Maria Pilar Maiz Belastegi

Kalezartarra, 1943an jaioa Usurbilen

Bere gurasoei, osabari eta auzokoei gerra garaiko eta ondorengo gertakizunez entzundakoak, batez ere Kalezarren bizi zirenei buruz.

Izena: 

Maria Pilar Maiz Belastegi

Elkarrizketaren data: 

2021/07/16 – Usurbil

Elkarrizketatzaileak:

Arantxa Manterola

Irudia eta edizioa:

Ibai Arrieta del Pico

Maria Pilar Maizi elkarrizketa

«Kalezar oso erreboluzionario zen»

Maria Pilar Maiz

Maria Pilarrek bere senideengandik edo auzotarrengandik jasotako zenbait datu eman dizkigu, aurrez genituen informazioak osatzeko edota konfirmatzeko baliotsuak izan direnak.

Hala, Antonio eta Bixente Larramendi Galdona anaiei buruz, biak ala biak, gazteak izanagatik ere errementari finak zirela esaten omen zuten, Esteban Galdona osabak irakatsitakoak: «nire gurasoei eta osabei entzun izan diet bi anaia horiek nola Esteban herreroaren ilobak  zirela, bere arreba Balbinaren semeak. Oso ondo ikasitako ofizioa zutela, errementari oso iaioak zirela, gainera. Osabarekin lan egiten zutenak eta oso langile trebeak eta oso ondo ikasitako ofizioa zutela». Kastorrenean bizi ziren eta errementeri tailerra ere bertan zuten.

Larramendi bi anaiak gerran hil

Hori, jakina, gerra aurretik ze kolpearen ondoren bi anaiak errepublika defendatzera joan ziren eta bertan utzi zuten bizia: «Gero gerrak harrapatu zituela, eraman eta berriro bueltatu ez, han bukatu zutela. Gerra joan ziren eta biak garbi (…) Biak errepublikarrak ziren».

Haien ama Balbinak ez zuela bizitza samurra izan gehitu du Maria Pilarrek: «Tokatu zitzaion ederrak pasatzea hari ere… Bizi-alarguna zen. Ezin zuen gizona harekin bizi… maltratador… ikaragarria! Ikaragarria! Eta orduan ba apartatu edo bidali… ez dakit zer egingo zuten… horretarako hobea izango zen. Bizi-alarguna, askoz hobe!» Antonio eta Bixente bi semeak galdu ostean, Balbina Kalezarretik kanpora joan egin zen neskame baina maiz etortzen omen zen bisitan auzora, izan ere Kalezarrekin oso lotua omen zegoen.

Mujitarrak, “Zapatarienekoak”

Maria Pilarrek badaki bere auzoan nazionalistak ez ezik, ezkertiar asko zegoela: «Oso erreboluzionario zen Kalexar». Ezkertiarren artean Mujitarrak aipatzen ziren auzoan. Francisco aitari buruz, esaterako, entzuna du duela urte gutxira arte auzoan zegoen Sagrada Familiako monjen konbentua babestu zutela, ezkertiarrak izanda ere: «nik dakit monjak hor konbentua zeukatela eta Mujika aitak, Praxku ‘Zapaterok’, askotan esaten omen zien “nosotros cuidamos esto, con las pistolas en la mano, cuidamos al convento”… ez ziren oso konbentu zaleak izango noski, baina nonbait habitazio hori han zegoen, mojekin, eta zaindu egin zuela…» Gatazka pasa ondoren Praxkuk eta konbentuko moja atezainak askotan komentatzen zutela «beraiek [“gorriek”] salbatu egin zituztela».

Santos [Mujika] seme zaharrari buruz, berriz, Maria Pilarrek entzuna dio bere osabari, gerra hasi zenean Santosek egin zuen aurreneko lana markesari kotxea kentzea izan zela.

Usurbilgo Erretorea

Hainbat iturrietatik Julian Azpiroz Usurbilgo apaiza nagusiaz jaso dugun datua ere berretsi du Maria Pilarrek: «Entzuna dut ere, erretorea hemendik alde eginda egon zela gerra garaian Aiako Izuela baserrian. (…) Hemengo mutil gazte nazionalistak eraman zutela zaldi gainean. Eta gerora berak zigortu gainera!»