Josebe eta Martxiel Goenaga

Jose Goenaga Gorritiren arreba eta anaia

Anaia preso eduki zuten soldadutzako baimen batean Hernioko erromeriatik ekarritako kolorezko zintak (ustez ikurriñarenak) soinean eramateagatik.

Izena: 

Josebe eta Martxiel Goenaga

Elkarrizketaren data: 

2021/04/27 – Usurbil

Elkarrizketatzaileak:

Arantxa Manterola

Irudia eta edizioa:

Ibai Arrieta del Pico

Josebe eta Martxiel Goenaga

«Kriminal bat bezala, eskuak lotu eta bi guardia zibilen tartean eraman zuten eta ama atzetik, negarrez»

Josebe Goenaga

Gaur egun sinestezina litzateke agian Jose Goenagari (eta berarekin batera beste hamar lagunei) gertatutakoa. Baita, seguru asko, bere senideei ere orduan, baina hala izan ziren gauzak garai hartan.

Kolpistek Usurbil hartu zutenean berehala mobilizatu zuten Joxe: «Joxe 18 urterekin gerrara joan zen. Kinta bat aurreratu zuten, gerrarengatik. 19kin joan beharrean, 18rekin eraman zituzten gerrarengatik. Aitak eta nik lagundu genion trenera eta aurreneko biajea egin zuen Pamplonara eta handik Madrilera eraman zuten» kontatzen dute Martxiel eta Josebe bere anai-arrebek. Madrilen zela, baimen bat lortu eta etxeratu zen Joxe eta egun haiek probestu zituen Hernioko erromerira joateko. «Permiso batekin [1941ean] etorri zen bi edo hiru egun etxera eta Hernioko festak ziren, irailean..

Kontua da, hurrengo egunean Joxe atxilo eraman zutela: «Behintzat hurrengo egunean, astelehenean, etorri zen Guardia Zibilaren pareja bat Lasartetik eta kriminal bat bezala, eskuk lotu eta bi guardia zibilen tartean eraman zuten. Eta ama atzetik, negarrez» dio Josebek.

Zazpi urte guztira

Handik aurrera, soldadutza bukatu arte, ez zuen bizimodu erraza izan Joxek: «Antiguoko kartzelara eraman zuten, Ondarretara. Eta lehengusu batek koltxoia pasa zion.. eta nik bizikletan mantak ere bai eraman nituen. Erroparik apenas ematen zieten. Lurrean lo egiten zuen, Igeldo menditik zetorren uraren gainean egiten zuten lo (…) ur zikina edategatik harrapatzen zen gaitza ere izan zuen, soldadu askok harrapatzen zuten eta denbora asko pasa zuen ospitalean (…) Gero, kalabozora, Loiolako koartelera eraman zuten. (…) nik uste det kalabozoan eta kartzelan, hiru bat urte, bai…  bietara bai. (…)gerra zela, kartzela zela, eta istoriak… denetara zazpi urte pasa zituen Joxek» kontatzen dute.

Martxielek gogoan du bisitatzera joan zirela: «nik bi arrebekin kuartelean bisitatu nuen, kuarteletik ezin zuen atera-eta. Jai batean joan ginen eta kuartelean bertan, bi eskoltekin… hori pekatua egin zuen zintak ekartzeagatik eee?» asaldatzen da. Zinta haiek, ordea, kolore berezikoak izan… «txuria, gorria eta berdea ekarri zituzten eta…» nabarmentzen dute berarekin batera, gutxienez, beste bi herrikide ere atxilotu zituztela gogoratuz, «Potxoneako Joxe Migel [Irastorza] eta Kintinen arreba [Jesusa Segurola]».

Bautista Aginaga fusilatua, «etxekoa»   

Garai hartako kontu asko dituzte gogoan. Izan ere, etxean politikaz asko mintzatzen ziren: «guk politika kontu asko hitz egiten genuen. Ohitura genuen».

Bereziki oroitzen dute Juan Bautista Aginagari gertatutakoa, oso «etxekoa» baitzuten: «Gure etxean asko ibiltzen zen aitarekin herrero laguntzen. Oso etxekoa zen. Eta aita hil zitzaion bera gudaritan Bilbon-edo zebilela eta abisatu zien. Eta entierreko egunean, pentsatu zuen ‘ni sartuko naiz, trenean joanda, izkiña batean’ baina atera zenerako elizatik zain zeuzkan… Herrian zegoen txibatoa, herrian zeuden. Eta eraman zuten zubi gainera eta han fusilatu zuten».

Berarekin batera Meagan erail zuten Aiako Pedro Julian Agirre ere aipatu dute eta bien hezurrak atera zituztenean Usurbilen egindako oroimen meza ere bai: « jai arratsalde batean ekarri zituzten, eta entierroa egin zitzaien, oso polita. Txistulariak atera ziren Alperro aldera eta etorri ziren elizara. Igeldoko Don Fabian Loidi apaizak, oso nazionalista zenak» egin omen zuen hileta elizkizuna «hezurrak hilerriko Gaztañagakoen panteoi txikian» sartu aurretik.

Herriko beste kontuk

Gerrak usurbildar artean izandako eraginaz ere asko dakite Josebek eta Martxielek. Bi adibide emateko, kolpistak Usurbilera sartu baino lehen, Markesenean [Saroe jauregia] nazionalistek kuartela jarri zutenekoa eta parean egiten zituzten guardiak: «Gure Joxe eta mutil gazteak, soldadutzara joan baino lehen, herriko gazteak… gure etxean ez zuen ba eskopetik izango, ez dakit zeinek utziko zion, eskopeta zahar batekin egiten zituzten guardik herrin eta Markeseneko aurrean tokatu gure Joxe eta norbaiti alto esan, ‘zuk ezin dezu pasa hemendik’, gu baino handikiago bati». Edota, Ezkaban preso zegoen Felipe Aierbek zergatik ez zuen ihesaldi famatuan parte hartu: «Felipe Aierbe. Mikeleta. Hori ere kartzelan egon zen San Cristobalen. Ihesaldian han zegoen. Teodorok [Aranburu] kontatzen zuen Felipek berak kontatu ziola alde egiteko asmotan zela baina monja batek ez joateko, segituan hilko zutela, eta konbentzitu egin omen zuen ez alde egiteko».