Antonio Mercero Iarzaren alaba eta Luis Mariren arreba
Milizianoa. Kolpistek preso eduki zuten.
Izena:
Teresa Mercero Makazaga
Elkarrizketaren data:
2021/06/20 – Usurbil
Elkarrizketatzailea:
Xuban Zubiria
Irudia eta edizioa:
Ibai Arrieta del Pico
«Amari eta anaiari ez zieten bisitatzen uzten. Anaiak hiru urterekin ezagutu zuen aita»
Teresa Mercero
Antonio Mercero Lasarten jaio zen 1910/01/10ean. Langilea eta musikaria zen eta Michelingo fabrikan egiten zuen lan. Bere militantzia abertzaleagatik errepresioa jasan zuen eta espetxean egin zituen hainbat urte. Teresa bere alabaren testigantzak Antoniok, eta gerra ostean bere anaia Luis Marik, pairaturiko jazarpena laburbiltzen du.
Antonio gazte hasi zen Lasarteko Michelingo fabrikan lanean. «Gerra lehertu zenean, bete-betean sartu zen borrokan eta atxilotu eta kartzeleratu egin zuten» adierazten du Teresak. Horren ostean, bere ama eta sei hilabeteko anaia Aginagako baserri batean babestu ziren: «Biak ala biak hilabeteetan egon ziren gordeta bertako lastategian» . Aita Ondarretako espetxean eduki zuten hasieran. «Amak, ordea, ezin izan zuen ikustera joan. Haurrak hiru urte egin ondoren ezagutu zuen aita ze ez zieten bisitara joaten uzten» dio Teresak.
Lan behartuak preso bezala
Aitari entzuna, badaki Ondarretakoan ez ezik beste espetxe batzuetan egon zela preso. «Zenbait enpresetan ere lan egitera behartu zuten, preso bezala, jakina» gogoratzen du. 1940k abendura arte ez zen etxeratu.
Lasartera itzuli zenean Okendon jarri zen bizitzen familiarekin baina hasierako urteetan Antoniok ez zuen Michelinera lanera itzultzeko aukerarik izan. «Berak niri kontatua, badakit Donostiako portuan jardun zuela itsasontizetako mekanikari gisa, matxura handi baten harira, Michelindik berriro deitu zioten arte» gogoratzen du.
Frankismo betean, bere militantzia abertzalea tarteko egingo ziotenaren beldur izaten zen: «Ez zuten horretaz hitz egiten. Beldurra zuten. Nik, nire gelatik entzuten nien aita-amari ahapeka hitz egiten, beheko bizilagunek entzungo ote zieten beldur» . Gainera, bere militantziarekin edo urte haiekin zerikusia zuen edozer gorde egiten zuen, izan dokumentuak, argazkiak edo objektuak. «Gauza hauek guztiak armairu atzean azaldu ziren. Ez dakit noiz sartuko zituen ere» dio.
Anaia Luis Mari jazartua soldadu joateko
Aitak jasandakoaz gain, frankismo garaian familiak ere, zehazki bere anaia Luis Mari Mercerok, hainbat gorabehera bizi izan zituen. Orduan guztiak, Usurbilen bizi ziren Teresaren familiarekin batera. Luis Marik aniztasun funtzionala zuen baina, halere, soldadutzara joateko deialdia jasotzen zuen behien eta berriz nahiz eta administrazio militarrak bere ezintasunaren jakitun izan.
Teresak argi dauka, nolabait familia markatua izaki familia eta bera umilatzeko asmo hutsarekin egiten zutela. «Guardia zibilak etxeraino etortzen ziren eta nahiz eta Luis Mariren aurrean jartzen genituen, temati segitzen zuten soldadutzara joan behar zuela esanez. Bidali ezinean ibiltzen ginen».
Familiak entzungor egiten zien deialdi guztiei baina soldadutzara presentatu behar zuela zioten. «Aitak ezezko borobila ematen zien eta, nahi bazuten desertoretzat jotzeko baina ez zela presentatuko esaten genien» kontatzen du Teresak. Azkenean, 1970ean lortu zuten Luis Mari soldadutzarako ezgai izendatzea.