3 – Saroe jauregia. Errepublikazaleen kuartela  Aurrean duzun XVII mendeko jauregia Murua markesgoaren jabetzakoa da eta gerra garaian familiaren bizilekua zen. Gatazka gainera etorri zitzaienean, ordea, etxetik alde egin zuten eta Errepublikaren aldeko miliziak bere kuartela ezarri zuen bertan. Batez ere nazionalistak egoten ziren hemen, bide batez, eraikina bera babesteko ere bai. Izan ere, beren […]

3 – Saroe jauregia. Errepublikazaleen kuartela 

Aurrean duzun XVII mendeko jauregia Murua markesgoaren jabetzakoa da eta gerra garaian familiaren bizilekua zen. Gatazka gainera etorri zitzaienean, ordea, etxetik alde egin zuten eta Errepublikaren aldeko miliziak bere kuartela ezarri zuen bertan. Batez ere nazionalistak egoten ziren hemen, bide batez, eraikina bera babesteko ere bai. Izan ere, beren aliatu “gorriek” hondatuko zutela beldur baitziren.

Kale hau orduan bide nagusia zen eta kontrol puntua jauregi parean ezarri zuten. Arma oso urriak zeramaten, askotan norberaren ehizako eskopeta. Soilik aginte graduko milizianoek zituzten pistola edo antzekoak. 

Irailak 12an pasarte bortitza jazo zen etxe honetan. Hernaniko Jose Barrenetxea basozainak Cesareo Martinez miliziano komunista jazarri zuen honaino han egin omen zituen txikizioengatik. Jauregiko baratzera sartu eta aurrez aurreko hartan  basozainak milizianoa hil zuen tiroz. Segidan, kuartelean zeuden errepublikazaleek bera hil zuten. 

Bide hau izan zen, halaber, Donostia erortzear zegoela, handik alde egin zuten milaka herritarren exodoaren lekuko.

Tropa kolpistek Usurbil hartu zutenean, Saroe jauregia beren operazio-gune bilakatu zen aste batzuetan bederen. Murua familia bertara itzuliko zen gero.

Beherantz doan San Esteban kalea, urteetan Luis Soroa kalea izan zen, kolpisten alde 1937/06/14an Lemoatxeko borroketan hildako 18 urteko erreketearena. Heroitzat hartu zuten eta bere ohorez kale hau eskaini zioten.