Jose Mari Furundarena Begiristain-en iloba
Kolpistek Tolosan fusilatu zuten 1936ko urriaren 3an
Izena:
Marije Furundarena Salsamendi
Elkarrizketaren data:
2021/11/27 – Usurbil
Elkarrizketatzaileak:
Arantxa Manterola eta Ionma Martin
Irudia:
Ibai Arrieta
«Nire aitari oraindik malkoak ateratzen zaizkio; ez du gainditu»
Marije Furundarena Salsamendi
Jose Mari Furundarena 1915eko uztailaren 17an jaio zen Eizan, Aginagan. Pilotari afizionatua zen eta gerra hastean 21 urte bete berri zituen. EAJko kidea eta Usurbilgo Andatza Taldeko milizianoa izan zen. 1936ko urriaren 3an, San Praxku jaien inguruan senitartean afaltzen ari zela, kolpistak etxera joan zitzaizkion, atxilotu, Tolosara eraman eta han fusilatu zuten.
Jose Mariren erailketa gai tabua izan da familiarentzat hainbat hamarkadatan, Francoren erregimenak ezarri zuen izuaren ondorioz.
Marije Furundarena bere iloba da eta oroimen batzuk bildu ditu: «Zazpi edo zortzi urte nituelarik, Santu Guztien bezperan izango zen eta Aginagako kanposantuan genbiltzan. Iritsi nintzen gure familiaren panteoira eta han ikusi nuen Jose Mari bat, Jose Mari Furundarena Begiristain. Hasiera batean ez nuen kokatu nire aitaren anaitzat bezala, zeren inoiz ez genuen entzun».
Orduz geroztik hasi zitzaizkion galderak Marijeri: «Zein zen Jose Mari? Orduan esan zidaten aitaren anaia zela, baina ikusi nuen ama defentsiban jartzen. Aita etorri zenean galdetu egin nion ere eta bere aurpegia aldatu egin zen. Zea jakin nahi den? Bai, hil egin ziñan eta gehiago ez ezan galdetu».
San Praxkutan atxilo eraman
Urteen poderioz, Marijek jakin izan zuen bere osaba Jose Marik konpromiso politikoa zuela; hala ere, «familian nolabait hilketa zibil bat izan zela» saiatu ziren azaltzen. Baina zirrikituetatik argia sartzen hasi zen zorigaiztoko egun hartaz. Nahiz eta gerra izan, San Praxku festa bizi zen eta «nik entzun dudana da familiak afari bat zuela, Ameriketatik etorritako familiar batekin. Gauean etorri ziren bere bila etxera; eraman zuten eta hortik aurrera ez zuten gehiago jakin izan. Hil zela bakarrik».
Jose Mariren gurasoek ahal zuten guztia egin zuten semea aurkitzeko; makina bat gestio egin eta ate asko jo zituzten. Baina bakarrik haren gorpua aurkitu zuten Tolosan, eta desagertu eta hiru egunera Aginagako hilerrira ekartzea lortu zuten. Hortxe dago bere hilobia gaur.
Denbora igaro ahala, oinazeak osagai berriak jaso zituen: heriotza norbaiten salaketaren ondorioa izan zen. «Inoiz entzun dut noizbait aurkitu ote zioten bere poltsikoetan zerrendatxo bat izen batzuekin, baina familiatik beti ukatu egin da hori –azaltzen du Marijek–. Gero gauza kurioso ere badaukat: ni emakume heldua nintzela jada, Usurbilgo Felixianak, Irasuegi uste dut zela, deitu eta esan zidan: Aizu, Furundarena al zara? Zure osaba hildakoena? Bai, iloba. Ba nik gauza asko dakizkit berari buruz, esan zidan. Eta noizbait kontatuko dizkizuet. Nik badakit nork salatu zuen. Eta ni gelditu nintzan horrela, pixka bat…».
Baina elkartu baino lehen, Felixiana hil zen, «eta gelditu gara zenbait detaile jakin gabe. Berak esan zuen: Oso ondo ezagutzen duzue, gainera. Ez dakit… Herritarra izango zen. Berak esaten zuen bai, bai, Usurbilgoa».
Isiltasuna nagusi
Beste familia askorentzat bezala, bidea ez da erraza izan. Gerrako garaileek zabaldutako izuak isiltasuna ekarri zuen, eta isiltasunak ahanztura. «Beti oztopoak izan ditugu; bizi direnek ez dute kontatu nahi edo ezin dute kontatu. Nire aitari, adibidez, oraindik malkoak ateratzen zaizkio. Ezin du, ezin du. Nik uste dut ez duela gainditu».
«Ez dugu gainditu; hor dago, hor dago… –azpimarratzen du–. Hasieran pentsatzen nuen gurea zela gainditu gabeko kontua, baina beste batzuek gainditua izango zutela, baina nahiko orokorra izan da, eta oso zabala gainera. Beldur hori hain ondo zabaldua izan da… Familia gutxi batzuei esker hasi zen askatzen, eta nik haiei eta zuei ere eskertzen dizuet, jende honekiko nolabaiteko aitortza behar zelako».