Ainara Lizeaga Arrospide

Regino Arrospide Usabiagaren biloba

Kolpistek atxilotu ostean, familiak askatzea lortu zuen. Gero matxinatuek soldadu eraman zuten.

Izena: 

Ainara Lizeaga Arrospide

Elkarrizketaren data: 

2021/06/18 – Usurbil

Elkarrizketatzailea:

Arantxa Manterola

Irudia:

Ibai Arrieta

«’Zu libre geratuko zara eta beste bat aukeratu behar duzu libratzeko’, esan zioten aitonari»

Ainara Lizeaga

Ainara Lizeaga Regino Arrospideren bilobak familian entzundakoaren arabera ez zen atxilotu bakarra izan: «Beste usurbildar batzuk bazeuden han [Lasarteko kuartelean] eta bi adituenak Patxi eta Eustakio [Aizpurua], Zabaleako anaiak (…) Pilar [Lakidain] bere biloba, adinez nahiko antzekoa, bazkaria eta janaria eramatera joaten zitzaion egunero».

Hautu gogorra

Reginoren aitak San Estebango sendategian egiten zuen lan lorezain gisa eta han ezagutzen zuen «jende inportanteaz» baliatu zen bere semea libratzen saiatzeko. Hala, «norbait» Lasarteko koartelean agertu omen zen: «Nire aitonaren bila joan ziren -ez dakigu zein eta nola-, baina Viuda de Romero horren bitartez joan ziren eta esan zioten: ‘Zu libre geratuko zara eta beste bat aukeratu behar duzu libratzeko’… eta Eustakio [Aizpurua] aukeratu zuen».

Handik aterata, eszena zinez gordina ikusi zuten: «Handik atera zirenean tabernara joan omen ziren, Juxtonea edo… eta han zeudela kamioi bat ikusi zuten atzean bere lagunekin eta gero berria izan zuten Alto de Orion afusilatu egin zituztela. Eta horietako bat Patxi zen, Eustakioren anaia, Zabalekoa». Zabalekoak bere auzokideak zirenez, Reginok bi anaiak oso lagun zituen.

Ainara Lizeagaren elkarrizketa-bideoa

Etxera itzulita, ez zuen bertan denbora luze egin, ordea: «Etxera bueltatu eta hamaika bat egunera gutxi gorabehera, ez dakite seguru, frankistek eraman zuten Terueleko frontera soldadu. Reginok ahaleginak egin zituen frontera ez joateko, horretarako erizain plantak egiteraino: «… Esan omen zieten: ‘¿Ya hay algun practicante?‘ Eta berak baietz esan omen zuen, ba frontera ez joateagatik. Eta injekziorik jartzen ere ez omen zekien, ez kura bat egiten, ez ezer».

Trikimailua etxeratzeko

Are, infernu hura utzi eta etxeratzeko beste trikimailua ere asmatu zuen eta, nonbait, ondo atera zitzaion. Pikorrak atera zitzaizkiola eta nahitara gaiztotu ondoren etxera bidali zuten: «Granoak atera omen zitzaizkion edo herida batzuk edo… eta arraskatuz gaiztotu, eta etxera bueltatu omen zen. Ez dakit zenbat denbora egon zen».

Geroztik Reginok bizitza normala egin zuen. Michelin fabrikan lan egiten hasi zen, ezkondu eta bederatzi seme-alaba hazi zituen. 1973an hil zen, hain justu. Hala ere, gerra garaian izandako bizipenek betiko arrastoa utzi zioten, dudarik gabe. Ainara bilobak dionez, Terueleko frontean elkarrekin egondako beste usurbildar batzuekin sekulako harremana mantendu omen zuen eta urtero Nafarroako herri batera irtenaldia egiten zuten elkarrekin: «Istorio bat dago hor, ez dakigu seguru zer, baina Ziraukin, edo gorde egin zituztela edo jana eman zietela, edo ez dakit zer… Eta urtero hara joaten omen ziren bisitatzera, Bixente [Altuna, Zendoianeko itsua], Orella [Fernando], eta nire aitona, beraien andre eta guzti, taxian, egun osoa pasatzera. Haiekin harreman handia omen zuten, ez dakit zer fabore egin zieten edo zer egin zieten han, baina hara joaten omen ziren urtean behin».