François Inchausti Lucia

Inazio Intxausti Azurzaren semea

Bere aita gudaria izan zen. Gernikan, Otxandion, Ebron borrokan ibili ostean, Estatu frantsesera ihes egin eta errefuxiatu-esparruetan eduki zuten. II Mundu-Gerran naziek atxilotu eta lan behartuak egitera eraman zuten Bretainiara.

Izena: 

François Inchausti Lucia

Elkarrizketaren data: 

2021/11/05 – Bideokonferentziaren bidez

Elkarrizketatzaileak:

Joxe Domingo Aizpurua eta Arantxa Manterola

Irudia eta edizioa:

Ibai Arrieta del Pico

«Egun batean, su-eten bat probestuz, hildakoen gorpuak bildu eta erre egin zituzten»

François Inchausti

Aitak gerran izandako gorabeherak berari eta bere arreba Lydiari kontatzen zizkiela nabarmenduta, Lyon inguruko herri batean (Saint Bonnet-de-Mure) bizi den bere seme François Intxaustiren (79 urte) testigantza jaso dugu hemen. Elkarrizketa bideokonferentzia bidez egin zen. 

Inazio Intxausti Azurza oso gazte, 16 urte besterik ez zituela, alde egin omen zuen Usurbildik. Lagunekin Aginagan zegoen 1936ko iraileko egun hartan eta etxera itzuli ezinean aurkitu zen. Izan ere, ohartzerako kolpistek herria hartua zuten. “Bere familia agurtzeko aukerarik izan gabe ere, alde egin zuen eta Errepublikaren aldeko taldeetara batu zen» azaldu du Françoisek.

Hartutako engaiamenduak laster eraman zuen borrokara. Hala, besteak beste, Gernika bonbardatu zutenean Inazio bertan zen eta 1938 aldera, Ebroko batailan ere parte hartu zuela kontatzen zuen.

Gerraren krudelkeria

Guda haietan izugarriak ikusi eta bizi izan zituen. «Gerran ibili zen denboran, basakeriak bizi izan zituen, pasarte zinez makabroak: gizon zaurituak, mutilatuak eta hildakoak nonahi. Egun batean, su-eten bat probestuz, hildakoen gorpuak bildu eta erre egin zituzten» dio kalezartarraren semeak.

Heriotza oso gertu izan zuen hainbatetan. «Behin baino gehiagotan hiltzeko zorian izan zen: bala batek buru-azala erre zion, obus batek lurperatu. Hilda zegoelakoan, burkide batek bere familiari paperak emateko berarengana hurbildu zelarik, bizirik zegoela ohartu eta salbatu egin zuen. Berak ere hankan larriki zauritua izan zen burkide bat salbatu zuen» kontatzen du Françoisek. Berak gerora burkide hura ezagutu zuen baina ez du izenik eman nahi izan, soilik  Sodupekoa zela esan digu.

Inazioren beste senide batek (bere lehengusu txiki Joxe Leon Arriaga) bere ahotik jasotako pasarte bat kontatu digu: «Inaxiok kontatzen zigun zein une gogorrak bizi izan zituen, esaterako, Gernikako bonbardaketatik ihes egin ostean, Otxandio inguruan faxistekin izan zituzten aurrez aurrekoak, non kide bat hilda utzi behar izan zuten eta gauerako erretiratu. Hurrengo egunean hurbildu omen ziren eta kide haren anaia bertan geratu omen zen, bere burkideei ospa egiteko eskatuz. Pare bat aste ibili omen ziren inguruetako mendietan, gordeta. Goseak jota, han aurkitu zuten asto txiki bat jan ere egin omen zuten».

Errefuxiatu zelaiak, kontzentrazio esparruen pare

Errepublikazaleen hondamendiak Estatu espainiarretik ihes egitera behartu zuen Inazio. Arroxelara (Estatu frantsesa) heldu zen eta handik Figueresera (Katalunia) joan zen. Han zehazki zer gertatu zen ez daki François semeak baina berriro estatu frantsesera joan zen, seguru asko, kolpistak Katalunia hartzeko zorian zirelarik. «Armagabetua izan ondoren, Gurseko zelaira (Pirinio Atlantikoak departamenduan) eraman zuten. Han bere osaba bat topatu zuen, gerora Alemaniara deportatuko zutena. [Jose Maria Azurza Usategi, lasartearra, 1941an Mauthausen-Gusen Austriako kontzentrazio esparruan hil zen]». Bera berriz, Heyrieux herriko baserri batera eraman zuten lan behartuak egitera.

