Maria Jesus Rankin Ruiz

Umetan Falangeko barnetegian bizi izan zen

Txokoaldeko Torrea etxetzarrean ‘Auxilio Socialeko’ barnetegian lau urtez egondakoa.

Izena: 

Maria Jesus Rankin Ruiz

Elkarrizketaren data: 

2024/07/15 – Usurbil

Elkarrizketatzailea:

Arantxa Manterola

Argazkia:

Arantxa Manterola

«Haientzat gauzak ginen, ez pertsonak»

Maria Jesus Rankin

«Maria Jesus Rankin Ruiz naiz, 1946/02/26an Tolosan jaioa. Orain Usurbilen bizi naiz. Hiru urte nituenetik seira arte, Aginagan [Txokoalde], emakumeak kudeatutako Torrea kolegioan izan nintzen». Horrela aurkezten du bere burua, aspaldiko urteotan Usurbilen bizi den emakumeak.

Zigorren artean, denen aurrean lotsagorritzeko, belauniko jarri, besoak zabal-zabal eta eskuen gainean liburu pisutsuak eutsi ezinik jartzen zietela gogoratzen du. Badu ere buruan iltzatua gau osoa, ilunpean, kaperan bakarrik eduki  zutenekoa: «Logelan geundela, ni seko lo, begirale bat etorri eta arrastaka eta oihuka atera ninduen ohetik. Nonbait logelan zegoen zalaparta nik sortu nuela pentsatu zuen. (…) Nik ez nekien zer gertatzen zen ere, negar batean eskailera behera jaitsi eta kaperan utzi ninduen gau osoa. Dena ilun, argitxo bat besterik ez [aldareko lanparatxoa] eta ni iluntasunaren beldur (…). Eskerrak etxean Jesus nire laguna zela erakutsi zidatela … (…) baina sekulako izua pasa nuen. Hurrengo goizean hor aurkitu ninduten bildu-bildu egina belaunaulkiaren oinean, lo».

Han zergatik zegoen galdetuta, argi du «etxean zer jatekoa ez zegoelako» izan zela. Oroitzapen zatiak kontatzerakoan, beren artean jolasten zutela, irakurtzen irakasten zietela eta «edozein huskeriagatik» zigorrak ere ohikoak zirela nabarmentzen du.

Lau urterekin irakurtzen bazekien: «Gogoan daukat irakurtzen ikasten genuela, ez idazten ezta kontuak egiten ere. Soilik irakurri eta dotrina buruz ikasi, jaunartzea egin behar zenuelako. Idazten eta kontuak egiten gerora ikasi zuen Tolosan».

Umeen kartzela

Barne-diziplina «erabatekoa» zen: «Oso oroitzapen txarrak ditut, hoztasunarena, zakartasunarena, enpatia eskasarena… [Haientzat] txikiak behintzat, gauzak ginen, ez pertsonak».

Maria Jesusek dio ez zirela inoiz handik ateratzen, ezta Gabonetan ere. Denbora guztian han (…) Ez nintzen sekulan ‘kolegiotik’ atera. Han egon nintzen lau urtez, 1953 arte, uholdeak izan ziren urtera arte. Nire anaia bizikletan etorri zen orduan nire bila (…) Dena barruan gertatzen zen, kartzela bat bezala, umeen kartzela bat, umezurtzegi bat. Horrela bizi izan nuen».

«El internado» seriea

Lau urte haiek neskatoari utzitako arrasto sakona gainditu zuela uste bazuen ere, duela gutxi gertatu zitzaionak ez dela hala izan erakusten du: «Serie hori, El Internado edo el Orfanato … telebistan kasualitatez kapitulu bat harrapatu nuen eta uf! Ze izan zen hura! Bat-batean txikitan bizi izan nuen guztia etorri zitzaidan burura eta ezin izan nuen ikusi, ez kapitula hura ezta besterik ere. Pentsatu nuen, ‘baina hori nik bizi izan dut’ eta ez nintzen ohartu Torrean nengoela. (…) Gerora jabetu nintzen,  ezaguna nuen errodajean  ibilitako makillatzaile batek esan zidanean grabaketa han egina zela. Zer diren gauzak, hainbeste denbora ondoren, nolako zirrara eragin zidan! ».

Hori dena gogoratzerakoan burura zer etortzen zaion galdetuta, «izua» erantzuten du: «izua, nire hitza izua da, beldurra, itomena, bakardadea… (…) han egon behar zenuen eta kitto (…) baina oso txarra zen, jende oso gogorra, lehorra, ufff, gizagabea».

TESTIGANTZA ENTZUN HEMEN