Herriguneko memoria ibilbidea / Bolatokiaren gainean

6 – Bolatokiaren gainean. Andatzako borrokak Hemendik Andatza mendia ikus daiteke han aurrean. Donostia defendatzeko eta Buruntzaldetik zetozten faxisten aurreratzea oztopatzeko, lubakiez osatutako borroka frontea egon zen bertan, defentsa-lerro zabalago baten zatia izan zena. 1936ko abuztu hasieratik jada herriko eta kanpoko milizianoak defentsa prestaketak egiten aritu ziren. Aurrez aurrekoak, berriz, abuztu bukaeratik irailaren 16ra arte […]

6 – Bolatokiaren gainean. Andatzako borrokak

Hemendik Andatza mendia ikus daiteke han aurrean. Donostia defendatzeko eta Buruntzaldetik zetozten faxisten aurreratzea oztopatzeko, lubakiez osatutako borroka frontea egon zen bertan, defentsa-lerro zabalago baten zatia izan zena.

1936ko abuztu hasieratik jada herriko eta kanpoko milizianoak defentsa prestaketak egiten aritu ziren. Aurrez aurrekoak, berriz, abuztu bukaeratik irailaren 16ra arte jazo ziren. Bertan borrokatu zuten gudari eta miliziano gehienak kanpokoak ziren: Errenteria, Eibar, Bilbo, Donostia, Pasaia, Asturies…  Miliziano usurbildarrek logistika eta informazio lanetan laguntzen zieten, batez ere. 

Bi astez borroka gogorrak izan ziren bertan. Momentuz 19 hildako eta 55 zauritu dokumentatu ditugu errepublikazaleen artean. Kolpisten aldean, datu-bilketa konplexuagoa izaki, soilik dakigu dozenaka baja izan zituztela. 

Bitxikeria moduan, aurrez aurreko batailetan izan ez bazen ere, Andatzako fronteko lehen hildakoa eta azkenekoa usurbildarrak ziren: Jose Aburruza eta Santiago Urdanpilleta. Nabarmentzekoa ere, 1936/09/05ean Kandido Saseta komandantea bertan zauritua suertatu zela. 

2022 eta 2023ko udetan indusketa arkeologikoak1 egin ziren eta, hala, zenbait lubaki berreskuratu eta Andatzako Oroimen Ibilbidea seinaleztatu dugu. Ibilbide hori inauguratzeko bisitaldi antzeztu bat egin zen 2024ko  apirilaren 13an. 


  1. Indusketa arkeologikoetan aurkitutako materiala ikusgai hurrengo geltokian ↩︎