Meagako fusilatuei buruzko testigantza
Oikian, Meaga inguruan 1936an fusilatu eta lurperatutako Bautista Aginaga usurbildarra eta Pedro Julian Agirre aiarrari buruzko zehaztasunak.
Izena:
Erramun Jauregi Etxabe
Elkarrizketaren data:
2021/12/05 – Oikia-Zumaia
Elkarrizketatzaileak:
Arantxa Manterola eta Ion Martin
Irudiak:
Usurbil 1936 elkartea

«Bi gorpuak buruz buru zeuden luzean jarrita, hezurrak oso osorik»
Erramun Jauregi
Oikiako Urtia Berri (Urteaga Berri) bere baserrian, 75 urte zituela, jaso genuen bere testigantza, etxetik oso gertu erail, lurperatu eta urteetara deshobiratu zituzten Bautista Aginaga eta Pedro Julian Agirreri gertatuakoaz.
Erramun mutil koskorra zenetik entzuna zuen Meaga inguruko zelai hartan gorpuak zeudela eta familiako eta auzokide nagusiek errespetua sartzen zieten txikitatik «hor ez ibili, hildako gizonak daude-eta» esanez. Gogoratzen du aldameneko baserrikoen jabetzako lurretan zeudela lurperatuta, bi arbolen artean. «Ezkerrekoan berak [baserritarrak] egindako burdinezko gurutzetxo bat jarrita zegoen, eta atzerago zanga txiki batean, zeuden gorpuak. Tapatuta zeuden eta tontorrak ikusten ziren» dio. Gaur egun oso aldatua badago ere (mahastiak daude), gorpuen kokapen zehatza ere erakutsi zigun argazki batean (ikusi hemen azpian)

Erramunek entzuna du hil zituzten egunean Aizarnazabalgo okina (taxista lanetan ere ibiltzen zena) behartu zutela Zarauzko fraidea [Segundo Bilbao] ekartzera. Okinak ikusi omen zituen errezoren bat egiten eta gertatutakoa «ze gauza itxusia izan zen» ere bai. Gorpuak bertan utzi zituztela eta inguruko baserritarrak lurperatu zituztela ere kontatzen omen zieten.
Azkue hoteleko nagusien testigantza
Jazoera gogor hartaz mintzatu zitzaizkigun ere Meagako mendatean dagoen Azkue hoteleko nagusiak, justu Erramunekin elkarrizketatu baino lehen. Zehazki, 2021/11/20an Xabier Aldalurrek eta bere emazte Lurdes Azkuek kontatu ziguten Lurdesen aita zenak, 10 urte zituela, bi eraildakoen [Bautista eta Pedro Julian] gorpuak ikusi omen zituen bide-bazterrean botata eta gero lurperatu zituztela Erramunek esandako lekuan [gaur egun mahastiak daude].
1980ean gorpuak atera zituztenean Erramun han izan zen. «Abisatu ziguten gorpuak jasotzera etorriko zirela eta nire etxetik oso gertu zeudenez, joan egin nintzen». Berrogeita bat lagun batu omen ziren ekitaldi hartan. Getariako kronikalaria (DV-koa uste du) ere bertan izan omen zen eta, jakina, fusilatutakoen senideak ere bai. «Bi gorpuak buruz buru zeuden luzean jarrita, hezurrak oso osorik» dio Erramunek. Pedro Julianen senideek gerrikoaren hebillagatik eta zapatengatik igarri omen zuten bera zela eta Bautistarenak, berriz, hortzengatik. Bakoitzaren gorpuzkinak kajatxo banan sartu zituzten beren herrietara eramateko.

2022ko maiatzaren 14an bi fusilatuei omenaldia egin zitzaien erail zituzten leku berean, Meaga inguruan, Oikia-Zumaiako lurretan. Oroimen gune gisa finkatzeko oroitarri bat kokatu genuen eta ekitaldian bertan egon zen Erramun Jauregi bera ere.
