Zataraindarren senitarteko bat
Anbrosio Zatarain Goiak erbestera jo behar izan zuen bere familiarekin. Nazionalista zen. Kolpistek ondasunak bahitu zizkioten.
Izena:
Zatarain familia
Elkarrizketaren data:
2022/01/19 – Donostia
Elkarrizketatzailea:
Aitor Azurki
Irudia eta grabazioa:
Ibai Arrieta
«Torrean ‘Auxilio Social’-eko neskatilak zeuden, eta behin desfilatzen edo ikusi genituen lorategian»
Zatarain sendiko kidea
Zatarain familiako kide bat elkarrizketatu dugu, baina anonimotasuna mantendu nahi izan du. Hori dela kausa, ez dugu bere irudi eta izen-abizenik adieraziko; bai, ordea, hemen plazaratu emandako informazioa eta dokumentazioa.
Izan ere, Zatarain familiak kolpisten errepresioa jasan zuen 1936ko Gerran, «nazionalistak zirelako», senitartekoak dioenez. Hala, lehenik eta behin, familiako lau kidek hanka egin behar izan zuten Ipar Euskal Herrira: Anbrosio Zatarain Goia, Karmen Ibañez Loidi bere emaztea, Anbrosio Zatarain Etxebeste -lehen ezkontzatik izandako seme bakarra- eta Jose Xabier Zatarain Ibañez, hain zuzen ere. «Ihes egin zuten 1936an. Uste dut lehenengo egun batzuk Baionan eman zituztela, baina gero Pauen [Biarno] bizi izan ziren», azaldu du.
Ondoren, Felix Zatarain Goia apaiza ere batu zitzaien mugaz haratago. «Pauen bizi izan zen eurekin, bostak etxe berean. Ez zuten lanik egin han zeudela, diru pixka bat izango zutelako; soilik Felix apaizak egin zuen lan Paueko parrokia batean», gaineratu du.
1955 inguruan, Torrea etxera itzuli
Pixkana-pixkana lortu zuten kolpistek bahitu zizkieten ondasunetako batzuk berreskuratzea: «Guk kalkulatu dugunaren arabera, 1955. urte ingurua izango zen etxea [Txokoaldeko Torrea] entregatu zietenean».
Hala ere, urte batzuk igaro ziren Zataraindarrek itzultzeko aukera izan zuten arte: 1957. urtean pasa zuten berriz muga, hain justu. «1957a baino lehen pasadaz etortzen ziren [Hegoaldera], 1948tik edo hasi ziren. Ez zuten arazorik izan, baina ez ziren bizitzera etortzen».
Familiarrak beste pasarte bat ere kontatu du: «Antza, Hendaiaraino heldu ziren behin, eta emakumeren batek galdetu zion -ez dakit ezagutu zituen edo zer-: ‘Zu al zara Anbrosio Zatarain?’. ‘Bai’. ‘Ba ni zu banintz, ez nintzateke itzuliko’. Eta orduan, Pauera itzuli ziren».
Hori bai, familiak gogoan du, adibidez, senitartekoren baten ezkontza zela kausa Hegoaldera pasa zirela, Arantzazura, hain zuzen. Eta azkenean, 1957. urtean erabaki zuten Usurbilera itzultzea behin betiko. «Ideia dut uztailaren 18an itzuli zirela, ez dakit ziur. Orduan ja ez zuten arazorik izan; ez dakit nola konpondu zituzten kontuak. Alberto Martín Artajo ministro izandakoa zegoen tartean. Hura Juan Jose Zatarain Goiaren emaztearen senitartekoa zen, Maria Teresarena. Eta hor uste dut zegoela kontua».
‘Auxilio Social’-eko neskatilak desfilatzen
Azkenean, behin betiko itzulitakoan, berriztatze-lanak egin behar izan zituzten bertan: «Horrenbeste urte utzita egon ondoren, noski, konpondu behar izan zuten; Anbrosio Zatarain Etxebeste [Anbrosio Zatarain Goiaren semea] arduratu zen horretaz: teilatu guztia, eta etxe barrua ere bai». Izan ere, faxistek ‘Torrea’ etxea neskatoak biltzeko leku gisa erabili zuten gerraostean: «Neskatilak zeuden etxean, ‘Auxilio Social’ delakokoak. Uste dut soilik horiek egon zirela».
Horren inguruan galdetuta, honakoa du gogoan: «Trenez Donostiarantz Torrea aurretik pasatzen ginenean kartel bat ikusten genuen: ‘Auxilio Social’. Eta alabak esan dit, [faxistek] Torrea itzuli baino lehen, bertara joan gineneko batean nola ikusi genituen neska horiek. Nik uste denak kanpoko neskak zirela. Desfilatzen edo zeuden hor, Torreako lorategian». [Han egon zen neskato baten testigantza hemen: Maria Jesus Rankin Ruiz]
Eraikinez gain, altzariak ere lapurtu zizkieten, baina Zataraindarrek lortu zuten horietako batzuk pixkana berreskuratzea. «Anbrosiori entzun izan diot behin buletin batean azaldu zela jendeari kendutako gauzak itzuliko zizkiotela. Orduan, Madrilera joan ziren Anbrosio Zatarain Goia eta Felix Zatarain Goia. Felixek moja bat bisitatu nahi izan zuen Madrilen eta konbentura joan ziren. Eta hara non eta Anbrosiok zera esan zion anaiari: ‘Ezagutzen al duzu tresillo hau?’. Ez dakit baietz edo ezetz esan zion. ‘Begira txakurren urradurei. Tresillo hau Torreakoa zen’. Orduan, han galdetu omen zuten ea nola zuten tresillo hori hor. Eta erantzun zieten moja sartu zen batek eraman zuela ‘dote’ gisa”.
Honakoa dio senideak ea faxistek konfiskazio gehiago egin zizkieten edo ez itauntzerakoan: «Ziotenez, garai batean, etxe honetako beheko solairuan [Donostiako Zentroko etxe batez ari da] militar bat bizi izan zen. Beraz, pisu hau konfiskatu egin zuten. Hiru pisu zituen etxeak eta behekoa hartu zuten».
Itzuleran, Torrean bizitzen
Hegoaldera behin betiko pasata, Torrean hasi ziren bizitzen. «Anbrosio eta haren anaia Felix Torrean, eta Jose Xabier [Anbrosioren semea] karrera ikasten ari zen Burdeosen. Hortaz, bere ama bertan zegoen berarekin, baina hona etortzen zirenean Torrean egoten ziren. Anbrosio eta Felix han bizi eta hil ziren; Anbrosio 1966ko abenduan, eta Felix urte batzuk lehenago, irailaren 27 batean, Torrean».