Andatzako fronteko borrokak Andatzako frontea deiturikoa batez ere Donostiako defentsarako eta Gipuzkoa mendebalderantz tropa kolpisten aitzinapena oztopatzeko eratu zen. 1936ko abuztu bukaerarako posizioa oso ondo gotortua zegoen, lubakiez (*) eta alanbre-hesiez gerizatuta eta Belkoainetik eta Donostiatik, idiak baliatuta, ekarritako kanoiez babestua. Bazuen ere tropa errepublikazale nabarmen bat. Haren defentsan gudan ibili ziren gudariak, batez ere, […]

Andatzako fronteko borrokak

Andatzako frontea deiturikoa batez ere Donostiako defentsarako eta Gipuzkoa mendebalderantz tropa kolpisten aitzinapena oztopatzeko eratu zen. 1936ko abuztu bukaerarako posizioa oso ondo gotortua zegoen, lubakiez (*) eta alanbre-hesiez gerizatuta eta Belkoainetik eta Donostiatik, idiak baliatuta, ekarritako kanoiez babestua.

Bazuen ere tropa errepublikazale nabarmen bat. Haren defentsan gudan ibili ziren gudariak, batez ere, Bilbo aldetik baina baita ere Errenteria, Donostia, Eibar edota Asturiesetik etorritakoak ziren. Usurbildarrez osatutako miliziek laguntza logistikoa eta komunikazio eta informazio lanetan aritu ziren.

1936/9/8ko ‘Euzkadi’ egunkarian Andatzako borroken aipamena

Lehen tiroketak 1936ko irailaren 2an jazo ziren arren, Pablo Cayuela teniente-koronel frankistaren azpi-zutabearen erasoak, egiaz, irailaren 5ean hasi ziren. Irailaren 16an, Donostiako ebakuazioa hasi eta lau egunetara, kolpisten esku zegoen Andatzako posizioa.

Hamaika egun iraun zuten borrokaldi bortitz haiek dozenaka hildako eta beste horrenbeste zauritu utzi zituzten. Errepublikaren defentsan aritu zirenen aldean, 19 hildako eta 55 zauritu dokumentatu ditugu. Kolpisten aldean izandako bajen datu zehatzik ez dugu lortu. Aipatzekoa da Euzko Gudarostea sortuko zuen Kandido Saseta komandantea fronte honetan zauritua suertatu zela 1936ko irailaren 5ean.

(*) 2022 eta 2023an egindako ikerketa arkeologikoaren ostean berreskuratutako lubaki horietako batzuk ikusgai dituzu ibilbide honetan.

Informazio gehiago: https://usurbil1936.eus/gudalekuak/andatzako-lubakiak/