8 – Udaletxea. Usurbil kolpisten esku.
1936/09/17an, arratsaldeko 16:00etan, Antonio Sagardia Ramos komandante kolpistaren zutabea Usurbilera sartu zen. Hiru egunetara, faxistek beren aldeko udalbatza izendatu zuten, Jose Antonio Maioz Manzisidor alkate jarrita.
Eta, jakina, berehala “erregimen berriaren” aldeko erabakiak hartzen hasi ziren. Horien artean, Jesusen Bihotzaren estatua udal-aretoan jartzea eta eskola guztietako gurutzeak bedeinkatzea (erregimen faxistak berebiziko bidelagun izango zuen eliza katolikoaren boterearen lekuko), diru-ekarpenak egitea ejertzito faxistaren egiturei, gerra-ontzi berriak eraikitzeko (‘Baleares’ edo ‘España’ korazatua, esaterako), hildako Emilio Mola jeneral faxista ohoratzeko Usurbilgo elizan egindako hileta-elizkizunetarako edo Círculo Tradicionalistak (karlistak) bandera [espainola] omentzeko prestaturiko festetarako e.a.
Horrekin batera, udal-administrazioan aritutako zenbait langileen purga hasi zuten: maistrak, medikua, lurperatzaile, idazkaria… Aipatzekoa da, Dionisio Rekondo Irazu udal-idazkaria, ideia nazionalistak zituela-eta, kargugabetu eta gerora, deserriratu egin zutela.
Behin garbiketa eginda, oraindik irauten zuen gerran tropa kolpistak indartzeko, kintoen antolaketa azkarrak egin zituzten. Politika horren baitan herriko gazte asko, mehatxuz, listatzera behartuak izan ziren, –Julio Mujika edo Domingo Salsamendi, esaterako– eta aurkeztu ez ziren beste batzuk desertoretzat jo zituzten.
Hortik aurrera denok ezagutzen duzue historia: 40 urteko diktadura gogorra, Euskal Herriko eta Estatu espainiar osoko herrietan bezala, gurean ere, usurbildarron bizitza erabat baldintzatu zuena.