Itziar Illarramendi Muxika

Francisco Illarramendiren alaba eta Lukas eta Antonioren iloba

Aita, Usurbilgo milizianoa. Bere bi osabak gerran ibiliak, biak kontrako frontetan.

Izena: 

Itziar Illarramendi Muxika

Elkarrizketaren data: 

2021/12/17 – Usurbil

Elkarrizketatzailea:

Arantxa Manterola

Irudia eta edizioa:

Ibai Arrieta del Pico

«Guk interes handirik ez eta beraien aldetik, isiltasuna. Orain gustura jakingo genituzke beren sentimenduak»

Itziar Illarramendi

Txokoaldeko Simonea baserriko familian gerraren ondorioak gertutik ezagutu zituzten arren, ez ziren kontu horiek asko aipatzen etxean. Familia abertzalea zen eta baserriko lanetan, anguletan eta bertan zeukaten tabernan jarduten zuten. «Hitz egiten ziren bi edo hiru gauzatxo, betikoak, baina keba! guk ez geneukan interes handirik eta beraien aldetik, isiltasuna (…) Beraien sentimenduk eta gauza horiek orain gustura jakingo genituzke» adierazi du Itziar Illarramendik.

Patxi, Lukas eta Antonio hiru anaiak, era desberdinean izan bazen ere, zuzenean hartu zuten parte garai hartako gertakari gogorretan. Gerra hasi zenerako, Patxi bere aitak jada soldadutza egina zuen Ferrolen eta Michelinen ari zen lanean. Enpresa militarizatua zegoenez, ez zuten frontera bidali. Haatik, Errepublikaren defentsan Usurbilgo milizietan eman zuen izena..

Itziar Illarramendiri elkarrizketa

Familiak ez daki zehazki istripuz edo nola gertatu zen, baina 1936/9/12an tiroz zauritua suertatu zen: «Aitak esaten zigun [Usurbilgo] batzokitik atera zenean tiro bat bota ziotela eta justu-justu hanka azpian eman ziola. Bakarrik dakigu justu Matistenea aurrean bota ziotela».

Bi osabak kontrako frontetan

Lukas osaba zaharragoa ere milizianoa zen baina hark, nazionalistekin frontera joateko hautua egin zuen. «Beti entzun izan dugu frontean, trintxeretan eta aurrean ibili zela, nazionalistekin, Bilbo aldean, Santanderren. Lehengusuari [Mari Karmen Mitxelena] esan zion gero preso hartu zutela eta etxera ekarri zutela, eta anguletan ibiltzen zuten kamioi handia, Ford-a, hartu eta eraman zutela nazionalek berarentzako lana egitera Delta del Ebro ingurura» dio Itziarrek.

Osaba Antonio gazteena, berriz, mobilizatu egin zuten kolpistek eta Terueleko frontean ibili zen borrokan: «Ez dakit zenbat denbora egin zuen gerran eta nola baina han zauritu zuten eta nahiko gaizki egon zen, ze birikitan nonbait bala bat sartu eta atera egin zitzaion. Ondo jarri zenean etxeratu zen eta ez zuen jarraitu beharrik izan gerran. Uste dut, gainera, bi aldiz zauritu zutela, hankan ere bazuen zauria» kontatzen du bere ilobak.

Berritzabarrenan ere, tristura galanta

Itziarrek gogoan du bere ama Juanita Mujikak ere askotan aipatzen zuela haren etxean -Berritzabarrena baserrian- gerrak utzitako aztarna: «Amak kontatzen zuen  tristura handia zegoela baserrian, ze aita hila zuten eta hiru ahizpa, ama eta bi anaia ziren. Eta bi anaiak eraman zituzten nazionalak. Julio eta Benito Mujika Salsamendi. Badakit lehenengo kartzelan egon zirela. Zergatik? Pentsatzen dut nazionalistak zirelako. Eta gero, seguru asko, gerrara eramango zituzten».

Aitona Raimundoren ala

Beste pasarte ahaztezina kontatu omen dio berrikitan bere lehengusuak aitona Raimundo Illarramendiri buruz. Errepublikazaleek kolpisten aitzinatzea oztopatzeko Txokoaldeko zubia kaltetu ostean, erabilezina zegoen. Hala, gau batean, Guardia Zibilak Raimundo presaka ohetik aterarazi eta anguletarako alarekin Zabaleako Patxi Aizpurua [gerora fusilatuko zutena] ibaiaren beste aldera pasatzera behartu zuten. Anekdota ere gertatu omen zen:  «Asuntua da Patxik parrez alan esan ziola, ‘Raimundo dotore zoaz apreta bakoitza kolore batekoa’. Zenek pentsatuko Patxi bueltan ez zela etorriko… ».

Simonea familiak zuen taberna itxi egin zioten eta, gerra ostean, 1940ean irekitzea eskatu zutenean, ukatu egin zioten Francoren «kausa nazionalaren aurka beti erakutsitako aurrekariengatik».