Galarmendi Aizkorreta, Josefa
*Usurbilen jaio zen 1917/08/24an. Kalezarreko Kaxkonean bizitakoa. Ezkongabea, ‘Solidaria’, hau da, SOV-STV sindikatuko kidea, eta SRI erakundeko kidea. Sukalde lanetan aritu zen 1936/08/25tik aurrera, Usurbilgo Gerra komisaldegiko miliziana gisa.
Bere aita, Joxe Galarmendi Balerdi, faxistek fusilatu zuten 1936/11/02an Zizurkilen, eta bere bi anaia, Ramon eta Baleriano, Otxandioko frontean hil ziren, egun berean, Errepublika eta demokrazia defendatzen.
2025/04/29an Gurutz Aranaga Aldalurren (Urrestila, 1945) testigantza jaso genuen. Bere guraso Antonio Aranaga eta Maria Aldalurri entzundakoaren arabera, kolpistek Usurbil hartu zutenean, bertako herritar askok alde egin zuten Urola aldera. Aita, ‘Auntxa’ trikitilari ezaguna zen eta maiz jotzen omen zuen Usurbilgo Kalezarren erromeria zegoenean. Hortaz, lotura asko zuen bertako jendearekin.
Bada, Bizkaiarantz alde egin zuten jende andanaren tartean, usurbildar talde handia, hemeretzi bat lagunez osatua, ‘Auntxaenea erretegian’ ostatu hartu zutela esan zigun Gurutz Aranagak. Emakume bat ba omen zen tartean, gerora Usurbilera itzuli zena. Orduan jakin omen zuen bere aita fusilatu egin zutela. Kontatutakoarengatik emakume hura Josefa Galarmendi zen. Litekeena da ere bere bi anaiak talde hartan izatea. Josefa itzuli zen baina bere anaiak Otxandion hil ziren.
‘Auntxa’ trikitilaria gerra ondoren ere Kalezarrera etortzen jarraitu zuen eta bertakoengatik jakin zuen Josefa Donostiara joan zela bizitzera. Han zendu zen 1977an.
iturria:
Centro Documental de la Memoria Historica PS BILBAO 93 E1 F225
Centro Documental de la Memoria Historica PS SANTANDER OIPA 2 F401
‘Usurbilgo baserriak eta baserritarrak’, 372 orria (Josu Tellabide)
