T-2 lubakia Andatzako defentsa-sisteman hobekien kontserbatutako lubakia dugu honakoa. Berez, bi lubakiz osatua dago, 8 x 5 metroko “T” forma hartuz. Lehenengoak ekialde-mendebalde orientazioa du, eta babesteko zein erasotzeko, bietarako balioko luke. Bigarrena, hegoaldetik iparraldera begira, goian beste lubaki batekin elkartuko litzateke, baina lotura hori galdu egin da. 1936ko abuztuaren hasieran, herriko eta kanpoko milizianoek […]

T-2 lubakia

Andatzako defentsa-sisteman hobekien kontserbatutako lubakia dugu honakoa. Berez, bi lubakiz osatua dago, 8 x 5 metroko “T” forma hartuz. Lehenengoak ekialde-mendebalde orientazioa du, eta babesteko zein erasotzeko, bietarako balioko luke. Bigarrena, hegoaldetik iparraldera begira, goian beste lubaki batekin elkartuko litzateke, baina lotura hori galdu egin da.

1936ko abuztuaren hasieran, herriko eta kanpoko milizianoek Andatza mendia eta inguruak gotortu zituzten lubakiekin, era horretan Usurbilen defentsa-lerro luze bat ezarriz. ‘Euzkadi’ egunkariak 1936ko abuztuaren 29an zioenez, Donostiako hiria faxisten erasotik defendatzeko sortu zen defentsa-lerroak 50 kilometro zituen eta Usurbilgoa horren zatia zen.

Egindako indusketetan, beste lubakiekin alderatuta, honetan objektu gutxi topatu dira: espainiar Mauser fusilen bala-zorro batzuk eta beira zatiak. Segur aski maldan kokatua  egoteak eta gerra osteko urteetan egindako baso-lanek aztarna asko ezabatu ditu.

Dena den, defentsarako puntu estrategiko garrantzitsua izan zen. Mendebaldera begira, Belkoain eta Buruntza mendiak kontrolatzera bideratuta hain zuzen. Izan ere, abuztuaren bukaeran tropa kolpistek mendi horiek bereganatu zituzten eta frontea hamabost egun luzez finkatuta geratu zen haien aurrez aurre, Donostia erori eta tropa errepublikarrak erretiratu ziren arte.