Milagros Pagola Aizpurua

Patxi Aizpurua Alkortaren iloba

Osaba kolpistek fusilatu zuten 1936ko urriaren 10ean Orioko mendatean

Izena: 

Milagros Pagola Aizpurua

Elkarrizketaren data: 

2021/4/22 – Usurbil

Elkarrizketatzaileak eta edizioa:

Arantxa Manterola eta Aitor Azurki

Irudia:

Ibai Arrieta del Pico

«Amonak ez omen zuen sinesten eta aitak jertse pusketa ekarri omen zion bera zela konbentzitzeko»

Milagros Pagola

Urdaiaga-San Estebango Zabalea baserrian seme-alaba ugari ziren. EAJ-ko militanteak eta errepublikazaleak izaki, 1936ko kolpe militarraren ostean asko inplikatu ziren errepublikaren defentsan. Hala, Nikolas, Patxi eta Joxe Ramon bikiak eta Eustakiok, Usurbilgo milizietan antolatu ziren. Kolpistek herria hartu zutenean, larrutik ordaindu zuten beren konpromisoa, batez ere, Patxi Aizpurua Alkortak, inolako epairik gabe, Orioko mendatean exekutatu baitzuten.

Haien iloba Milagros Pagola Aizpuruak gertaera haiek familian utzitako arrastoa azaldu  digu, berak osabak ezagutu ez zituen arren. 1936ko udazken gorabeheratsu hartatik abiatu da:  «Egin omen zuten osaba Nikolasen bila joan… eta bera ihes egina zegoen. Orduan harrapatu omen zituzten bi anaiak Eustakio eta Patxi;  biak hartu eta  eraman zituzten. Eguna ez dakit. Bakarrik esango dizut Lasarteko kuartelean egon zirela».

Milagros Pagola Aizpuruari elkarrizketa

Bi anaietatik bat -Eustakio- egun batzuetara etxeratu zen (ikus aske nola geratu zen Ainara Lizeagaren testigantzan 1’12”-2’48” pasartea). Alta, Patxi nora eraman zuten «ideiarik ere ez omen zeukaten». Urteak pasata ere, Milagros Pagolak gogoan du bere senitartekoaren tristezia: «Pena izaten zuen, osaba Eustakiok, nahi izan bazuten ihes egiteko probabilitate ikaragarriak zeuzkatela, ze pelotan ibiltzen omen ziren Lasarteko frontoian. Eta pena hori; ez zutela behin ere pentsatu horrelako desastrerik egingo zietenik».

Simoneako Raimundo Illarramendik ere ez zuen nonbait halako zoritxarra aurreikusi, Txokoaldeko zubia errepublikazaleek hondatu ostean, Patxi atxiloturik zeramaten soldadu kolpistek ibaiaz beste aldera bere alan pasatzera behartu zutenean (ikus Itziar Illarramendiren testigantza 6’35” -7’56” pasartea)

Gau batean ate joka

Berri txarra urriaren 10eko gau hartan iritsi zen Zabaleara: «Eta egun batean, Zabaleako atea jo omen zuten gauean. Eta inork aterik ireki nahi ez. Beldurra. Hainbesterainoko beldurra omen zeukaten! Eta amonak [Patxi-ren amak] esan omen zien: ‘Ireki ezazue, gure mutilak igual ditun-eta. Aiako mutil gazte bat omen zen. Nola lau lagun fusilatu zituztela Aia gainean, Zarautz eta Orio gainean… Hura etorri zitzaienean esan omen zien ‘‘esan didate bat zuena dela’ [Patxirengatik]. Berak ez zituen ezagutu ere egingo, baina ez dakit nondik, edo karneta zuen… ez dakit nola enteratuko ziren».

Gazte harekin joan ziren Patxiren gorpuaren bila: «Orduan joan omen zen gauean Aia gainera, gure aita, Eustakio Pagola, eta hark ikusi omen zituen: omen zeuden lau lagun, elkarren gainean bezala, eta emakume bat. Eta emakumea oraindik bizirik omen zegoen, arnasa hartzen omen zuen! Eta laguntzeko hasi omen zen aita eta buelta eman zionean, plast gelditu omen zen. Hori omen zen Zizurkilgo maestra».

Inguruko baserritarrak astoa utzi eta haren gainean eraman zuten Patxiren hilotza Zarauzko hilerrira senide batzuk zeukaten panteoian hobiratzeko. «Nik ez dakit besteekin zer gertatu zen, gurea behintzat Zarautzera eraman zuten» dio Milagrosek

Amona, bitartean semea hil ziotela sinetsi ezinik: «Amonak ez omen zuen sinisten, ‘ez da posible, ez da posible gure Patxi izatea han hila dagoena’ eta aitak ekarri omen zion jertse pusketa amona konbentzitzeko bera zela». Gainera hiletarik edo antzekorik egiteko ezintasunak familiaren samina areagotu zuen.

Gorpua desagertu

Urteetara jazoera harrigarria ere bizi zuten familian. Hala kontatzen du Milagrosek: «Gero gertatu omen zen: gorputza desagertu. Eta uste omen zuten Zarauzko Aizpuruatarrek Zabaleakoek atera zutela gorputz hori, eta Zabaleakoek uste omen zuten haiek atera zutela. Eta orduan -ez dira urte asko, e?- nire koinadoak horiek bilduarazi zituen Zabalean: bazkari bat, hori bai, nik gogoan daukat, nola esplikatu zuen: ‘Ba guk uste genuen zuek atera zenutela’. ‘Bai, eta guk uste genuen zuek atera zenutela gorputza handik’. Gure osaba Patxiren gorputza non dagoen, ni rastro».

Gerrako desmasien Zarauzko kontuk landu dituen Amagoia Gurrutxaga idazleak berari esan omen dio ez dela hango hilerritik «desagertutako» gorpu bakarra. Horrek, gerra bukatu eta urteetara Francok ‘Erorien Haranera’ eramateko bahitu zituen milaka hilotzen artean bere osabarena ere egon zitekeela susmoa piztu dio Milagrosi nahiz eta datu zehatzik ez duen.

Salataria, burumakur

Patxi nork salatu zuen inguruan ordea, susmoa baino, ziurtasuna omen zeukan familiak:  «Esaten zuten [bere osabek] Aginagako Ezpaldiberriko tabernan karta-jokoan jolasten ari zirela, diskusio bat izan zuela osaba Patxik beste batekin, eta hark salatu zuela… hori seguru dakite. Zergatik dakite seguru? Ba, lehen baserrian ibiltzen omen zen beraiekin, baina fusilatu eta gero, pasadizoan burua makurtzen omen zien… Sospetxak bazituzten bera izango zela. Eta tontakeria bat izan behar zuen… Karta-jokoan diskusio bat izan zutela … diosalik ere egin gabe, burua makurtzen zuela».