Maria Jesus Rankin Ruiz
Auxilio Social delakoa Francoren erregimenaren sorospen eta asistentzia erakundea zen. Berez, gerra garaian sortua, barne-antolakuntzan zenbait aldaketak egin ostean, 1940an gobernu faxistak Falange Española y de las Jons-eko [onartutako alderdi politiko bakarra] Sección Femeninaren gidaritzapean jarri zuen. Bere egitekoa gerraren ondorioz umezurtz geratutako haurrak edo egoera prekarioan zeuden familiak laguntzea zen, eta, jakina, tartean errepublikazaleen seme-alabak ‘Espainia berrira’ moldatzea beren gurasoen ideietatik aldenduz. Frankismoaren propaganda-aparatuak erruz erabili zuen erakunde hau gizartea erregimenaren onurez konbentzitzeko.
Hamarkadetan jardun zuten barnetegi ugari zabaldu zituzten Estatuan eta Euskal Herrian ere bai, haietako zenbait, errepublikazaleei konfiskatutako eraikinetan. Halako bat izan zen Txokoaldeko Torrea etxetzarra, erbestera jo behar izan zuen Zatarain familiari kendutakoa.
Han egon zen Maria Jesus Rankin Ruiz, 1949tik 1953ra. Tolosan 1946/02/26an jaioa, baina Usurbilen bizi da aspaldiko urteotan. Bere familiaren egoera ekonomiko kaskarra medio, soil-soilik neskentzako zen Txokoaldeko zentroan sartu zuten. Aurrez bere bi lehengusina eta ahizpa zaharragoa ere bertan bizi ziren.
Bere testigantzaren arabera, «etxean zer jatekoa ez zegoelako» sartu zuten barnetegian. Aitak familia abandonatu ostean, amak izugarrizko zailtasunak zituen hiru senideko familia aurrera ateratzeko.
Oso txikia zenez, Maria Jesusek ez du kontakizun oso bat osatzeko adina oroitzapen baina gordeta ditu bere memorian zein gogorra zen bertako bizimodua, zer disziplina estua pairatzen zuten, erlijioak zuen pisua eta, batez ere, emakume begiraleen zorroztasuna eta zakarkeria. «Niretzako munstroak ziren» dio.
Ikusi hemen bere testigantza: Maria Jesus Rankin Ruiz
OHARRA: 2024ko azaroaren 4an, Zatarain familiak Torrea etxera sartzeko aukera eman zion Maria Jesus Rankini. Hala, 71 urte geroago, txikitan lau urte bertan igaro zituen barnetegia bisitatu zuen, hunkituta. «Barne-barnean daramadan trauma hori xahutzeko lagungarri izango delakoan nago. Urteetan hango bizipenen arrasto latza beti hor izan dudan zama izan da. Izugarri eskertzen diot Zataraindarrei aukera hau eman izana» adierazi zuen handik ateratakoan.