Alkorta Elola, Juan Maria

Zubietan jaioa 1883/10/25ean (bataio agiria). Oria auzoan bizi zen. Brunet enpresan egiten zuen lan eta UGTko afiliatua zen. Gerra aurretik, bertako langile eta haien familientzat Brauliaenea etxean zabaldu zen ‘La Emancipación’ kontsumo kooperatibako sortzaileetakoa izan zen.

Kolpistek herria hartzeko atarian, Juan Mari eta bere emazte Maxima Txintxurretak alde egin zuten. 1937ko abenduan, Ondarretan espetxeratu zuten Santanderren atxilotua izan ondoren. Epaitua izan zen eta Errepublika garaian ezkerreko mugimendua laguntzeagatik 3.000 pta-ko isuna jaso zuen. Ordaindu ostean aske geratu zen 1938ko apirilean. Kartzelan zegoela bere emaztea hil egin zen.

Haien seme Ramon Alkorta Txintxurretak ere errepresioa jasan zuen. Milizianoa zen UHP (Unios Hermanos Proletarios) batailoian eta Gipuzkoako eta Bizkaiko defentsan aritu zen borrokan. Bizkaia kolpisten esku erori zenean, atxilotu egin zuten eta Duesoko espetxean (Kantabrian) egon zen preso. Lan behartuak egitera kondenatu zuten eta gero Valentziara eraman zuten soldadutza egitera. 1942an geratu zen aske. Handik lau urtera, Adoracion Etxeberria Furundarenarekin ezkondu zen.

Aipatzekoa da Adoracionen amak -Balbina Furundarena Atxega aginagarra- bi seme izan zituela aurrez izandako ezkontza batetik. Bi seme horiek, Agustin eta Eusebio Illarramendi Furundarena, Usurbilgo milizietako kide izan ziren eta Errepublikaren alde borrokatu zuten. Eusebiok bizia galdu zuen Ubideako frontean (Bizkaia). Balbinaren iloba bat ere –Joxe Mari Furundarena Begiristain– Tolosan fusilatu zuten kolpistek 1936ko urriaren 3an.

Iturria:

Bataio erregistroa mendez.mende.org

‘Testigantzak-Testimonios – Lasarte-Oria 1936-48 ‘- Islada Ezkutatuak 61-64 orriak + Argazkia

‘Urnieta 1936-1945’ II liburukia – 139. orria –

 

Errepresaliatuak