lasarten, (orduan Hernaniko udalerrikoa zen eremuan) jaioa 1910/01/10ean. Langilea eta musikaria zen. Bere militantzia abertzaleagatik errepresioa jasan zuen.  1973/06/13an hil zen Lasarte-Orian.

Antonio gazte hasi zen Lasarteko Michelingo fabrikan lanean. Ezkondu eta familia eduki berritan lehertu zen 1936ko Gerra. Hilabete gutxiren buruan atxilotua izan zen. Atxiloketaren ostean, bere emazteak seme jaio berriarekin herria utzi eta Aginagan gorde ziren. Bertako baserri bateko lastategian eman zituzten hilabeteak.

Antonio Ondarretako kartzelara eraman zuten eta ez zuen familia ikusteko aukerarik izan. Ostean, espetxe batetik bestera eraman zuten. Erregimen frankistaren beste zenbait preso bezala, enpresa desberdinetan lan egitera behartua izan zen, besteren artean, Laudion. Lau urte inguru eduki zuten preso, 1940ko abenduan aske utzi zuten arte.

Lasartera itzuli zenean Okendon jarri zen bizitzen familiarekin baina hasierako urteetan Antoniok ez zuen Michelinera lanera itzultzeko aukerarik izan. Donostiako portuan jardun zuen. Urteetara lortu zuen gerra hasi aurretiko Michelingo bere lanpostura itzultzea. Frankismo betean, bere militantzia abertzalea tarteko egingo ziotenaren beldur, bere militantziarekin zerikusia zuen edozer gordetzera eraman zuen.

Hala, urte batzuk geroago, bere alaba zen Teresa Mercero Makazagak aurkituko zituen azpian atxikitako dokumentu zein argazkiak. Teresa Mercero Makazagaren testigantza biltzea lortu dugu, Antoniok eta ostean familiak bizitakoa laburbiltzen duena, tartean Usurbilen bizi izan zen bere anaia Luis Mari Mercerok pairaturiko jazarpena.

 

(Teresa Mercero alabaren testigantza lantze-fasean)

 

Iturria:

Teresa Mercero Makazaga

 

Errepresaliatuak