4 – Olano etxea. Emakumeak Gerran Arlo askotan bezala, gerra garaian ere emakumeen ekarpena bigarren planoan geratu zen. Alabaina, konpromiso zuzena hartu zuten hainbat emakume miliziano dokumentatu ditugu, hori bai, gehienak atzeguardiako lanetan aritutakoak: zaintzan, zerbitzuetan, sukaldean… Errepresioa eta jazarpena pairatutakoak ere izan ziren. Faxistek herria hartu eta gutxienez bati ilea moztu zioten (Juana Izagirre). […]

4 – Olano etxea. Emakumeak Gerran

Arlo askotan bezala, gerra garaian ere emakumeen ekarpena bigarren planoan geratu zen. Alabaina, konpromiso zuzena hartu zuten hainbat emakume miliziano dokumentatu ditugu, hori bai, gehienak atzeguardiako lanetan aritutakoak: zaintzan, zerbitzuetan, sukaldean…

Errepresioa eta jazarpena pairatutakoak ere izan ziren. Faxistek herria hartu eta gutxienez bati ilea moztu zioten (Juana Izagirre). Beste batzuk erbestera jo behar izan zuten, gehienetan seme-alabak bere gain hartuta: Jaxinta Agirre, Maria Irastorza, Gregoria Lizarralde… Espetxeratuak ere izan ziren: Bernarda Aranburu; lanetik botatakoak: Eugenia Arruti telefonista, Maria Olariaga maistra…, baita fusilatutako bat ere: Romana Zubiria (Donostian bere senarrarekin).

Hemen aurrean dagoen eraikinaren ordez, Olano etxea zegoen garai artean. Emakume Abertzale Batzako militanteak hemen biltzen ziren. Manuela Olano etxeko alaba zen haien buru. EAJ-ko emakumeen sailean, nagusiki euskara, kultura, euskal tradizioak eta abertzaletasuna sustatzeko ekintzak egiten zituzten. Testigantza batzuek diotenez, faxistek sartu zirenean, hainbatek isunak jaso zituzten.

Beste emakume usurbildar baten aztarna ere lortu dugu baina hura, frankisten alde aritutakoa. Saturrarango emakume espetxean zaindari egondako Sor Angeles izeneko moja, hain zuzen, preso egondako hainbaten esanetan, presoekiko jarrera oso krudela izan zuena. 

Informazio gehiago: Emakumeak gerran