T-4 lubakia Andatzako lubakietan eragin handia izan dute 1950eko hamarkadatik abian jarritako baso landaketek. Horregatik, lubakira lotutako materiala eta jatorrizko morfologia desagertu egin dira. Hala ere, suebakiaren ondoan dagoen lubaki hau da gerraren aztarna arkeologikoak hobekien gorde dituena. Hain zuzen, 2022ko indusketa arkeologikoan 800 pieza baino gehiago berreskuratu ziren bertan. Askotariko izaera dute, baina materialaren […]

T-4 lubakia

Andatzako lubakietan eragin handia izan dute 1950eko hamarkadatik abian jarritako baso landaketek. Horregatik, lubakira lotutako materiala eta jatorrizko morfologia desagertu egin dira. Hala ere, suebakiaren ondoan dagoen lubaki hau da gerraren aztarna arkeologikoak hobekien gorde dituena.

Hain zuzen, 2022ko indusketa arkeologikoan 800 pieza baino gehiago berreskuratu ziren bertan. Askotariko izaera dute, baina materialaren %95,5 gerra-materiala da. Gainerako %4,5 eguneroko bizitzako gauza eta objektuek osatzen dute, hala nola botila-hondarrek, toska- eta metal-platerek, latek edo mahai-tresnek edo egunkari-hondarrek, baina baita arkatz edo alpargata batek ere.

Lubaki horren kokapena estrategikoa da Andatza mendiaren babes sistemaren mendebaldeko aldea kontrolatzeko. Posizio altu bat da, hego-mendebaldera begira dagoena, eta Eskaltzu-Ziordia mendi-adarrera (Usurbilen eta Zizurkilen arteko mugan) begizko kontrola izatea ahalbidetzen du. Euskarri nagusia zen Peusgarate eta Ondarbiribil mendien artean, eta frontearen lerroa mendi garaietatik Zarateaitzeraino zabaltzen zen, Hernio mendiraino eta harago.

Garaitu gabeko posizioa

Ikerketa dokumentalak erakutsi digu matxinatuek hainbat eraso burutu zituztela frontearen lerro horren kontra, baina ezin izan zutela posizioa hartu. Lubaki horretan egindako indusketa arkeologikoan ikusi ahal izan dugunez, tropa errepublikarrek gogor egin zieten aurre kolpista-bandoaren erasoei haien artean hildako eta zauritu ugari eraginez.