Bigarren Mundu Gerrarekin gauzak ez ziren hobetu. Errefuxiatua izateagatik sekulako polizia-kontrolak jasaten zituen. «Alemaniar naziek, halako batean, atxilotu eta derrigorrezko lanetarako errekisatu zuten. Hala, Lorientera (Bretainia) itsaspeko base batera eraman zuten bere koinatua izango zenarekin batera. Biek ala biek ihes egitea lortu zuten eta Heyrieux-era itzuli ziren bainan hilabeteetan ezkutuan bizi izan ziren»  jarraitu du Françoisek.

Espetxeratua ere izan zen. «Edozein huskeriarengatik, espetxera eramaten zituzten. Batzuetan alemaniarrak beren paperak ulertzen ez zituztelako… huskeriengatik. (…) Horrela Montluc-en (Lyoneko espetxea, Klaus Barbie Lyoneko harakina deituriko naziak zuzentzen zuena) eta Chapolyko gotorlekuan, atzerritarrentzat behartutako egoitza zena, preso eduki zuten.

II Mundu Gerra osteko urte latzak

Gorabehera horien guztien artean, Inaziok emaztea hartu zuen. Bera bezala, errefuxiatutako familia espainiar bateko alaba zen Angeles Lucia, Madrilen sortua. Familia hark asko lagundu zuen Inazio. «II. Mundu-gerra amaituta, Decines-era eta gero Vaulx-en-Velin herrira joan zen bizitzera emaztea eta bere bi umeekin, neroni 1942 jaioa eta nire arreba Lidia 1948an sortutakoa. Bere emaztearen familia gertu izan zuen beti, hau da, bere aita eta amaginarrebak. Urik eta argindarrik gabeko etxe batean bizi ginen» gogoratzen du Françoisek.

Urteekin lan eta egoitza baimenak lortuta, lan bat ere lortu zuen galdaragile bezala Rhône Poulenc lantegian non ‘El vasco’ ezizenez ezagutzen omen zuten. Enpresa berak langileen auzoan emandako etxebizitza bat ere erdietsi zuen familiak. Beraz, bizimodu normaldu bat izatera iritsi ziren halako batean, nahiz eta Inaziok bere beldurrak erabat baztertu ezinik jarraitu zuen: «Aita ez zen inoiz bere dokumenturik gabe ateratzen, pairatu zituen kontrolen beldurra beti barnean zeraman».

21 urte eta gero, Usurbilera

Errepublikazaleentzat amnistia aldarrikatu ostean, 1957an bere herrira joateko aukera izan zuen azkenean. «Herrimina  handia zuen. Euskal Herriarekiko maitasuna bere seme-alabei eta bilobei transmititu zien. Bere emazte eta seme-alabekin, lehen aldiz herria 1936an presaka utzi zuenetik bere anai-arreba eta gainerako senideekin bildu zen. Egun zinez gogoangarria izan zen nahiz eta elkarteratze hura bi hilabete lehenago bere aitaren heriotzak zertxobait zapuztu zuen» gogoratzen du Françoisek, bera ere hunkituta. «Egun hartan, gerran berak salbatu zuen Sudupeko burkidea ere bisitan etorri zitzaion. Une zirraragarria izan zen».

Lyongo Museoan dagoen bitrina honetan, Rhône Poulenc enpresan langileek egindako ekarpena irudikatuz, Inazio Intxaustiren argazkiak eta erlojua ikusgai daude.

Inazio, 1984an jubilatu zen lanean urte asko kementsu aritu ostean (Laneko Zilarrezko Domina eman zioten 25 urte lantegian egin zituenean). «Bizkibitartean, bere seme-alabak ezkondu ziren, espainiar jatorria zutenekin. Bost biloba  –bi mutil eta hiru neska–, izan zituen eta oso harro eta pozarren zegoen haiekin. Gustuko zuen haiek xaxatzea eta asko jolasten zuten elkarrekin, batez ere dama jokoan, ez baitzen nork garaituko zionik» dio bere semeak, hil aurretik birbiloba bat ezagutzeko aukera ere izan zuela gaineratuta.

Bizitza samurra izan ez bazuen ere, Inazio «umore onekoa eta oso adeitsua» zela eta «familien arteko harremana beroa izan zela beti» nabarmendu du Françoisek.