5 – Askatasuna plaza. Kolpisten errepresioa
Usurbil 1936ko irailaren 18an kolpisten esku geratu zen. Errepublikazaleen eta abertzaleen aurkako jazarpena berehala hasi zen. Atxiloketak eta fusilamenduak, alegia. Zazpi herritar exekutatu-fusilatuak izan ziren hurrengo asteetan: Bautista Aginaga, Patxi Aizpurua, Joxe Mari Furundarena, Joxe Galarmendi, Jose Heredero, Kosme Yaguez eta Romana Zubiria.
Fusilatu haien eta Errepublikaren defentsan hildako, zauritutako edota errepresioa jasandakoen oroimenez, 2006an aitortza-omenaldi hunkigarria egin zen hemen, Askatasuna plazan honetan, Aitzaga elkartearen eskutik. Orduan jarri zen hor goian dagoen plaka eta bereziki omendu ziren orduan oraindik bizirik zeuden Antonio Aranburu eta Manuel Goenaga gudariak.

Euzko Gudarostean eta Errepublikaren aldeko beste batailoitan ere borrokatu ziren zenbait usurbildarren memoria-gune ere izan nahi du leku honek. Esaterako, Txokoaldeko Kaximiro Aginaga Artxandako borroketan hildakoarena edota Inazio Intxausti, gudan gogor aritu ostean, erbestea eta kontzentrazio eremuak ezagutu zituen gudariena.

Momentuz, Errepublikaren alde hildako 33 lagun dokumentatu ditugu (usurbildarrak edota Usurbilen hildakoak) eta kolpisten aldean, berriz, 17. Kontuan izan azken horietan derrigorrez mobilizatutako asko ere bazirela.
Azken urteotan Usurbil1936 elkarteak hainbat oroimen ekimen burutu ditu. usurbil1936.eus EKIMENAK atalean ikusgai.