Pedro Julian Agirre Gallastegiren senideak
Kolpistek Meaga inguruan fusilatu zuten Bautista Aginaga usurbildarrarekin batera 1936ko urriaren 1ean
Izenak:
Pilar eta Mari Kruz Huegun Agirre, Jose Luis Huegun
Elkarrizketaren data:
2022/04/12 – Usurbil
Elkarrizketatzaileak:
Arantxa Manterola eta Ion Martin
Irudia:
Usurbil 1936 elkartea

«Bere amari ez zioten utzi ezta muxu bat ematen ere»
Pilar Huegun Agirre
Pilar Huegun Agirre (90 urte) eta Mari Kruz Huegun Agirreri (biak ala biak Pedro Julianen ilobak) eta Jose Luis Hueguni (Pedro Julian bere amonaren anaia zen) jaso genien testigantza 2022an.
Pedro Julian Agirre Gallastegi Elgoibarko Legarda baserrian jaio zen 1912ko irailaren 17an baina txikia zelarik familia Aiara joan zen bizitzera. Olaskoaga-azpi baserrian bizi zen. «Bi baserri ziren, Olaskoaga goia eta Olaskoaga azpi, bietan ere senide zuzenak bizi ziren» argitzen du Jose Luisek.
1936/10/1ean hil zutenean 24 urte zituen eta soldaduzka egina zuen. Lasarteko Michelin enpresan egiten zuen lan. Familiak ez daki inolako afiliazio politiko edo sindikalik zuen edo ez.

Umetxo bat bazen ere, Pilarrek gogoratzen du Pedro Julian igande batez ereman zutela atxilo. Mainalinzelai (Maintzelai) baserriko tabernan (beren etxetik beherantz) kartetan ari zela, bi-hiru gizon joan omen ziren Olaskoagoa-azpira eta bere gurasoei galdetu ea Pedro Julian non zegoen. Ezer susmatu gabe, non zegoen esan zieten. «Gizon horiek ez ziren uniformatuak. Herriko hiru gazte ziren, bi oriotar eta aiar bat. Denak dakigu zein ziren» diote [ez dute izenik eman nahi]. Pilarrek eta bere gurasoek etxetik ikusi zuten nola eraman zuten atxilotua.
Fraide batek jaso zituen bere gauzak
Hurrengo egunean Pedro Julianen ama arropa batzuk eramatera joan zen Orioko udaletxeko kartzelara. Eta orduantxe ateratzen ari omen ziren: «Elkarri muxu bat ematen ere ez zieten utzi» dio Pilarrek bere amari entzundakoa gogoratuz. Egun berean (atxiloketaren biharamunean) hil zuten. Gerora jakin zuten Zarauzko fraide baten bitartez konfesatzeko tartea utzi ziotela (ez jaunartzekoa) eta hark Pedro Julianek emandako kartera, erlojua eta beste bere gauza batzuk entregatu zizkion familiari gerora. Fraide hura, berarekin batera erail zuten Bautista Aginaga usurbildarra konfesatu zuen bera zen, Segundo Bilbao izeneko Zarauzko franziskotarra. (Ikus hemen Maria Luisa Aginagaren testigantza).
Zergatik eraman zuten atxilo ez dakite zehatz mehatz baina familian beti entzun dutenez, frankistek eskopeta guztiak entregatu behar zirela ordena emana zuten. Pedro Julianek Michelinen berarekin lan egiten zuen norbaiti komentatu omen zion konfiantzan berak etxean bazuela eskopeta bat gordeta (ehiztaria zen eta bat gorde omen zuen) eta gero hark salatu ote zuen.
Bazekiten non hil zuten eta non hobiratu zituzten eta maiz amonarekin [Pedro Julianen ama] joaten omen ziren bertara errosarioa errezatzera. (Ikus hemen Erramun Jauregi Etxaberen testigantza)
Gorpuak atera 44 urte geroago
1980/07/13an Bautista Aginagaren eta bere hezurrak lurpetik atera zituztenean, familia bertan izan zen, baita gero Usurbilen egindako mezan ere. Hurrengo egunean Aian egin zioten hileta-elizkizuna eta bere gorpuzkinak bere arreba baten panteoian sartu zituzten.
Familian gaia ez zen asko aipatzen. Beldurra zuten. «Negarra eta tristura handia» eragiten zuen gaia zela ziurtatzen dute hirurek.

2022ko maiatzaren 14an bi fusilatuei omenaldia egin zitzaien erail zituzten leku berean, Meaga inguruan, Oikia-Zumaiako lurretan. Oroimen gune gisa finkatzeko oroitarri bat kokatu zen bertan.
