Eusebio Larzabal eta Romana Zubiriaren alaba
Biak ala biak desagertu eta fusilatuak izan ziren
Izena:
Maria Luisa Larzabal Zubiria
Elkarrizketaren data:
2021/08/19 – Donostia
Elkarrizketatzailea:
Arantxa Manterola
Irudia eta edizioa:
Ibai Arrieta del Pico
«Nire amaren eta aitaren hezurrak non dauden jakitea nahiko nuke hil aurretik»
Maria Luisa Larzabal
Romana Zubiria Urruzmendi Aginagan jaio zen eta bertako elizan ezkondu zen Eusebio Larzabal Orandegi añorgarrarekin 1923an. Gero senar-emazteak Donostiara joan ziren bizitzera. Hiru seme-alaba izan zituzten. Bizirik dagoen Maria Luisa alabak [94 urte] kontatu digu zein gogorra izan zen bi gurasoak galtzea eta inoiz gehiago haien berririk ez izatea.
Aurrez Antigua auzoan eta erdialdeko etxe batean bizi izanak ziren baina, gerra garaian, Loiola auzoan bizi zen familia. «Nire aitak Pedro Kalzakortaren ardo eta likore biltegian egiten zuen lan. Kamioiaren gidariarekin batera edariak banatzen aritzen zen. Ama, berriz, etxekoandrea zen baina Loiolan etxeak lur-zatitxoa zeukan, eta bera baserrikoa zenez, baratza lantzen bazekien. Gero Groseko azokan saltzen zituen barazkiak» gogoratzen du garai hartan 9 urte zituen Maria Luisak.
Aita abertzalea
Aita alderdiren bateko kide zen zehazki ez dakien arren, bistakoa da abertzalea zela eta seguruenik, EAJren jarraitzailea. Izan ere, oroitzen du txikitan «Gora Euzkadi, bizi bedi, gora Arana ta euskaldunak…» abestia kantatzen ziola. Amak ez omen zuen ezer esaten «baina konforme zegoen» dio.
Estatu-kolpearen ondoren Donostian bizi izan ziren egun korapilatsuak ezagutu zituen Maria Luisak. Gauez askotan joaten omen ziren gurasoak, bere anaia Pedro eta bera [Antonio anaia txikia istripu batean hila zen] beren etxetik hurbil zegoen baserri batera babestera. «Egun batean egunez joan ginen eta hegazkin batek ikusi gintuen eta gu korrika, eta tirokatzen hasi zen. Amak ´lurrera, lurrera´oihukatzen zuen, baina Pedrok eta nik korrika segitu genuen».
Une gogor gehiago pairatu behar izan zituzten, haatik. Maria Luisa oso gaixo jarri zen ostiomielitisak hanka bat harrapatuta eta abuztuaren 6an erietxera eraman behar izan zuten ebakuntza egiteko. Han ingresatuta zegoela zauritutako soldaduk ikusi zituela eta badiatik itsasontzi bonbaketariek botatzen zituzten lehergailuen hotsa ere gogoratzen du.
Orduan gertatu zen ere bere bizi osoa aldatuko zuen triskantza: gurasoen desagerpena. «Ama etxetik atera zen goizean erosketak egitera. Pedro eta aita bertan geratu ziren eta handik gutxira atea jo zuten. Pedro anaiak ireki zuen eta ‘Eusebio Larzabal’ galdetu zuten. ‘Aita zuregatik galdetzen dute’. Aita ateraino joan eta eraman egin zuten. Ama itzuli zelarik, anaiari galdetu zion aita non zegoen eta bi gizonek eraman zutela esan zion. ‘Zu hemen gera zaitez eta itxaron ni etorri arte, aitari zer gertatu zaion jakitera noa’. Nonbait Epaitegira-edo joan omen zen. Han pentsatuko zuten bera ere harrapatu behar zutela ze inoiz gehiago ez zen agertu» kontatzen du ahots urratuarekin.
Izeba, non da ama?
Bitarte horretan Maria Luisa amaren bisitaren zain San Antonio Abad erietxeko ohean iltzatuta. Bi anai-arreben kargu egingo zen izeba Felisak [Romanaren ahizpa gazteena] ez zion egia esan nahi, ordea. «Ama ez zetorrela ikusirik, nik negar eta negar. Zenbat negar egin nuen gau hartan! Galdetzen nion izebari: ‘izeba amatxo non da, zergatik ez da etortzen? …. Eta berak: ‘Badakizu ze gertatu zaion? Aizkorarekin belaunean min hartu du eta ezin du ibili, ezin du etorri…’ jota geratu nintzen».
Familiak ez zuen gehiago Romana eta Euxebioren arrastorik atera. Maria Luisak dioenez, beldur handiegia zuten galdetzen hasteko ere. Aita Ondarretako espetxean eduki zutela preso jakin zuten, ezer gutxi gehiago. Argitaratu izan diren zerrendetan Romana eta Eusebio senar-emazteak 1936/9/26an fusilatu gisa azaltzen dira.
Helduak zirenean ere, berak eta anaia Pedrok gutxi aipatzen zuten gertatutakoa, «oso gogorra egiten zitzaigun». Halere, bizi osoa igaro du bere gurasoak non dauden jakin nahian. Gaur egun ere, «oso mingarria» egingo litzaiokeen arren, haien gorpuzkinen paraderoa jakin nahiko luke: «Lasaiago hilko nintzateke. Gustatuko litzaidake nire amaren hezurrak non dauden jakitea eta aitarenak ere bai. Ahal balitz, bienak».
Oharrak:
1978/12/17an Loiola auzoan bere gurasoak eta kolpistek erail zituzten beste 15 auzokideen alde Bihotz Sakratuaren elizan egin zen mezan izan ziren Pedro eta Maria Luisa bi anai-arrebak.
2021eko irailean Aranzadi elkarteak DNA lagina hartu zion Maria Luisa Larzabal Zubiriari orain artean aurkitutako gorpuzkinekin alderatzeko, baina ez zen emaitza positiborik izan.