Luziano Arriaga Arrillagaren alaba
Bere aita gudaria izan zen. Preso hartu zuten 1937an Otxandion eta hainbat kartzelatan gon zen.
Izena:
Begoña Arriaga Intxausti
Elkarrizketaren data:
2021/07/16 – Usurbil
Elkarrizketatzailea:
Arantxa Manterola
Irudia:
Ibai Arrieta del Pico

«Begoñako elizan babestuta zeudela, inoiz alaba izaten bazuen izen hori jarriko ziola promes egin zuen»
Begoña Arriaga
Luziano Arriaga, nekazaria ogibidez, Usurbilgo Izquierda Republicanako presidentea zen. Gerra hasi zelarik 40 urte zituen. Milizietan eman zuen izena eta kolpistek herria hartu zutenean errepublika defenditzera joan zen. Hainbat frontetan aritu zen borrokan 1937ko apirilean Otxandion preso hartu zuten arte. Besteak beste, Gasteizen, Ondarretan eta Sevillan egon zen giltzapean.
Luziano erabat aske geratu zenerako 49 urte zituen. Laister ezkondu zen Josefa Intxaustirekin eta jarraian bost seme-alaba izan zituzten.
Begoña alaba zaharrena apenas gogoratzen da bere aitaz, oso txikia baizen hil zenean. Aitortzen du ezer gutxi dakiela gertatutakoaz. Bera zaharrena izaki, bere anai-arrebak are eta gutxiago oroitzen dira. Gainera, amak ere ez zuen aitak gerran igarotakoaz hitz egiten: «Gu umeak ginen. Eta aitarekin horrelako gauzez ez nuen hitz egiten (…) Nik zazpi urte nituen hil zenean. Zaharrena nintzen». Zer edo zer gerora kontatzen ziotenak «Antonio [Antonio Aranburu, berarekin frontean ibilitakoa], gure albazea zena, edo osaba Inaxio [Inazio Intxausti Azurza] ziren». Biak ala biak ere gudari izan ziren.
Aitaren joera politikoaz galdetuta, entzuna du errepublikanoa zela nahiz eta ideologia zehatza ez duen ezagutzen: «Ez dakit de izquierda baina beti errepublikanoa aditu det nik».
Ondo gogoratzen duena, aldiz, bere izenaren jatorriaren inguruan kontatzen ziotena da. Nonbait gerra gori-gori zenean, Bilboko Begoña Amaren elizan babestuta zeudela, bere aitak promes egin zuen: «hantxe horrelaxe zela [beldur zela keinua egiten du] Bilboko Begoñako elizan, promesa bat egin zuela handikan bizirik ateratzen bazan, ezkontzen baldin bazen gaur edo bihar, neska izaten bazuen Begoña izendatuko zuela eta mutila bazen Mikel. Eta halaxe egin zuen».
Hainbat kartzeletan preso eduki zutela ere entzuna du baina ez daki zehatz-mehatz non: «Sevillako kartzelan bai, Sevilla edo Cadiz hor nonbait Ondarretakoan bai, igual bai, adituko nuen zerbait, me suena…»
Gutunak galdu
Motzanea familia etxean gartzeletako gutunak bazirela oroitzen da. Bere anaia Joxe Leonek ere gogoratzen du Andaluziako hirien izeneko zigilu-markak zituzten gutun-azalak eta, behar bada, Luziano aitak bere anaia Juanitorekin [hura ere preso egondakoa] trukatutakok izango zirela uste dute. Baina gerora «Bai, kartak baziran Motzenean puf, baino… bai ganbaran armairu batean. Karta haiek desaparezitzea neri pena ematen zaiak».
